ELKARRIZKETA

«Eskola ez da nahikoa gizartea euskalduntzeko, motor sozialik ez badago»

Jon Miranda Labaien 2023ko ira. 9a, 07:59

Feli Etxeberria Sagastiume irakasle erretiratua. J. M.

Irakaskuntzan eman du bere bizitza profesionala Feli Etxeberria Sagastumek, eta beti hizkuntzarekin lotuta; eskola nazionaletan aurrena, ikastoletan ondoren, unibertsitatean bukatu du bere ibilbidea, katedradun gisa.

«Felipa, Felipa, Felipa», esaten zioten txikitan anai-arrebek amorrarazteko. Garai bateko ohitura jarraituz ama pontekoak bere izena, Felipa, jarri zion besoetako haurrari, baina berak nahiago izan du Feli izena erabili. Feli Etxeberria Sagastume (Amezketa, 1944), 13 senidetan zaharrena da. Bide urratzaile izatea egokitu zaio, etxean bezala, herrian, ikastolen mugimenduan eta baita unibertsitatean ere. Jakin-minak gidatu du bizitza osoan.

Amezketako Jauregi Txiki baserrian jaio zinen. Donostian eman dituzu urte asko eta orain Asteasun bizi zara. Zein harreman duzu zeure jaioterriarekin?

Harreman handia. Asteasun oso pozik bizi naiz, jende atseginarekin egin dut topo. Donostian ere urte asko eman ditugu eta han ere gustura sentitzen naiz, baina Amezketarekin dudana beste kontu bat da. Han sartzen naizenean, nire artean pentsatzen dut: «Hauxe da nire tokia». Zerbait berezia da niretzako. Pentsatzen dut lehenengo urteetako bizipenek afektiboki asko lotzen zaituztela leku batera.



Txikitako zein oroitzapen gordetzen dituzu?

Umea nintzela Amezketako mundua kalea, baserria eta artzainen artean banatzen nuen. Libreenak eta ondoen bizi zirenak fabrikakoak zirela ikusten nuen, neure buruan modernoagoak ziren. Eskailera horretan erdi parean zeuden baserritarrak eta ez zitzaidan gogoko artzain umeen bizigiroa, mendian denbora asko egiten zutelako. Pentsa ezazu horiek ziren nire haur denborako burutazioak. Beste datu kuriosoa zen harrotasuna sentitzen nuela gure etxea kamioaren ondoan zegoelako. Han egon eta han ibiltzeak kaleko lagunetara gerturatzen gintuen. Gogoan dauzkat apustuak egiten genituela Ergoneko umeekin. Esaten genien haiek baino gauza gehiago genituela guk kalean: udaletxea gurea zela, autobusak ere gureak zirela behealdeko garajeetan sartzen zituztelako, eta medikua eta idazkaria ere kalean bizi zirela. Haiek erantzuten ziguten Ergonen zeudela dendak, fabrika gertu zutela eta eliza bertan zeukatela. Dena den, guri eliza ez zitzaigun hainbeste gustatzen. Elizako giro hura, niretzat behintzat, gauza tristea zen.

Txikia zinela ernatu zitzaizun hizkuntzaren kontzientzia?

Euskara hutsezko giroan hazi nintzen, herri euskaldun batean, eta normaltasunez bizi nuen euskara. Bi hizkuntza bazirenaren aurkikuntza pixkanakakoa izan zen. Herriko dendara joan eta irratia entzuten nuenean konturatzen nintzen ez zirela gure hizkuntzan ari. Horrek kuriositatea eragiten zidan. Gogoan dut asko gustatzen zitzaidala beste hizkuntza hori ere, gutizi moduko bat zen, ez neukan eta eduki nahi nuen. Oraindik ere irudikatzen dut neure burua etxeko salan geneukan ispilu handiaren aurrean erdaraz ariko banintz bezala jolasten. Tutik ez nekien gaztelaniaz, baina imajinaziozko hotsak atera eta «está bien, está bien» eta horrelakoak esaten nituen, horiek baitziren erdaraz nekizkien hitz bakarrak. Aitak ere ez zekien erdaraz ondo, baina ez zitzaion batere axola eta jarduten zuen erdaraz, nola hala. Esaten zigun entenditzea eta adieraztea zela inportanteena eta ez genukeela lotsarik eduki behar gaztelaniaz hitz egiteko.

