Andoni Agirrezabalarekin eta San Martinen eman dio amaiera Amezketako Irakurle Taldeak denboraldiari

Ataria 2023ko eka. 29a, 22:00

Argazkia: Agurtzane Garmendia

Alegiarraren 'Etxe berdea' liburua izan da Amezketako Irakurle Taldean irakurri duten azken liburua, eta astearte arratsaldean, San Martinen, eta ikasturteari amaiera emateko behar bezalako meriendarekin, jan-edanean eta umoretsu eman zioten amaiera.

Aurtengoan sei liburu irakurri dituzte, eta bost idazle etorri dira bisitan Amezketara. Arantxa Urretabizkaiarekin eman zioten hasiera denboraldiari, Azken etxea nobelarekin. Otsailean, Maixa Zugastiren Atarian liburua irakurri zuten. Martxoan eta aiprilean, berriz, Elkano oinarri duten bi liburu irakurri dituzte: martxoan Joseba Sarrionandia izan zuten taldean, Munduari bira eman zion ontzia liburuarekin, eta apirilean Kepa Iribar kazetaria, 72 ordurekin. Maiatzean Nerea Ibarzabal markinarraren Bar Gloria irakurri zuten, eta idazlearekin liburuaz hitz egiteko aukera izan zuten amezketarrek. Azkenik, esan bezala, asteartean eman zioten ikasturteari amaiera, Andoni Agirrezabala idazle alegiarrarekin, Etxe berdea haren lehen liburua irakurri ostean.

Urteroko dinamika urtarriletik ekainera bitartekoa izaten da. Hilabeteko azken astearteetan elkartu ohi dira, Amezketako Kultur Etxean, eta ekaineko saioa, berriz, San Martinen egin ohi dute. Beraz, aurtengo ikasturtea amaituta, hurrengora begira jarri dira Amezketako irakurzaleak. Udan zehar liburuak irakurri, notak ondo hartu, eta abendu hasieran elkartuko dira 2024ko urtarriletik ekainera bitarteko liburuak aukeratzeko. Amezketako Udalak eta Idazleen Elkarteak daukaten hitzarmenari esker, urtean bost idazleren bisita jasotzen dute.

Atzoko saioa baliatuz, San Martingo Etxolak ere irakurzaletasunarekin bat egin nahi izan du, eta Irakurketa txokoa sortu du. Hori horrela izanik, amezketarrek ez daukate udan ez irakurtzeko aitzakiarik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!