Arritzagako kultur paisaiak ezagutzeko aukera, larunbatean

Tolosaldeko Ataria 2023ko uzt. 18a, 11:58

9:00etan abiatuko dira Beratzeagako aparkalekutik (Amezketa) eta leku berean amaituko dute 13:30ean. Hamalau urtetik gorakoentzat da, duen zailtasunagatik. Irteeraren prezioa 6 eurokoa da eta aurrez eman behar da izena.

Gipuzkoako Parketxe Sarea Fundazioak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak elkarlanean, ibilaldi gidatua antolatu dute larunbat honetarako. Arritzagako kultur paisaiak ezagutzeko aukera izango da, Amezketatik abiatuta. Hain justu 9:00etan izango da irteera, Beratzeagako aparkalekutik, eta leku berean amaituko da 13:30ean.

Azpi gogorra duten oinetakoak eta makila nahiz ura eta hamaiketakoa eramatea gomendatu dute antolatzaileek. «Ibilbidearen lehenbiziko zatia, Minetako bidea esaten zaiona, ez da bereziki atsegina ibiltzeko, zehazki, oinentzako. Aurreneko hiru kilometroetan, maldan gora betiere, hauspoa berotu egiten da eta oinazpiak pixka bat minbera daitezke. Alabaina, merezi du; ez izan zalantzarik. Esaera zaharrak dioen moduan, non gogoa, han zangoa. Bigarren zatiak (Basaizko harratean hasten denak), ikusmiraren aldetik ez ezik, ez du aurrekoarekin zerikusirik zapaltzen den lurraren aldetik, bidea, harrizkoa izan arren, askoz ere samurragoa delako».

Geologia, meatzaritza eta abeltzaintza apaingarriz jantzitako ikusmirak izango dituzte partaideek, Aralar parke naturalean. Hori dela eta, irteeraren helburua «gozatzea» dela adierazi dute. «Paisaiak jardueraren arrakasta bermatzen du. Arritzaga aldean, ibiltzen hastearekin batera, aurrean agertzen zaigun ikuspegia zirraragarria da, bihotz taupadak bizkortzen dituen horietakoa. Andurizko haitz zorrotzetik Basaizko harratera arteko arroila edo amildegia bihotz sentipena eragiten duen horietakoa da. Basaitzera iritsitakoan, ordea, bat-batean, paisaia erabat aldatzen da: oihal berdez estalitako harana zabaltzen da begien aurrean. Alderdi hartan, beheraxeago nagusi diren harkaitzen eta basoen ordez, abeltzaintza eta meatzaritza paisaiak gailentzen dira; behinola (duela 40.000 bat urte) glaziarra egon zen eremuan gaude... Gutxi dira Gipuzkoan begiei horrelako gozatua oparitzen dieten tokiak».

Luis Mari Zaldua Etxabek egingo ditu gidari lanak. «Begien bistan izango dena hobeto ulertzen lagunduko duten azalpenak emango ditu, izan geologiaren arlokoak, izan historiaren nahiz hizkuntzaren sailekoak: bateko morrena, besteko antiforma, zamalekuak, meazuloak, saroiak, hausterretzak, tokien izenak... Bada zer ikusi, alajaina!».

Sei euroko prezioa du irteerak eta parte hartu ahal izateko aurrez eman behar da izena. Hori bai, hamalau urtetik gorakoentzat da, duen zailtasunagatik. Horretarako, honako telefono zenbaki hauetako batera deitu daiteke: 943 180 335  edo 688 895 069. Bestela, barandiaran@gipuzkoanatura.eus helbide elektronikora idatziz edota Gipuzkoanatura.eus webgunea bisitatuz ere egin daiteke izen ematea. Interesa dutenek, bi bide horietan aurkituko dute informazio osagarria.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!