Herriko eskolan izan al zenuen gaztelanian murgiltzeko aukera?

Eskola handira iritsi arte ez. 3-4 urterekin eskola txikia esaten genion hartara joaten ginen. Artean haur hezkuntzak ez zuen ofizialtasunik eta edade horretan modu partikularrean egoten ginen Kontxesi izeneko maistra batekin. Uste dut karlista zela emakume hura. Gozo tratatzen gintuen. Neska-mutilak elkarrekin joaten ginen eskolara eta euskaraz egiten zigun, maistra euskalduna baitzen. Cara al sol abestiaren antzeko zerbait kantatzen ote genuen dut gogoan, baina baita euskarazko Nere ama txit laztana bezalako abestiak ere. Gero, eskola handira joan nintzenean, han bai, gaztelaniarekin egin nuen topo. Baina beste aurkikuntza tipo bat izan zen hura, negatiboa.

Estu hartu al zintuzteten eskola handian?

Estu edo. Hasierako bi urteetan asko sufritu nuen irakasleagatik. Oraindik ere haren aurpegia iltzatuta daukat gogoan. Zorrotza zen, oso emakume gogorra, niretzat behintzat. Beste bati galdetuz gero, agian esango dizu maistra ona zela, baina niri beldurra eragiten zidan. Hizkuntzan oinarritua da daukadan oroitzapen txarra. Guk euskaraz baino ez genekien eta irakasle horrek, euskalduna izanagatik, gaztelaniaz egiten zigun. Gogoan dut nola egiten genituen laboreak arratsaldeetan, trapu bat hartu eta hura brodatzen jartzen gintuen, errenkadan jarri eta berak esaten zigun zer egin behar genuen. Okasio horietako batean «enhebra la aguja» esan zidan eta nik ulertu ez. Askotan eskatuko zidan, noski, eta ni geldi-geldi. Hark interpretatuko zuen bere kontra joateko nire egoskorkeria zela eta ikusgarrizko zaplaztekoak eman zizkidan, izugarriak. Beldurra hartu nion eta ordutik aurrera bere aurrean negarrez egoten nintzen beti. Geroz eta negar gehiago egin, orduan eta gehiago zigortzen ninduen berak. Oso esperientzia gogorra izan zen. Gerora gogoeta bide izan dut orduan gertatutakoa, pentsatu izan dut ez dela hizkuntza bakarrik elkartzen gaituena, solaskidearen jarrerak ere baldintzatzen duela harremana. Hori esateko oinarritzen naiz maistra hark Amezketatik alde egin ondoren etorri ziren irakasleekin izan nuen harremanean. Maistra berri haiek ez zekiten euskaraz, erdara hutsean egiten ziguten, baina harreman afektibo estuagoa nuen beraiekin. Emakume politak zirela pentsatzen nuen: ezpainak pintatuta, azkazal politak, gazteak ziren... beste estilo bateko emakumeak ziren, alegia. Haien begirada bakarrik nahikoa nuen hobeto sentitzeko. Lasaiago egoten nintzen eta orduan sentitzen nuen ikasteko gogoa, haiek esandakoa ondo betetzeko nahia.

 

«Euskaraz baino ez genekien eta irakasle hark, euskalduna izan, eta gaztelaniaz egiten zigun»



Irakasle haiek ikusita sortu zitzaizun irakasle izateko bokazioa?

