Hurrengo asteko ostiraletik igandera ospatuko dituzte Ugarteko jaiak

Tolosaldeko Ataria 2023ko ira. 25a, 16:00

Ugarteko jaien egitaraua.

Urriaren 6an hasiko da jaietako egitaraua eta denetariko jarduerak antolatu dituzte igande iluntzera bitarte.

Datorren asteko ostiralean, urriaren 6an, hasiko dira Ugarteko jaiak. Arratsaldeko 19:30ean hasiko dute festa kanpai-jotzearekin, suziriekin eta buruhandiekin. Ondoren, bertso-poteoa egingo dute Angel Peñagarikanok eta Bixente Gorostidik girotuta. Eguna amaitzeko, berriz, herri-afaria izango da, eta jarraian erromeria Jon Ostolazaren eta Rakel Pujanaren eskutik. Atsedenaldian, toka-lehiaketa ere egingo dute.

Hurrengo goizean, 11:00etan meza izango da, eta 12:00etan hasiko dira herriko gazteen pilota-partidak. Arratsaldean, berriz, denetariko jarduerak izango dituzte haurrentzat zein gazteentzat: puzgarriak eta beste hainbat jolas, zaldian ibilaldiak Ugarten zehar eta txokolate-jatea.

Mus-txapelketa ere antolatu dute: 15:30ean zabalduko da izena emateko epea, bikote bakoitzak hamar euro ordaindu beharko ditu eta partaideetako batek, gutxienez, herritarra izan beharko du. Eguna amaitzeko, 21:00etan zahagi-ardoa egingo dute, eta 22:30ean hasiko da erromeria: Ansorregi eta Larrañaga; eta Izer eta Alabier trikitilariekin.

Iganderako ere antolatu dituzte ekimenak: meza nagusiak 11:00etan hasiko du eguna eta, jarraian, txakolin-dastaketa eta pintxoak egongo dira plazan Laja bi eta Narbaiza trikitilariek girotuta. Arratsaldean, ostera, herri-kirolen erakustaldia 18:00etan hasiko da: harria jasotzen arituko dira Ainitze Zumeta eta Lierni Osa; eta aizkoran, berriz, Aratz Mugerza eta Aratz Iruretagoiena (Izeta). Ondoren, ingurutxoa egingo dute eta sagardo-dastaketa, 20:30ean. Jaiak bukatzeko Laja Bi eta Narbaiza trikitilariek girotuko dute egun amaiera.

Herri afarirako txartelak

Ostiralean herri afarian elkartuko dira auzotarrak frontoian. Herri afari horretarako txartelak dagoeneko eskuratu daitezke Goikoetxea-enean, Arkaitzpen edo Ametzan. Helduek 26 euro ordaindu beharko dute eta umeek 12 euro. Txartelak erosteko azken eguna urriaren 3a izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!