Altuna III VS Elordi _ Buruz Buruko Finala 2023

«Elordik askoz gehiago jokatu du»

Ataria 2023ko eka. 4a, 20:35

Burumakur hitz egin du Altuna III.ak finalaren osteko prentsaurrekoan. Finalean orokorrean ez dela eroso egon esan du amezketarrak.

Markagailuak 22-18 erakutsi arren, jokoan «alde gehiago» izan dela esan du Altuna III.ak finala bukatu berritan. «Askoz gehiago jokatu du. Berak egin behar izan duen partida askoz hobeto egin du, eta niri kostatu egin zait».

Hasieran ondo aurkitzen zela esan du, baina gero «asko kostatu» zaiola: «Bera oso eroso ikusi dut partidan, eta ni ez nengoen eroso. Tanto bat egiteko lan handia egin behar nuen. Ez nuen min egiten, ezkerrarekin airez pilota ez nuen mugitzen. Eta tantoa egiteko hainbeste esfortzu egin behar duzunean, eta aurkaria gai denean tanto bat edo bi edo hiru segituan egiteko...». Bukaerako zatira Elordi hobeto iritsi dela esan du eta aurkaria zoriontzea besterik ezin duela egin gaineratu du pilotari amezketarrak.

Harmailak batez ere Elordiren alde egon dira, behintzat buila gehiago bere zaleek egin dute. «Banekien giroa ona egongo zela. Baina final batera etortzen zarenean giroak berdin dizu, irabazi nahi duzu eta pena handiarekin noa», azaldu du Altunak. «Urte oso polita izan da, oso gogorra ere, eta gaur txapeldun izan nahi nuen. Ezin izan dut irabazi, kirola horrela da eta gaur izorratuta egongo naiz, baina ez dago besterik. Bihartik aurrera burua altxa, errekuperatzen saiatu eta hurrengoaren bila joango gara».

Elordik txapela «ondo merezita» duela esan du amezketarrak. «Gertatu zaion guztia ondo merezita du. Niretzako kirolean ez daude kasualitateak. Ni pertsonalki oso izorratuta nago, eta min handia ematen dit, baina berarengatik asko pozten naiz».

Elordik hunkituta hitz egin du partidaren ondoren EITBko mikrofonoetan: «Oso intentsoak izan dira bi hilabete hauek. Kantxara dena ematera atera naiz eta banekien oso partida zaila nuela. Detaile batzuetan kale egin dut berriro, dejada tonto batzuk, baina nik nirean jarraitu dut eta Altunak azken zatian opari batzuk egin ditu. Azkenean 22ra heldu gara, finalak irabazteko izaten dira, eta itzela da niretzako».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!