“Beti joan izan gara Nafarroa aldera, Doneztebe eta Lesaka aldera, han antolatzen dituzten zaldi martxetara. Oso politak izaten dira, eta hangoek esaten ziguten ea Amezketan egingo genuen egunen batean. Azkenean elkartu ginen lagunak behin afari giroan, berotu egin ginen, eta horrelaxe sortu zen”. Ugaitz Galartza amezketarraren hitzak dira, bihar egingo duten Amezketako I. Zaldi Martxaren antolatzaileetako batenak. Zaldi ibilaldia izango bada ere biharko ekitaldi nagusia, behin horrelako ekintza bat antolatzen hasita, egun guztirako egitaraua osatu dute.
Martxak berak “bost bat ordu” iraungo duela kalkulatu dute. 08:00etan elkartuko dira Amezketan, eta gosaldu ondoren abiatuko dira. Larrondo ingurutik pasatu ondoren, Azkaratera (Nafarroa) iritsiko dira, eta hamaiketakoa egingo dute han. “Berrindartu, eta Bedaiora joango gara gero”, esan du Galartzak. Bedaiotik Ugartera joango dira, eta handik, berriro, Amezketara. Behorrek eta zaldiek ura eta janaria prest izango dute plazan, eta zaldunek bazkaria egingo dute Amezketako Beartzana jatetxean.
Egunak berak “gehiagorako” ere emango duela azaldu du Galartzak, ekitaldia antolatzean ez baitzuten pentsatu zaldi martxa bakarrik egitea: “Udalarekin hizketan aritu ginen, eta herriarentzako ere zer edo zer egingo genuela pentsatu genuen. Udalak zahagi-sagardoa jarriko du frontoian, eta norberak eraman beharko du bere afaria”. Tabernekin ere hitz egin zuten antolatzaileek, “eta ez dute arazorik gauean tabernak irekita mantentzeko. Beraz, herrian festa sortzea da asmoa”. Bide batez, jendeak bihar “zaldiak ikusteko aukera” izango du. “Eta ea, horrela, mundu hau gehiago ikusarazteko aukera dugun”, esan du Galartzak.
Txartel guztiak salduta
Zaldi martxan parte hartuko dutenek 50 euro ordainduko dituzte gosariaren, hamaiketakoaren eta bazkariaren truke. Zuzenean Beartzana jatetxera deitu eta bazkaltzera joateko aukera ere badago, zaldi martxan parte hartu ez arren. Hasieratik, 30 parte hartzaileren muga jarri zuten martxarako, eta jada ez dago tokirik. “Horrelako zerbait antolatu dugun lehen aldia da, eta animaliekin goaz. Ikusi egin beharko dugu zer jarrera duten”, adierazi du Galartzak. “Horregatik pentsatu dugu apal hastea. Ondo ateratzen bada, hurrengo urtean kopurua handitu egingo dugu”.
Galartzak txikitatik du zaldiekiko afizioa, familian behorrak eduki izan dituztelako baserrian. “Behorretan ibiltzen hasi, gustatu, bi lagun elkartu, eta zaldian ibiltzera joango ginela adostu genuen behin. Jende gehiago ezagutu genuen gerora, eta, behin gidabaimena lortuta, atoiarekin malgutasun handiagoa geneukan edozein lekutara joateko”. Biharkoaren gisako martxen aitzakian “egun-pasa politak” egiten dituztela gaineratu du Galartzak, eta “mendian eta naturan egoteko aukera” izaten dutela.
Galartzak ziurtatu du oso harreman berezia sortzen dela zaldunaren eta aberearen artean. “Niretzat, zakur bat bezalakoa da zaldia, edo are bereziagoa”. Amezketarrak azaldu du zaldiek ulertu egiten dutela pertsona. “Eta eurena ematen dute. Gaizki daudenean, esan egiten dizute, kexatu egiten direlako, eta ondo daudenean ere bai. Mimoak ere eskatzen dituzte… Ume txikiak bezalakoak dira guretzat”. Galartzak gaineratu du zaldiek jakiten dutela belazera jatera edo buelta bat ematera doazen. “Buelta bat ematera joatean, gustura ateratzen dira paseoan, eta uste dut zalduna eta zaldia oso gustura ibiltzen direla”.
Hasiberriak ere bai
Aurreneko martxa izanik, hasiberriek ere parte hartu ahal izango dute bihar. “Ez dugu esperimentu arrarorik egin nahi; lasai egingo dugu dena, bide onetatik, pistetatik”, esan du Galartzak. Auto bat jarriko dute atoi batekin, zaldiren batek ferraren bat galdu edo animaliaren bati zerbait gertatuz gero, bila joateko. Horrek lasaitasuna emango die antolatzaileei.
Nafarroan zaldi martxak egiteko afizio handia dagoela ziurtatu du Galartzak. “Tira, hemen ere badago afizioa”, gehitu du. “Badakit Amezketan jende asko ibiltzen dela zaldian eta batzuek ez dutela izena eman martxan. Agian, ez dute ibili nahi hainbeste zaldirekin batera”. Nafarroakoa “ezberdina” izaten dela kontatu du, hala ere. “Han kuadrillako batek norbaiti zaldia uzten badio, hura animatu egiten da parte hartzera. Hemen gehiago kostatzen zaigu”. Amezketa, Abaltzisketa, Asteasu, Zaldibia, Azpeitia, Zarautz eta Doneztebeko parte hartzaileak izango dituzte bihar.