Neurri batean bai. Nola nire maistra berri horiek hain politak ziren eta nola haiekin afektiboki gustura sentitzen nintzen, esandako lanak batere ahaleginik gabe egiten nituen. Bestalde, etxeko giroa ere aldekoa nuen. Ez genuen giro zapaltzaile edo autoritarioa bizi eta gurasoek guk egiten genituen gauzak baloratzen zituzten. Ikastea gauza polita zela esaten zigun aitak. 9-10 urte nituela ama etorri zitzaidan ikasi egin behar nuela esanez. Maistra batek eta herriko apaizak esana zioten balio nuela ikasteko. Ilusionatuta zegoen ama, nahiz eta nik kezka banuen. Lehenengo alabarekin konprometitzen baziren atzetik zetozen guztiekin zer egin? Baserria pikutara joango zela ikusten nuen. Hala ere, amak argi esan zidan: «Lasai umea, aterako gara aurrera». Herrian baziren bi neska Gasteiz inguruko kolegio batera joanak, barneko ikasle, eta hara eraman ninduten. Ez nuen, ordea, bertan asko iraun.

Ez al zeunden gustura?

Ikastea gustuko nuen, baina gaztetxoa nintzen oraindik eta etxeko umeak faltan nituen. Setatsua nintzen gero. Gurasoek nirekin pazientzia handia izan zuten eta Tolosako Jesuitinetan ikasteko bidea egin zuten, baina han ere ni disgustura. Nire lehia zen handik nola alde egin; batetik eskapo egitea lortu nuenez, bestetik ere alde egiteko modua bilatzea zen nire enpeinua. Ate ondoan jarri eta soinu guztiak iruditzen zitzaizkidan Amezketakoak. Letxeroaren kotxea ez bazen, estankeroaren autobusa izango zen. Pentsatzen nuen: «Hemendik korrika batean atera, autobusari alto egingo diot eta han sartuta joango naiz etxera». Zelatan egoten nintzen kolegioko atezaindegia noiz egongo zabalik. Azkenean, karta egin nien gurasoei handik atera nintzaten eskatuz. Aita nire bila etorri eta etxera eraman ninduen, baina Amezketara iritsi bezain pronto izugarrizko erreduntasuna sentitu nuen. «Zer egin dut? Orain nola azalduko dut herriaren aurrean zergatik alde egin dudan? Ni nintzen kolegio batetik bestera zebilen ume hura, ikasle onaren fama zuena». Gurasoek berriro ere irtenbidea bilatu zuten niretzako. Batxilergorako sarbidea prestatu nuen herrian Oñatiko irakasle batekin, modu partikularrean, eta batxilergoa Tolosan egin nuen gero. Aprobatu eta argi nuen irakasle izateko ikasiko nuela. Donostiako eskolan eman nuen izena eta han egin nituen ikasketak.

Zer moduzko esperientzia izan zen zuretzat irakasle ikasketak egitearena?

Oso-oso gustura aritu nintzen. Ez nuen ikasketak egiteko zailtasunik sentitzen, ezta konplexurik ere euskalduna izateagatik. Frankismo garaian egin nituen ikasketak eta badakit irakasle gehienak zein joeratakoak ziren. Euskararik ez ziguten egiten eta bertako gaiak ere ez genituen jorratzen, baina ni moldatzen nintzen interesatzen zitzaizkidan mezuak jaso eta nirera ekartzeko. Asko gustatzen zitzaidan, esaterako, nola esplikatzen zigun irakasle haietako batek gramatika. Nire artean aritzen nintzen gero, euskaraz hori nola egiten ote zen pentsatzen.

Ikasketak amaitu eta berehala hasi al zinen irakasle?

