Ekitaldiz beteriko urria

Tolosaldeko Ataria 2023ko urr. 10a, 18:00

Zazpitturriko Uraren Ibilbidea prestatu du Amezketako Udalak.

Askotariko ekitaldiak izango dituzte alegiarrek urrian; bihar, Zazpitturriko Uraren Ibilbidea aurkeztuko dute.

Urri betea dute Amezketan. Asteburu guztietarako jarduerak antolatu dituzte, eta horiek askotarikoak eta herritar guztiei zuzenduak dira. Udaletik esan dutenez, Amezketa «bizi-bizirik» dago eta horren isla da, hain zuzen, «herrian dagoen eskaintza oparoa». Udalaz gain, herriko eragileek ere «berebiziko lana» egiten dutela ekitaldiak antolatzen nabarmendu dute, eta eskerrak eman dizkiete guztiei.

Bihar, esaterako, udalak prestatu duen Zazpitturriko Uraren Ibilbidea inauguratuko dute. Zazpitturri Amezketako «altxor handienetakoa» dela zehaztu dute. «Aralarren egiten duen euria harkaitzetan filtratu eta lur azpian pilatzen da, gero, lur azpiko erreketatik bidaiatu eta zatirik handiena Zazpitturrin ateratzen delarik. Gune natural garrantzitsua dugu beraz Zazpitturi. Aralarko parke naturalean kokaturik, biodibertsitaterako funtsezko lekua da, amezketarron gehiengoak ere bertatik edaten dugu, papertegiak ere Zazpitturriko ur garbia erabiltzen du eta Zazpitturri zentralean elektrizitatea sortzen da bertako urarekin», adierazi dute Amezketako Udaletik. Bada, herriarentzat garrantzia duela kontuan hartuta, herritar orok ezagutzeko egingo dute bihar aurkezpena. Pello Zabala gunetik hasita izango da, 11:00etan.

Etzi, berriz, kirolarekin loturiko hitzordu berezia izango da. Hain zuzen, Jokin Altuna amezketarraren eta Iñaki Artola alegiarraren arteko partida izango da, Lau eta Erdiko txapelketako final-laurdenetakoa. Larrunarri frontoian izango da norgehiagoka. 21:15ean hasiko da jaialdia, eta bigarren partida izango da Altuna eta Artola aurrez aurre jarriko dituena.

Larunbatean, estreinakoz egingo den Zaldi Martxa izango da. Herritar talde batek antolatu du ekimena, eta 08:00etan emango diote hasiera, Beartzanako aparkalekutik; lehenik, gosaria egingo dute. Ibilbidean zehar hamaiketakoa egiteko geldialdia egingo dute, eta martxa amaitu ondoren, bazkaria egingo dute Beartzana jatetxean. Arratsaldean trikipoteoa egingo dute herrian eta gauean afaria frontoian.

Hurrengo asteburuari begira, ostiralean, hilaren 20an, Auzolangintza dokumentala ikusteko aukera izango da. Iker Iriarte alegiarrak eta Pablo Dendaluze tolosarrak ondu dute lana, Tolomendi Landa Garapen Elkartearen enkarguz. 45 minutuko ikus-entzunezkoak auzolanaren iragana, oraina eta etorkizuna aztertzen du, gaur egun egiten diren auzolan jarduerak jasoz. San Martinen izango da, 19:30ean.

Ikus-entzunezkoekin jarraituz, hilaren 27an, Kobazuloak eta zaborra, ezkutatu ezin daitekeen errealitatea lana ikusteko aukera izango da, kultur etxeko aretoan, 19:00etan. Atariak, Oargi elkarteko hainbat kiderekin batera eginiko lana da, eskualdeko hainbat kobazulotan dagoen zaborrari buruz.

Egun horretan bertan, Diario Vasco Txapelketako pilota partidak izango dira, Larrunarri frontoian, 21:30ean. Hurrengo egunean, hilaren 28an, San Martingo Etxolaren itxiera festa egingo dute, eta urriko egitarau amaitzeko, gaztain jatea egingo dute Zazpitturri elkartean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!