Beste hilabetez zabalik izango dute Amezketako San Martin auzoko etxola

Ataria 2023ko irailaren 25a

Izatez, ostiral hau zuen azken eguna. Orain, urriaren 28ra arte jarraitzea erabaki dute kudeatzaileek. Ordutegian, ordea, aldaketak izango dira.

Ekainaren 9an egin zuten irekiera-festa, eta ordutik zabalik egon da uda osoan San Martingo etxola. Hasiera batean, ostiral honetara arte -irailaren 30era arte- eduki behar zuten zabalik, baina berriki erabaki dute urriaren 28ra arte luzatzea; kudeatzaileen hitzetan, “oso gustura” daudelako bertan “sortu den giroarekin”.

Dena dela, datozen asteetan ordutegi ezberdina izango du etxolak, hain zuzen, ostiraletik igandera irekiko dute: ostiraletan 18:00etatik 23:00etara emango dute zerbitzua; eta 11:00etatik 23:00etara, berriz, larunbatetan zein igandeetan. Gainerako egunetan itxita egongo da.

Izango da beste aldaketarik ere: udan zehar ostiral eta larunbat iluntzeetan Argaia Goena baserrikoek postu bat jarri dute etxola ondoan, afariak eskainiz. Bada, asteburu hau izango da azken aukera haien hanburgesak, saltxitxak eta ogitartekoak dastatzeko.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!