Bai. Irakasle eskolan aukera eman ziguten nahi izanez gero eskola batean lan egiteko. Ikaskide gehienek nahiago izan zuten oposizioa prestatu irakasle postua ateratzeko eta Iruñeko eskola batera joan ziren. Asko ordaindu beharra zegoen eta nik etxekoak ez estutzeagatik nahiago izan nuen lanean hasi eta oposizioak nire kabuz prestatu. Nekane Iturbe ikaztegietarra eta biak Elgoibarko Alzola auzora joan ginen irakasle. Hango bainuetxeko parte batean moja italiar batzuk kolegioa zuten eta bertan hasi ginen irakasle. Nik askorik ez eta frantsesa irakasten nien, baina gazteak ginen eta lotsagabe xamarrak. Eskolak ondo prestatu eta han presentatzen ginen. Goizean lan egin eta arratsaldean oposizioak prestatzen genituen gure kabuz. Fede handirik ez genuen ikusita gure ikaskide izandakoek jardun osoz ari zirela prestakuntza egiten Iruñean. Baina azterketara aurkeztu eta aprobatu egin genuen. Hura poza. Munduko erregina sentitu nintzen. «Eskola bat izango dut, nirea», esaten nuen nire artean.

Nora destinatu zintuzten?

Errezilgo Erdoizta auzora, mendiko eskola batera. Nik txikitatik banekarren kezka hori. Baserriko umeei eta zailtasunak zituztenei laguntzeko gogoa sentitzen nuen, segur aski akordatzen nintzelako umetan eskolan pasa nuen esperientzia txarrarekin. Horretarako toki aproposa zen Erdoizta. Hango umeak baserritar puruak ziren, euskaraz baino ez zekiten, eta erdaraz gutxienekoa ere ez zuten ulertzen. Dena den, kosta zitzaidan han sartzea. Nik umeei gaztelania erakusten ahalegintzen nintzen euren berezko hizkuntzatik abiatuta. Igande goiz batean gurasoak ezagutzeko bilera bat egin nuen, eta kargu hartu zidaten haien umeei euskaraz egiten nielako. Umeei gaztelania erakustea nahi zuten. Orduan azaldu behar izan nien, horixe bera egiten saiatzen nintzela, euskaraz azaldu gero, erdarara pasatzeko. Konbikzio osoa nuen horrela izan behar zuela.

Elebitasunerako kezka hori betidanik izan duzu.

Bai. Ni elebiduna izan naiz betidanik, eta beti izan dut gogoa elebidun ona izateko. Erdoiztako guraso haiek gaztelania hizkuntza prestigiodun bezala zeukaten, eta horregatik nahi zuten euren umeek erdara ikastea, baina nire ahalegina zen euskaldunak izaten segi zitezen, gaztelania jakinik. Kontrara, urte batzuk beranduago hori defendatzea ez zen gauza erraza, gaztelania baitzen egin behar ez zen hizkuntza, euskara indartu behar bazen. Neurri batean egia da hori, baina erdaldunek euskaraz ikasiz gero haiek bi hizkuntza eduki eta gu bakarrarekin konformatu? Ez bakarrik gaztelania, geroz eta hizkuntza gehiago jakin, orduan eta hobeto izango denaren konbentzimendua dut. Beti saiatu izan naiz horretan. Nik sei urterekin zaplaztekoak jaso banituen gaztelaniaz ez jakiteagatik, ezin nuen beste ume euskaldun bat zaplaztekoa jasotzen utzi.

 

«Ezin nuen beste euskaldun bat zaplaztekoa jasotzen utzi, gaztelaniaz ez jakiteagatik»



Hizkuntzarekiko kezka horrek eraman al zintuen ikastolen mugimendura?

