Altuna III VS Elordi _ Buruz Buruko Finala 2023

Altuna III.ak ez du bere jokoa egin

Imanol Garcia Landa 2023ko eka. 4a, 20:42

Altuna, Elordi eta Dario (hirugarren sailkatua), podiumean.

Amezketarrak galdu egin du 18-22 Elordiren aurka buruz buruko finala. Aurkaria gehiago izan da, eta atzetik joan arren partidari buelta eman dio.

Hasiera borrokatua izan da, eta ez da bietan inor nagusitu. Hiruna egin dute, eta hortik aurrera Altunak tarte bat hartu du, lau tantotakoa, partidan izan duen handiena, eta 7-3 jarri da. Elordik egin ditu huts gehiago eta pixka bat aurreratu da Altuna. Baina amezketarrak ez du bere jokoa erakutsi, ez du bere nagusitasuna kantxan jarri eta Elordik partidan jarraitu du, eta 7-6 gerturatu da mallabitarra.

 

Ondoren iritsi da partidako tantorik gogorrena. 32 pilotakada eman dituzte, eta azkenean txokoan dejada eginez tantoa bereganatu du Altunak. Asko nekatu dira biak, agian Elordi gehiago, eta Altunak aprobetxatu egin du beste dejada bat eginez 9-6koa jartzeko, jakinik aurkaria ez zela pilotaren bila joango. Hori izan da Altunak bere maisutasuna erakutsi duen momentuetako bat, aurkariaren ahultasunak bilatuz. Baina final bat irabazteko momentu bat baino gehiago behar da, eta hori falta izan zaio Altunari: ezin izan du bere jokoari eutsi eta hainbat tanto jarraian egin. Elordi berriro gerturatu zaio tanto batera, eta partida osoan erakutsi duen moduan, borrokan jarraitzeko prest zegoen.

 

Segidan hiru tanto lortu ditu Altunak (12-8), txokoan horma-bikoa eginez, Elordik huts eginez ezker paretan gora bota duelako eta Altunak egindako sake on bat ezin izan duelako errematatu mallabitarrak. Hitzartutako lehen atsedenaldira iritsi dira, berriro ere Altunak lau tantoko aldea zuela. Atsedenaldiaren ondoren, baina, ezin izan du alde hori handitu amezketarrak, eta tanto batera jarri da berriro Elordi. Ondoren bi tanto egin eta 14-11 jarri da Altuna, eta bazirudien tarte sendo bat hartzeko aukera izango zuela, baina ez da horrela izan.

 

Are gehiago, justu kontrakoa gertatu da. Elordi oso erasokor jarri da eta zazpi tanto jarraian egin ditu, 18-14 jarriz aurretik. Bigarren atsedenaldi nagusiaren ordua zen, eta Altuna frontisaren ondoko atetik atera da ziztu bizian. Nabaria zen ez zitzaiola gustatzen gertatzen ari zena. Hor joan zaio finala, ez baitzuen Elordiri mina egiten asmatzen aukera zuenean, eta mallabitarrak sendo jarraitzen zuen, erasokor eta tantoak pilatzen. Fisikoki ez du behera egin Elordik, eta hori ere gakoa izan da bigarren zatian erakutsi duen sendotasuna agertzeko.

 

Altuna Altuna da, hainbatetan pilotan adituek eta pilotazaleek dioten moduan, eta amezketarrak buelta emateko gai ote zen ikusgai zegoen. Bi tantotara jarri da, baina Elordi ez da kikildu eta beste bi tanto egin ditu berak, markagailua 16-20 jarriz. Orduan zabalera atera du sakea Elordik, eta gero errematea egiterakoan txapa behera joan zaio. Hor zuen aukera Altunak markagailua estutzeko, baina txapara bota du gantxoa, eta 17-21 jarri da markagailua. Hurrengoan eutsi egin dio Altunak eta beste tanto bat egiteko gai izan da, Elordik ez baitu asmatu dejadarekin, eta amezketarrak atzera botatzeko baliatu du. Sakea berreskuratu du amezketarrak eta lau tanto jarraian egin behar zituen, baina sakea motz geratu zaio, oso gutxigatik, eta finala bukatu egin da. 18-22 bukatu da buruz buruko finala, eta lehenbiziz jantzi du txapel hori Elordik. Ligaxkan Altunak irabazi zion Elordiri markagailu berarekin, baina gaur ez da gai izan mallabitarraren aurka nagusitzeko.

 

Altunak, beraz, sei txapelekin jarraitzen du, gaur hamabigarren finala jokatu ostean. Gaurko laugarren finala zuen buruz buru, eta horietatik erdiak irabazi ditu. Beste lau txapeletik hiru lau eta erdikoan jantzi ditu eta bakarra du binakakoan.

 

Elordik bi txapel irabazi ditu maila nagusian, eta biak aurten lortu ditu. Zabaletarekin irabazi zuen binakakoa, eta orain buruz burukoa jantzi du.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!