Erabilgarri dago Amezketan berritu duten haur parkea

Ataria 2023ko ira. 7a, 07:58

Egurrezko estalkia jarri diote Beltzaren Plazaren ondoan dagoen haur parkeari eta lurzorua ere aldatu diote; haurrak errepidera ateratzea oztopatzeko hesi bat jarri dute.

Bi hilabete pasatxoko lanen ondoren, prest dago Beltzaren Plazaren ondoko haur parke berritua. Lehen zegoen eremuan mantendu da parkea, eta orain, herriko haur eta gurasoak euritik eta eguzkitik babestuko dituen estalkia jarri diote.

Egurrezko egitura duen estalkiak hiru alde guztiz irekiak ditu eta laugarrenak, iparralderantz eta errepiderantz geratzen denak, egurrezko babeslekua dauka. Horrez gain, argiztapena ere badu estalki berriak eta haurrak errepidera ateratzea oztopatzeko egurrezko hesia jarri dute espaloi ertzean.

Lan horiek egiteko parkeko elementuak lekuz mugitu behar izan dituztenez, lurra ere berritzeko aprobetxatu dute eta parkeko elementuen zati zaharkituak ere berritu dituzte. Horrela, itxura berria du eremuak.

Plasfoc enpresak egin ditu lanak eta 138.000 euroko kostua izan du. Udalak Leader diru laguntzetara aurkeztu du proiektua eta 55.000 euroko laguntza jaso dutela esan du Mikel Arteaga alkateak.

Zabor bilketaren tasa

2023 urteari dagokion zabor bilketaren tasa ordainketa irailaren 15etik urriaren 30era bitartean egin beharko dute amezketarrek. Zaborraren ordainagiria helbideratu gabe daukatenek, Kutxabank entitateko bulegoren batetik pasa beharko dute ordainketa egitera, aguazilak etxera eramandako ordainagiriekin. Epea errespetatzen ez duenak %20ko errekarguarekin ordaindu beharko du.

Helbideratuta daukatenei hilaren 15ean kobratuko zaie ordainagiria. Norbaitek helbideratu nahiko balu, udaletxera deitu beharko du datuak emateko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!