Boulderrean aritzeko rokodromo berria jarri du Amezketako Udalak

Irati Saizar Artola 2023ko eka. 28a, 07:58

16 urtetik gorakoak bazkide egin daitezke, eta haientzat egunero izango da zabalik; irailetik aurrera haur eta gaztetxoentzat ikastaroak jartzea aztertzen ari da udala.

Ekainaren 16an inauguratu zuten rokodromoa Amezketan. Buruntzuntzin Mendi Elkarteak egindako proposamenari erantzunez egin dute eskalatzaileentzat gune berria. Erabili nahi duenak bazkide egin beharko du. 

Boulderrean aritzeko egokitu dute udalarena den lokala, Mikel Arteaga Amezketako alkateak azaldu duenez. «Altuera txikia duen lokala da, eta hiru horma ditu denera, inklinazio ezberdinekin». 0 gradutik hasi eta 40 gradurainoko inklinazioak  ditu, zailtasunaren arabera. «Ertz batetik hasiz gero, zeharka joan eta bidean inklinazio aldaketekin egiten da topo, zailtasuna gehituz horrela». 

Udalak Bartolome Deunaren kalean, 35. zenbakian duen almazenaren zati bat erabili du rokodromoa egiteko. Lokala bitan banatu dute eta beste erdiak almazena izaten jarraituko duela esan du alkateak. Rokodromoa egokitzeko egin diren lanek 28.000 euroko kostua izan dute. 

Rokodromoak gimnasioak izan duen funtzionamendu bera izango du: bazkide egin beharko da, urteko kuota ordainduta. «Bazkideari giltza elektroniko bat emango zaio, eta giltza horrekin sartzeko aukera izango du egunero, astelehenetik igandera, 09:00etatik 21:00etara». Bazkide egin nahi duenak udaletxean egin dezake eta 16 urtetik gora izan beharko ditu. 16 urtetik beherakoek joateko aukera izango dute, baldin eta bazkidea den heldu bat ondoan badute. 

Boulderrean aritzeko material berezirik ez da behar izaten, lurreko koltxoneta ere jarrita dagoelako; baina, Arteagak, katu hankak eramateko gomendioa luzatu du.

Ikastaroak aztertzen

Oraingoz, erabilera librea izango du lokalak, baina irailetik aurrera ikastaroak jartzeko asmoa du udalak. «Eskolaz kanpoko jarduera moduan eskaintza egitea da asmoa, batez ere haur eta gaztetxoentzat». Aztertzen ari dira, ikastaroak nola eta zein epetan antolatu. 

Izan ere, eskalatzeko zaletasuna geroz eta gehiago zabaltzen ari dela dio Arteagak. «Geroz eta jende gehiago dabil eskalatzen eta Buruntzuntzin Mendi Elkarteak egindako proposamena aztertzen hasita, aukera ona iruditu zitzaigun Amezketarako.  

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!