Aurkariak guztiz nagusitu dira

Tolosaldeko Ataria 2023ko urr. 2a, 15:00

Argazkia: BAIKO

Jokin Altunak eta bere bikotekide Ander Imazek 22-6 galdu dute Joseba Ezkurdia eta Jon Mariezkurrenaren aurka Caixabank Masterseko finala.

Atzo Nafarroa Arenan jokatutako finalak kolore bakarra izan zuen, irabazleen gorria. Mariezkurrena II.ak izugarri agindu zuen atzeko koadroetatik eta Ezkurdiak baliatu zituen izandako aukerak. Urdinen aldetik Imazek ezin izan zuen Mariezkurrenaren kolpeei erantzun, eta Altunak ez zuen tantorik egitea lortu. Izan ere, urdinek ez zuten tantorik egin: bere markagailuko seiak aurkarien huts egiteak izan ziren. Partidaren azken partean, Imazek eskuina minduta zuen, eta horrek partida azkarrago amaitzea ekarri zuen.

Altunak burumakur hitz egin zuen ETBko mikrofonoetan: «Uda guztiko torneo bat da eta horrelako egun batera iristen zarenean, galtzean pena hartzen duzu, baina galtzen baduzu zurea emanda, edo aukera gehiago dituzunean, etxera gusturago joaten zara. Partida hasieratik hautsi egin da, eta guk ikusten genuen tanto egiteko komeriak genituela. Biak gainean genituen, mina egiten ziguten; asko jokatu egin dute eta kosta egin zaigu hasieratik».

Esku Pilota Enpresen Ligaren sailkapenean lehen postuan geratu da amezketarra: «Pozik nago horregatik, baina hori asteartean emango digute eta gaur [atzo] finala irabazi nahi genuen. Galtzea ez zaigu gustatzen eta bukaera arte aukerak izan nahi genituen, eta alde horretatik pena handia izan da». Udaren balantzea oso ona izan dela gaineratu zuen: «Garrantzitsua izaten da partida asko jokatu eta minik ez hartzea. Fisikoki ondo nago, eta eskuetatik ondo bukatu dut. Helburuak baditut orain eta horren bila joango naiz». Helburua Lau eta Erdiko Txapelketa da, asteburuan hasiko dena: «Garrantzitsua minik gabe egotea da eta alde horretatik aitzakiarik gabe joango gara».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!