Zabalik da San Martingo etxola, udara osorako

Irati Saizar Artola 2023ko eka. 21a, 07:57

Irailera arte zabalik izango da Amezketako Udalak San Martin auzoan duen etxola; Jokin Artola eta Eire Vila dira taberna zerbitzua kudeatzeko arduradunak.

Uda osorako zabalik da, aurten ere, Amezketako San Martin auzoan dagoen etxola. Eire Vila elgoibartar eta Jokin Artola amezketar bikoteak hartu du taberna zerbitzua kudeatzeko ardura. Ekainaren 9an egin zuten inaugurazioa eta ordutik, «gozatuz» ari dira lanean.

Taberna zerbitzua eskaintzen dute, egunero. Eguraldiak laguntzen dieten egun guztietan irekitzen dute, astelehenetik igandera. Astez, 12:00etatik 23:00k arte izaten da zabalik, eta asteburuetan, 11:00etatik 23:00etara.

Edariak, izozkiak, gozokiak, anoak... bada aukera etxolan. Bertako produktuei leku egiten saiatzen dira, gertukoa kontsumitzeko. Esaterako, aperitibo moduan, Oteiza Goikoa baserriko gazta eskaintzen dute edota Argaia Goena baserriko hestebeteen eta Amezketako Joakin harategiko txorizoaren errazioak. Hori, Amezketako Liñabi baserriko ogiaz lagunduta. Eta izozki komertzialez gain, Orendaingo Larretako izozkiak ere badituzte eta Elgoibarko gazte batzuek egiten dute Lizasagar zuku naturala ere bai.

Ostiral eta larunbat iluntzetan, gainera, Argaia Goena baserrikoek postu bat jartzen dute etxola ondoan, afariak eskainiz, 19:30etik aurrera. Hanburgesa, saltxitxa eta ogitarteko eskaintza zabala du. «Guretzat osagarri ederra da, paisaia eder honekin, jana eta edana bertan izatea aukera bikaina da». Ostegunetan, pintxo-potea egiten hasi dira, aldiro pintxo ezberdin bat jarriz.

Bisitariei eskuorriak ere banatzen dizkiete, inguruko informazioa eskainiz: «Pello Zabala guneaz, mendi ibilbideez eta bestelako informazioa ageri den eskuorriak dira, eta noski, Jokin bertakoa izanik eta mendi ibilbideak kontrolatzen dituenez, gomendioak ematen aritzen da».

Buruan darabilte udan zehar kultur ekitaldiren bat edo beste antolatzeko ideia. «Bakarrizketaren bat edo halakoren bat ekarri nahiko genuke, baina eguraldiak asko baldintzatzen du, ez baitugu aterperik».

Naturarekin kontaktuan egon nahi duen edonorentzat zabalik izaten dute zerbitzua, egunero. «Liluragarria da lekua bera», dio Vilak. «Hemengo aireaz eta bista ederrez gozatzeko aukera ederra dago». Izan ere, etxola ondoan, terraza bat dute jarrita, sei mahai ingururekin, eta horrez gain, mahaiak eta bankuak ere badaude, parrila eta guzti, etxola inguruan. Haurrentzako parke bat ere badago eta duela gutxi, komunak berritu ditu udalak.

Ez da herri erdian dagoen zerbitzu bat, apropos joan behar da etxolara. Hala ere, jendeak ohitura baduela dio bikoteak. «Paseatuz iristen da jende gehien, eta jakitea San Martinera igota kafe bat edo garagardo bat hartzeko aukera dagoela, jendea gehiago motibatzen da». Bezero gehienak bazkalostetik aurrera gerturatzen direla diote, «bazkalosteko kafea hartzera». Hortik aurrera, gauera arte, «beti izaten da norbait». Oinez iristen ez direnak autoz joaten dira, aparkalekua ere bai baitu inguruak.

Bezeroen erantzunarekin «gustura» daude momentuz. «Inauguraziora jendetza gerturatu zen, eta ondo etorri zitzaigun esnatzeko», dio Artolak. Izan ere, txosnetan egindako txandez aparte ez dute esperientziarik ostalaritzan.

San Joan bezpera

San Joan bezperaren atarian, badute buruan zerbait: San Joan sorta bat osatzea, etxolan bertan. «San Joan sorta, lore zehatz batzuekin osatzen da eta garai batean, etxeetan amuleto moduan erabiltzen zen, gaitz eta energia txarretatik babesteko». Bada, gaurtik ostiralera bitarte, sorta horiek egiteko aukera izango da etxola ondoan, denen eskura jarriko dituztelako lore eta hostoak, eta baita sorta osatzeko soka bat ere.

Ostiralean, San Joan bezperan, su txiki bat egingo dute 22:00etatik aurrera, eta bertaratzen direnek aukera izango dute sorta zaharra erre eta berri bat etxera eramateko.

Bestelako uda bat

Uda desberdin bat bizitzeko asmoak animatu du bikotea etxola irekitzera: «Udan, beti egiten dugu plan bereziren bat. Elgoibarren bizi gara, baina, azken udatan, Amezketa aldera gerturatu izan gara, hilabete batzuk pasatzera. Etxola hartzeko ideia hor genuen buruan, eta iazko arduradunekin hitz eginda, bultzada eman ziguten eta horrela animatu gara».

Vila berak, elgoibartarra izan arren, herritarrak ezagutzen dituela dio. Hala ere, herritarrak «beste modu batera» ezagutzeko aukera izan dezakeela uste du. Artolak gehitu du, etorkizun batean, akaso, Amezketan izango dutela bizitokia, eta herria gehiago ezagutzeko aukera izan dezaketela horrela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!