Erdoiztan nenbilela, Hiazinto Fernandorena Setien apaizaren gutun bat jaso nuen bilera baterako gonbita eginez. Duda eduki nuen joan ala ez, baina azkenean gerturatu nintzen. Bileran esan ziguten euskarak behar zituela irakasle euskaldunak. Eskola nazionalek bazituztela beren maistra eta maisuak eta irakasle euskaldun berriek indar guztiak ikastoletan jarri behar genituela. Konpromiso batean jarri ninduten, ez bainituen nire Erdoiztako umeak utzi nahi. Zalantza horiekin nenbilela etxekoei galdetu nien eta proba egin beharko nukeela erantzun zidaten. «Zer galtzen duzu?», galdetu zidaten gurasoek. Aurrerago ere irakasle postua hor edukiko nuela esan zidaten. Herriko Batiste Galartza lagunak, oso euskaltzale eta aurrerakoia, oso borrokalaria zenak eman zidan azkeneko bultzada: «Duda egiten al den? Segizan emakumea, eta sartu hadi hor». Kongregazio batean sartzea balitz bezala.



Ikastoletan aritu aurretik formazio berezitua jaso zenuten.

Bai. Johannes Etxeberri andereñoen erresidentzian sartu ginen 1964an, Pakita Arregi zuzendari. Lehenengo promozioko ikasle izan nintzen. Zortzi ikasle aritu ginen, hiruk Magisteritza eta ondorengo oposizioak irabazita eduki arren, ikastolarako bidea hartzea erabaki genuen. Esaten ziguten ez zela nahikoa guk irakasle eskolan ikasitakoa, eta prestakuntza berezia egin behar genuela ikastoletan aritzeko. Hasieran mesfidantza pixka batekin begiratzen nien: «Hauek zer jakingo dute nik dakidanaz edo ez dakidanaz». Niretzat, herrenak herren, balio bat bazuen karreran ikasitakoak. Erresidentzian emandako urtebeteko esperientziaren ondoren, eta gure arteko elkarrekintzari esker, konbentzimendua sendotzen joan zitzaidan: eskola on bat zen ikastola, berria, diferentea eta pedagogia berritzaileak erabiltzen zituena. Elbira Zipitria izan zen guzti horren gidaritzan aritu zena, eta jakin zuen teoria berriak praktikan aplikatzen. Uste dut balore hori aitortu behar zaiola. Hark formatutako irakasleekin egin genituen praktikak ikastoletan. Nik, adibidez, Mari Karmen Mitxelenarekin egin nuen praktikaldia. Johannes Etxeberri erresidentzian, berriz, euskal gaiak ikasi genituen. Euskara batuaren premia ere gogor azaldu zen.



Bertarik bertara ezagutu zenuen zuk. Zer moduzko tratua izan zenuen Elbira Zipitriarekin?

Nik beldurra nion. Ni, sobera, ume beldurtia nintzen irakasleekin, aurreneko maistra horrekin beldurrez akabatzen egoten nintzen eta Elbirarekin berdin. Aiurri handiko emakumea zen. Oso garbi zuen zein zegoen bere aldean eta zein ez. Beldur handiak zituen. Testuingurua ere ulertu beharra dago: ETA sortu berria zen, borroka ideologiko handiak zeuden eta arrisku bezala ikusten gintuen gu, gazteagoak ginenak. Zalaparta besterik ez genuela sortuko uste zuen, eta berak aurreko urteetan sortutako hori guztia bertan behera eroriko zela. Irakin egiten zion barruak kontu horrekin. Beldur horiek areagotu egin zitzaizkion ikastolak herrietara zabaltzearekin batera.

Zuek herri txikiagoetako ikastoletan hasi zineten irakasle.

Bai. Nekane Auzmendi Pasaira, Nekane Iturbe Elgoibarrera, eta ni Lazkaora joateko izendatu ninduten. Onartzen genuen esandakoa, bagenekien antolakuntza goi mailagoko bat zegoela, non gurasoek eta herritar euskaltzaleek bat egiten zuten. Nik sentitzen nuen leiala izan eta esandako lekuetara joan behar genuela, beharrik handiena zeukaten tokietara.

Klandestinitatean jardun behar izan zenuten. Jaso al zenuten errepresiorik?

