Mondeju eta ardo azoka egingo dute irailaren 30ean, Amezketan

Irati Saizar Artola 2023ko ira. 13a, 19:59

Mondejuak eta Amezketak duten lotura oinarri, festa eguna ospatuko dute Amezketan; herriko hamar mondejugileren pintxoak dastatu ahalko dira.

Amezketako Udalak, mondejuari balioa eman eta ondare gastronomiko bezala bultzatzeko, mondeju eta ardo azoka antolatu du irailaren 30erako. 11:00etatik 15:00etara, herriko hamar mondejugilek postuak jarriko dituzte eta Euskal Herriko zazpi upategietako hamalau ardo dastatzeko aukera izango da, plazan. 

Azoka egunean, herriko mondejugileak omenduko dituzte, 12:30ean egingo den ekitaldian. Mikel Arteaga Amezketako alkateak adierazi duenez, azokan izango diren hamar mondejugileak aurreko belaunaldietako mondejugileen ordezkari izan daitezen nahi dute, «beraiek direlako gure produktu kuttunaren babesle onenak, beraiek direlako mondejuaren enbaxadoreak, eta gorazarre egin nahiko geniekeelako Amezketaren izenean». 

Ondoren, 14:00etan, Loidi eta Lizeaga baserrietako ardi gisatua eta Oteiza Goikoa baserriko gazta jateko aukera izango da, herriko produktoreen eskutik.

Mondejuen postua jartzera animatu direnak Roxi Goñi eta Agurtzane Garmendia, Mari Jose Murua, Xatur Zabala, Katalina Murua eta Olatz Balerdi izan dira, eta Txindokiko Izaskun Altunak, Beartzanako Joxi Arsuagak, Ametzako Eva Altunak, Arkaitzpeko Jon Ruizek eta Ugarteko Goikoetxea tabernak ere postuak jarriko dituzte. Upategiei dagokienez, honako hauek hartuko dute parte: Hika, RBLD sagardoak, Aristu, Etxondoa, The Mozo, Gil Berzal eta Ulibarria. 

Goizean zehar, mondejua egiteko tailerra egingo dute eta haurrentzat garai bateko jolasak izango dira. Pintxoa eta tragoa dastatu nahi duenarentzat txartelak egongo dira salgai. Txartel bakoitza euro baten truke eskuratu ahalko da; mondeju pintxoak eta ardo gehienak txartel baten truke eskuratu ahalko dira eta zenbait ardo bi txartelen truke izango dira. Bestalde, kopak bi euroan salduko dira. 

Amezketa eta mondejua

Mondejuak eta amezketarrek «harreman berezia» izan dutela esan du Arteagak, bereziki, Aralar azpian aurkitzen direlako. «Mondejua ezin daiteke ulertu Aralar gabe, izan ere, artzainak garai honetan hasten dira Aralartik ardiak jaisten, eta zahartuta dauden ardiak, hortzik gabekoak edota antzuak kentzean, ardiki hori aprobetxatzeko egiten da mondejua».   

Mondejua egiterako garaian parte hartzen duen aktore garrantzitsu bat azpimarratu du alkateak: Amezketako emakumeak. «Haiek sortu eta mantendu dute mondejuak egitearen jakintza, belaunaldiz belaunaldi, transmisioa eginez». 

Emakumeekin batera, ostalaritzaren garrantzia ere nabarmendu du, «beraien bidez lortu delako publiko zabalago batengana mondejuak jateko aukera zabaltzea». Ugarteko Patrizio eta Goikoetxea tabernak ere aipatu ditu, «mondejuarengatik Ugarte ezagun» egin zutelako. 

Hori horrela, mondejuaren presentzia bultzatu eta indartu nahi du udalak, eta festarekin, mondejuaren denboraldiari hasiera emango diote. Abendu hasierara arte, beraz, aukera izango da herriko jatetxe eta tabernetan mondejua, ardi gisatua eta gazta dastatzeko.

Festa abiapuntutzat hartu nahi dute mondejuaren inguruan lanketa berezia egiten hasteko. «Mondejua eta Amezketa, zaletasuna baino gehiago da; kultura dago, artzaintza, baratzezaintza, harremanak, ospakizuna, sukaldaritza, gozamena, transmisioa, Aralar... eta herri baten harrotasuna», esan du Arteagak.

Lehen ekintza

Amezketako Udalak Tolosaldea Garatzenekin batera landu duen proiektua da honakoa. Olatz Ilarregi Tolosaldea Garatzeneko Turismo saileko arduradunak azaldu duenez, Tolosaldeko Turismo Jasangarriaren plana exekutatzen hasteko hitzarmena uztaila bukaeran sinatu zuten Eusko Jaurlaritzarekin, Europar Batasuneko Next GenerationEU funtsen finantziazioari lotura.

Plan horren baitan, Bertako produktuak turistari begira balioan jartzeko lan ildoa txertatu zutela kontatu du, eta hor kokatu zutela Amezketan mondejuaren inguruko lanketa egitearena. «Artzaintza, Aralar, ostalaritza eta udazkena. Turismo jasangarri baten ereduaren baitan osagai guztiak dituen produktua da». Plan horretako lehen ekintza izango da Amezketakoa. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!