Datozen lau urteetan Amezketako Udala gidatuko du Mikel Arteagak (1992, Amezketa). Alkate bezala lehen aldia badu ere, ezagun ditu udaletxearen nondik norakoak, joan den legealdian alkateorde izan baitzen. Pozik hitz egin du herritarrek ekimenak antolatzeko duten iniziatibaren inguruan, eta «horrelaxe jarraitzea» eskatu die. Esku artean hainbat proiektu dituzte, besteak beste, uren saneamendurako sarea egitea, herri basoetan lanak hastea, Larrondoko larreak hobetzea eta Jauregiko hirigintza eremua desblokeatzea.
Lehen agintaldia duzu. Nola sentitzen zara?
Alkate bezala lehena baldin bada ere, aurreko agintaldian ere aritu nintzen alkateorde. Beraz, esku artean ditugun proiektuen gainean egon naiz, aurretik dakit zer daukagun esku artean eta ez da zerotik hastea bezala. Ezberdina da kanpotik sartzea, eta alde horretatik ondo.
Nolakoak izan dira jarduneko lehen asteak?
Ondo, gustura egia esan. Jendea etorri da eskaerak egiten, baina zentzudunak izan dira guztiak eta gehienei irtenbidea eman diegula esango nuke. Ekitaldi asko ere egon dira: gazteek gazte eguna antolatu zuten ekainean, mondejuarena egin dugu duela gutxi, beste herritar batzuk zaldi martxa ere antolatu dute... Jendea gauzak antolatzeko gogoz dabil, eta alde horretatik oso gustura gaude. Baina horrek ere dakarren lan kargarekin.
Zein proiektu dituzue datozen lau urteetarako?
Lehen hilabete hauetan egin ditugu batzuk, adibidez, programan iragarri genuen haur txikientzako parkeari estalkia jartzea eta hori dagoeneko egin da. Zazpiturriko uren ibilbidea ere inauguratu berri dugu, eta bestela esku artean ditugun lanak izango lirateke: herri basoetan lanak hastea, duela 30 bat urte egin ziren landaketak eta ordutik lan batzuk egin gabe daude; Larrondoko larreen hobekuntza ere bai; orain gabiltza Jauregiko hirigintza eremua desblokeatu nahian...
Horrez gain, Gipuzkoako eremu bakarretakoa gara, zeinak oraindik ez duen ur saneamendurik eta ur zikinak errekara botatzen diren. Lan horiek hurrengo bi hilabeteetan hastea espero dugu eta horrekin batera bidegorriarekin lotuko ditugu Ugarte auzoa eta Amezketa, eta Ugartera gasa sartzeko ere baliatuko dugu. Arrondo auzoko baserrietara kamioiak iritsi ahal izateko irtenbide bat bilatzen ere ari gara; Jaurlaritzarekin ere hitz egiten ari gara eskolan igogailua jartzeko... Eta aurreikusten dugu legealdi honen lehen erdian berrituko ditugula farola guztiak, San Martin parkea eta baita hilerria ere.
Zailtasunik aurreikusten al duzue?
Larrondon ondo ari gara, ganadu zaleekin elkarlanean ari gara eta baita Foru Aldundiarekin ere; badira urte batzuk horretan lanean gabiltzala eta nik uste ondo joango dela. Ur saneamenduarena lotuta dago eta proiektua orain lizitazio fasean dago; hemen ere aurretik hasitako lanketa bukatuta dago, baina obra bera erronka handia izango da. Herri mailakoa izango da eta denok hartu beharko dugu pazientziarekin: elizatik hasi eta Ugarteraino zulatuko da lurra. Behin lanak bukatutakoan dena ondo geratuko da, baina bitartean pazientzia dezente eskatuko digu. Jauregiko hirigintza eremu hori ere... Badakigu etxebizitzaren kontua herri txikietan ez dela batere erraza, eta hor ere sor litezke arazoak.
Alkate bezala zer eskatuko zenieke amezketarrei?
Hasieran esan bezala, gauzak antolatzen-eta laguntzen badigute niretzat nahikoa da. Dena martxan jartzen udaleko taldea ibili beharrean, herritarrek ekimenak proposatzea eta haiek antolatzea luxua da. Horrelaxe jarraitzen badute, nik ez dut beste eskaerarik.