Beldur izaten ginen eskola nazionalekoek denuntziatuko ote gintuzten. Ikastolan aritzeagatik fitxatuta geunden, eta ni behintzat, pare bat alditan eraman ninduten Tolosako komisariara deklaratzera. Hala ere, klandestinitatea ahaztu egiten zaizu hor buru-belarri zabiltzanean eta are gehiago hainbesteko babesa sentitzen duzunean. Gure komunitatean onartuak ginen eta harro sentitzen ginen lan hori egiteagatik. Eskola on bat egiteko erantzukizuna sentitzen genuen. Gure ahalegina zen herrian txertatutako eskolak sortzea. Irakasleok, beraz, herriko beste hainbat eginkizunetan ere hartzen genituen konpromisoak. Nik, Amezketan, adibidez, Oargiren sorreran hartu nuen parte. Gero Lazkaon egon nintzenean, euskara irakasteko jende nahikorik ez, eta astean bitan joaten nintzen gau eskoletara.

Ezkontza egunean amezketar umeez inguratuta.

 

«Klandestinoki ikastolak sortzen ibili eta gero, unibertsitatearen eremu ofizialera pasa nintzen»



Asko zabaldu al ziren ikastolak sasoi hartan?

Perretxikoak bezala. Ikastola bat sortzerako aldamenean beste bat nola sortu pentsatzen egoten zen jendea. Ikastolek bazuten prestigio bat. Idiazabalera, Segurara, Mutrikura, Ataunera edo Ormaiztegira joan izan nintzen ni gure eredua erakustera, askotan, ikastolako umeak alboan hartuta. Gure diskurtsoa hitzetan bakarrik gera ez zedin egiten genuen. Bertatik bertara erakusten genien herritarrei nola egiten genuen lan umeekin, beldur asko izaten baitzuten gurasoek. Ikastolatik ongi prestatuak aterako ote ziren zalantza egiten zuten. Guk konbentzimenduz esaten genien, beste eskoletatik baino prestatuago aterako zirela umeak ikastolatik.


Feli Etxeberria Lazkaoko Ikastolako irakasle eta ikasleekin. 'IKASTOLATIK ZUMARDIRA' LIBURUA / AMEZKETAKO UDALA


Zertan zen berritzailea ikastolen eredua?

Kontuan hartu behar da gure aurretik sortutako lehenengo ikastola haiek, asko jota, egunean bizpahiru ordutan ematen zituztela eskolak, horrela errazagoa zelako ikastolak kamuflatzea. Guardia Zibila edo inspekziokoak azalduz gero, beti zeukaten esatea katekesi tokia zela hura. Gainerako orduetan, umeak musika edo hizkuntzak ikasteko klase partikularrak jasotzen zituzten. Herri txikiagoetan, ordea, hori ez zen bideragarria. Umeak egun osoz eduki behar izaten genituen. Horrek egoerara moldatzea eta ikaslearekin harremana aldatzea ekarri zigun. Kontua ez zen umeek guk esandakoa egitea. Haurrekiko tratua oso-oso garrantzitsua zen, saiatzen ginen testuingurua kontuan hartzen, zigorrik ez erabiltzen, eta pedagogia memoristiko eta tradizional hori alboratzen. Guretzat euskaraz aritzea bezain garrantzitsua zen eskola berri eta modernoa egitea.

 

«Guretzat euskaraz aritzea bezain garrantzitsua zen eskola modernoa eta berria egitea»



Zeintzuk ziren zuen erreferentziak garai horretan?

Frankismoan Rosa Sensat maisu-maistren eskolaren sortzaile izan zen Marta Mata erreferentzia handia zen guretzat. Gerora, Katalunian haiekin egoteko aukera izan nuen eta lan izugarria egin zuten. Pedagogia berritzailea ez genuen Euskal Herrian sortu, ikastolek iturrietara jo genuen eta teoria horiek gurera egokitu genituen. Ni irakasle eskolan aritu nintzen garaian ikasi nituen Freinet, Montessori edota Decroly bezalako autoreak, baina ez nekien haiek esandakoa interpretatzen. Esango nuke ikastolen mugimenduarekin ikasi genuela horien esanak praktikara eramaten.

