Txapelketa nagusietan hamabigarren finala izango duzu. Zenbakiei begiratzen diezu?
Ez diet zenbakiei begiratzen. Txapelketa guztietan saiatzen naiz ahal dudan ondoen egiten, eta egindakoa eginda dago, eta horrek ez dizu bermatzen ezer hemendik aurrera. Beti esaten dudana: pilota uzten dudanean ikusiko dut zenbat final jokatu ditudan eta zenbat txapel lortu ditudan. Aurretik lortutako ezerk ez dizu ezer ematen hemendik aurrera; oraingoz iruditzen zait orain arte oso ondo ari naizela. Partidetan uneak eskatzen duena nahiko ondo egin dudala iruditzen zait, baina orain beste partida bat daukat, beraz, ondo prestatu eta disfrutatzea tokatzen da.
Ezkurdiaren aurkako finalerdian buruak duen garrantzia beste behin agerian geratu zen, Ezkurdia bera nahiko nahastuta aritu baitzen.
Bai, hala da. Uste dut txapelketa osoan zehar izan dituen sentsazioak izan zituela; ez dut uste inongo momentutan eroso sentitu zenik. Ez zarenean txapelketa ona egiten ari, beti izaten duzu esperantza gora egiteko, eta nik uste nuen berak maila handia emango zuela, baina ez zuen eman, eta niri ondo etorri zitzaidan. Ez zen partida erraza izan, partida azkarra izan zen, biok ere tantoak presaka eginez, baina tanto batzuk egin nituenean lasaitasun handia hartu nuen, eta gero ondo jokatu nuela uste dut.
Orain Elordi izango duzu finalerako. Aurkari berria izango da zuretzat final batean.
Bai, hala da. Aurkari berria da final batean, baina aurten tokatu zait behin baino gehiagotan bere aurka jokatzea. Sekulako urtea egiten ari da, asko jokatzen ari da eta ez nau harritu. Binakakoan jendeak esaten zuen Zabaletarekin ari zelako iristen ari zela maila horretara, baina nire ustez argi geratu da hori ez zela horrela. Ikaragarri jokatu zuen lau eta erdian, binakakoan ere bai, eta buruz burukoan ikusi da zer salto eman duen. Dagoeneko ez du balio joko aldetik momentu onean dagoela esatea; hori hilabete bat edo bi izaten dira, eta bederatzi hilabete hor goran mantentzeak esan nahi du pilotari handi bat dela.
Zein nahiago zenuen finalerako, Elordi ala Dario?
Hasi nintzenean kontu horiei garrantzi gehiago ematen nien, baina orain ez dut horretan pentsatzen. Etortzen dena etortzen dela, errespetu handia ematen dizu, baina zerbait ikasi badut da bakoitzak bere jokoa duela, eta horretan zentratu behar duela, bere jokoa ahal duen ondoen egiten. Hori izaten da beti helburua.
Nola sentitzen zara finalera begira?
Ondo, aitzakiarik gabe. Ondo sentitzen naiz, minik gabe, eta ilusio handiarekin. Ahal dudan ondoen iristen saiatuko naiz egun horretara.
Zer suposatzen du faborito izateak?
Horrek ez dit tantorik ematen. Ikusiko da finaleko egunean zein aterako den faborito, baina nire partea egiten saiatu behar naiz, besteen kontra jokatzen dudanean bezala. Berak badaki irabazteko aukera duela, eta nik ere badakit irabazteko aukera dudala. Sari handia da eta ikusiko dugu nork irabazten duen.
Sakea izango da gakoa?
Sakea oso garrantzitsua da, baina gero piloteoan hankak ondo izan behar dituzu, pilotak gozatu... Gauza asko dira. Nire ustez buruz buru jokatzeko gaur egun pilotari osoa izan behar duzu, eta ez da batere erraza. Zerbaitetan huts egiten baduzu, askotan ordaindu egiten duzu. Berak sakea duenean, badakit nire esku ez dagoela ezer, bere menpean izango naizela; momentu horietan sufritzen jakin eta gero nik aukera dudanean aprobetxatzen saiatuko naiz.
Zer prestakuntza egingo duzu bi asteotan?
Bilbora joango naiz entrenatzera. Aste honetan larunbatean joango naiz. Datorren astearen hasieran joango naiz, eta ondoren pilota aukeraketaren egunean.
Elordik baino eskarmentu handiagoa duzu finaletan. Zer pisu izango du horrek?
Ez dakit. Berarentzat lehen finala da banaka, eta seguru tentsioa izango duela, baina baita nik ere. Hainbeste jende dagoenean eta hainbeste dagoenean jokoan, denok ateratzen gara tentsioarekin kantxara. Ez da erraza izango hori dena kontrolatzea, baina horretarako entrenatzen dugu, horretarako prestatzen gara, eta uste dut biok gaudela prest maila on bat emateko.
Gorka Altuna lehengusua duzu botileroa. Zer ematen dizu?
Lasaitasuna. Beti esaten diot saiatu dadila esaten zer egin behar dudan, eta ez esateko zer egiten dudan gaizki, haserretu egiten naiz eta. Bera lasaiago nabaritzen dut hasi zenean baino, eta gustura nago berarekin.
Hainbeste final jokatu ondoren, errutinarik baduzu egun horretarako?
Partida guztietan antzekoa dut, eta ez dut finalerako ezer ezberdinik egingo. Goizean gorputza pixka bat aktibatu, agian buelta bat eman eta lagunei bisita egin. Gero bazkaldu, atseden pixka bat hartu, eta finalera abiatu.
Beti jaki zehatz bat hartzen duzu egun horretan?
Gosaldu egunero antzekoa egiten dut, eta bazkaltzeko pasta eta bularki batzuk; ezer gehiago ez, ahal den arinen joateko.