Gaur 200 urte bete dira 'Pernando Amezketarra' hil zela

Ataria 2023ko uzt. 9a, 11:00

Urteurren berezi hau ospatzeko bat egin dute Amezketako Udalak, Zumadi Eskolak, Akelok Guraso Elkarteak, Amezketako Antzerki Taldeak eta Bertsozale Elkarteak; hala ere, Udazken Kulturalaren barruan egingo dute ospakizuna.

«Ez dakigu seguru esan izan diguten bezala aranekin betekada egin, ura edan eta haren ondorioz, edo bestelako gaitzen batek erasanda hil zen Fernando. Baina gauza jakina da 1823ko uztailaren 9an itzali zela Amezketako bertsolari handia», adierazi dute herritarrek. Gaur, beraz, 200 urte bete dira haren heriotzatik.

Pernando Amezketarra, izenez Fernando Bengoetxea Altuna, 1764ko urriaren 10ean jaio zen Amezketan. Bertsolaria eta plazagizona izan zen. Bere ateraldi umoretsuengatik, bizitasunagatik eta argitasunagatik oso ezaguna izan zen Gipuzkoan, eta 1990eko hamarkadan argitaratutako marrazki bizidunen bitartez gaur egungo euskaldunen artean ere ospetsua da. Oso bertsolari eta gizon berezia izan zen. Haren bitxikeriak eta ateraldi xelebreak Gregorio Mujikak jaso zituen behin eta berriro berrargitaratu den Pernando Amezketarra izeneko liburuan.

Urteurren borobilaren ospakizuna, ordea, udazkenean egingo dute. «Fernandoren garaian ez bezala, orain, udaldian erdi-opor, erdi-lozorroan ibiltzen gara. Amezketar askok ere kanpora jotzen du egun hauetan. Hori dela eta, urteurrena udazkenean ospatuko dugu, Udazken Kulturalaren barruan». 

Urteurren berezi hau ospatzeko, Amezketako Udala, Zumadi Eskola, Akelok Guraso Elkartea, Amezketako Antzerki Taldea eta Bertsozale Elkartea batu dira bi helburu nagusirekin. Alde batetik, hemendik udazkenera bitartean, Amezketako artista handiaren inguruko ospakizun egitaraua prestatzeko lan taldea osatu dute. «Eragile bakoitzetik ordezkari bana izendatu dugu eta talde honen helburua izango da eragile hauek ospakizuna elkarlanean prestatzea».

Bestalde, Amezketako gainontzeko eragileei ere gonbidapena luzatu die ospakizunean parte hartu nahi duen edozein talde edo elkartek ere bat egiteko. «Eragile bakoitzak egin ditzakeen ekarpenei tokia egitea ere izango da talde honen helburua».

Lan taldea martxan ariko da hurrengo hilabeteetan. «Bitartean saiatu Fernandoren pasadizo eta bertsoak gogoratu eta haiekin gozatzen», esan dute. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!