Irakasle eta ikasleentzat materiala prestatzen ere jardun zenuen.

Bai. Gauza batek bestera eraman ninduen. Ezkonduta Lazkaotik Donostiara etorri nintzen eta bertan nenbilen irakasle. Piageten teoriaren oso zalea nintzen eta pentsamendua lantzeko ariketak lantzen hasi nintzen nire ikasleekin, bolada batean Kaialde ikastolan, frantziskotarrek Donostiako Alde Zaharrean sortu zuten ikastetxean. Izugarri gozatu nuen. Eredu hori zabaltze aldera, besteak beste, 1977an Matematikaren hastapenak izeneko liburuxka sortu nuen, Koro Zumalabe matematika irakaslearen laguntzarekin. Umeei matematika nola erakutsi azaltzen genien irakasleei alde batetik, baina bestetik, materiala ere sortzen genuen umeekin ariketak lantzeko.

Esperientzia horrek bultzatu al zintuen Pedagogia ikasketak egitera?

Ni aipatutako autore guzti horien enamoratua nintzen. Gehiago ikasi behar nuela pentsatu nuen. Gustura ikasi nuen Pedagogia, baina berehala etorri zitzaidan gogoa Psikologia ikasteko. Ez dakit nola konpontzen nintzen, ordurako bi ume banituen eta. Karrerak puskaka ateratzen nituen, udan ikasita eta oporraldiak baliatuta. Pentsatzen dut, jakin-mina ikaragarria nuela eta horrek bultzatuta aritu nintzela.

Nola sortu zitzaizun unibertsitatean irakasle izateko aukera?

1979an izan zen. Hots egin zidatenean hasiera batean ezezkoa esan nien. Nola ni unibertsitatean? Ni gustura nenbilen nenbilen tokian. Unibertsitate publikoa sortu berria zen eta osatzeke zegoen oraindik. Fakultatean Filosofiaren adarrean bi irakasle zituzten, Psikologian beste bat eta Pedagogiaren arloan ardura hartuko zuen norbait falta zuten. Ni ikusten ninduten horretarako aproposa. Azkenean baiezkoa eman nien baina esan nien ikastolekin nuen konpromisoa ezin nuela egun batetik bestera utzi. Aurreneko urte hartan bi laguntzaile izendatzeko aukera eman zidaten, eta horrela abiatu genuen bidea.

Berriro ere hutsetik abiatu beharra.

Bai, beti tokatu izan zait aurrekoarekin puskatu eta berriro abiatzea. Badirudi hori izan dela nire destinoa. Kasu honetan banuen bertigoa, ofizialtasunak errespetu handia eragiten zidalako. Pentsa, klandestinitatean ikastolak sortzen ibili eta gero, unibertsitate publikoaren eremuan aritzera pasa nintzen. Hasiera batean arrotza zitzaidan mundu hori guztia. Gainera, ezerezetik sortu behar izan genuen guztia, plangintza guztiak egin, beste unibertsitateekin harremanak eduki, mintegiak antolatu eta ministerioarekin borrokan aritzea egokitu zitzaidan.

Borroka handia egin behar izan al zenuen fakultatean Hezkuntzaren pedagogiaren espezialitatea sortzeko?

