Binakakoa ere lortu du Altuna III.ak Iruñean

Ataria 2023ko uztailaren 14a

Altuna III.a eta Rezusta, San Fermin Torneoko irabazleak. ASPE PELOTA

Amezketarrak 22-11 irabazi du Rezustarekin batera San Fermin Torneoko finala Larrazabal eta Mariezkurrena II.aren aurka.

Aurreko ostiralean Jokin Altunak bere hirugarren txapela jantzi zuen lau eta erdiko San Fermin Torneoan. Jaka izan zuen aurkari, eta eskualdeko derbia bigarren zatian gehiago asmatu zuelako irabazi zuen amezketarrak. Gaurkoan, binakako finala zegoen jokoan Iruñeko Labrit pilotalekuan, eta berriro ere irabaztea lortu du Altunak. Rezusta izan du atzelari amezketarrak eta Aspeko bikoteak Baikoko Larrazabal eta Mariezkurrena II.ari 22-11 irabazi diote. Larrazabalen lehen finala izan da lehen mailan, eta horrek eragina izango zuen bere jokoan, opari asko egin baititu.

Aurretik jarri dira Baikokoak 0-2, baina segituan Altuna III.ak eta Rezustak markagailuari buelta eman diote, 5-3 jarriz. Hortik aurrera markagailuan agindu dute, baina ez dute abantaila handirik lortu bigarren zatira arte. Lehen atsedenaldira 12-8 iritsi dira, eta Altunak eta Rezustak bere eskarmentua erakutsi dute, zuzen jokatuz. Larrazabalek bigarren zatian egin ditu opari gehienak eta azkenean alde nabarmena lortu dute Aspekoek markagailuan. Altunak Iruñeko bi torneoak irabazi ditu eta gainera binakakoan pilotari onenaren saria jaso du. Sanfermin biribilak amezketarrarentzat.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!