Pixka bat bai. Gogoan dut nire tesi zuzendari izandako Miquel Siguan i Solerri hots egin niola nire asmoen berri emateko. Zera erantzun zidan: «Atrebentzia behar du pertsonak horrelako proposamena egiteko. Zer uste duzu dela Espainiako Hezkuntza Ministerioa? Ez dizute onartuko, asko jota, doktoretza ikastaro batean horrelakoren bat antolatzea eskatzen baduzu, pasako dizute, baina Pedagogiaren barruan hizkuntzarekin loturiko espezialitatea bat zabaltzea? Ametsetan zabiltza». Hala ere, nahi banuen saiatzeko aholkatu zidan eta azkenerako onartu egin zidaten. Lorpen handia izan zen. Katedrarako oposizioa egin nuenean epaimahaikide batek arrazoi zuela pentsatuko dut azkenerako. Hark esan zidan: «Ez dakit meritua ote den zurea, baina nahi izan duzun hori eta gustuko duzun hori egin izan duzu bizitza osoan».

2017an hartu zenuen erretiroa. Faltan botatzen duzu unibertsitatea?

Jubilatu nintekeen lehenago, baina gustura nenbilen unibertsitatean. Orain beste bizimodu bat daramat. Aktibo ez banago ez dut horrelako loturarik mantentzen egunerokotasuneko gaiekin. Nik jendearekin eta egiten dudan horrekiko kontaktu zuzena behar izaten dut. Lagunekin eta jendearekin egotea gustatzen zait. Hemen Asteasun Xiri-Miri elkartean nabil eta taldeko kide gisa Mundu bat Asteasun ekimenean hartzen dut parte. Lantalde ezberdinetan banatu gara eta nik hizkuntzarenean hartzen dut parte. Nire arloarekin harremana edukitzea ahalbidetzen dit horrek.



Ikastolak sortzen hasi zineten garaian gaur egungo egoera erakutsi izan balizute sinetsiko zenukeen?

Orduan ezinezko bat bezala ikusiko nukeen. 2023ko egoera hau amestu ere ez genuen egiten. Uste dut lorpen handiak egin direla, orduko eskola publikoa eta gaur egungoa ikusi besterik ez dago. Eskolari bere lekua eman behar zaio. Askotan kritika egiten da, baina urteotan asko egin dugu. Eskolaren bidez euskara asko zabaldu da. Gertatzen dena da eskolarengan jartzen dela erantzukizun guztia. Eskola ez da nahikoa gizarte oso bat euskalduntzeko motor sozialik ez badago. Mugitu behar dugu, gizartean txertatzen ez den hizkuntza bat beti galbidean egongo baita. Uste dut oraindik militantzia eskatzen duela euskarak.

Bokaziozkoa al da irakaslearen ofizioa?

Ez dakit, baina profesional ona izan nahi baduzu eduki behar dituzu kezka eta arreta. Norberak bere lanarekin gustura aritzea eta bere lana baloratzen jakitea da inportantea. Irakasleak sinistu behar du zerbait egiten ari dela, lehenik eta behin umearen alde. Lanbide honek baditu arriskuak eta parametro batzuk finkatu eta aldaketarik gabe horretan segitzea izan daiteke arrisku horietako bat, umea kontuan hartu gabe. Eskolak markatu egiten ditu umeak, baina markaje hori ez da beti positiboa izaten. Dibertsitateaz asko hitz egiten da, baina dibertsitatea ikasgeletako bakoitzean dago. Ume bakoitza ezberdina da eta ikasgela bakoitza mundu bat. Irakasleak jakin behar du hori guztia maneiatzen: begiratu behar du zein harreman klase sortzen den ikasleen artean, nolakoa den ume bakoitzaren sozializazioa, zein indargune dituen eta zein arlotan behar duen errefortzua. Niri ere etortzen zait kezka, bere garaian ez ote nuen nire eskolako umeekin behar bezala jokatu. Askotan aurreiritzi bat egiten duzu ikasle batekin eta berekin aurreiritzi horren arabera jokatzen duzu. Nahi gabe ere mugatu egiten duzu bere garapena. Zenbat garaitan isilarazi egiten ditugu umeak, justu kontrakoa egin behar denean. Umeekin hitz egin beharra dago, konfliktoa zerk sortzen duen beraiekin batera aztertu beharra dago. Konpromiso handia eskatzen du irakasle izateak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!