Iñaki Amundarainek 12 urte egin ditu alkate bezala Amezketan. Bere alderdiko kideek omenalditxoa egin zioten ostiralean. Ekitaldi horretan, EH Bilduk hauteskunde hauetarako bere zerrenda eta programa aurkeztu zituen.
Mikel Arteaga Zabala alkategaiak «talde gazte, ilusionatu eta motibatua» osatu dutela esan zuen. 4 urteko erronkari heltzeko prest agertu zen, eta Amezketaren alde daukaten onena eman nahi dutela gaineratu zuen.
Azpiegitura eta zerbitzuak
- Legealdi berrian, Amezketako herrigunea eta Ugarte lotuko dituen bidegorria egingo dela iragarri du EH Bilduk. Gipuzkoako Foru Aldundiak ur saneamendua egiteko obrak aprobetxatuko dituzte bidegorria egiteko. Horrez gain, «edateko uraren kaudalarekin Ugartek dituen arazoak konpontzeko», Ur Kontsortzioak hoditeria berrituko duela iragarri dute. Bartolome Deunaren kalean, errepidean, egoera txarrean dauden baldosak kendu eta asfaltatzea ere proiektuaren barruan dagoela esan dute.
- Zaharkituak dauden etxebizitza hutsei irtenbidea eman nahi die EH Bildutik. Aurreratuen dagoen proiektua Ertotxe Zaharra dela esan dute.
- Jauregiko etxeen proiektua aurrera eramateko konpromisoa azaldu dute EH Bildutik. Herriko gazteekin egindako bilerak gogoratu dituzte, izan ere, horiek kontuan hartuta eraikiko lirateke etxebizitza berriak.
- Hilerriaren azpiko pareta mugitzen ari dela esan dute, eta konpondu beharra dagoela.
- San Martingo jolas parkea oso egoera txarrean ikusten dute EH Bildutik, ondorioz, elementu naturalez egindako parke berria egitea proposatu dute.
- Aldatzeko geratzen diren farola guztiak aldatu nahi dituzte.
- Bionetxetik Ametzarako bidea, autoentzat norabide bakarrekoa izatea proposatu dute.
- Rokodromoa amaitzear dagoela iragarri dute.
- Beltzaren plaza ondoko haur txikien parkea estaltzea.
- Eskolaren egoera hobetze aldera, igogailua jarriko du Eusko Jaurlaritzak. EH Bildutik eraikina udalak eskuratzea proposatu dute, sotoan hezetasun arazoak konpontzeko lanak egin eta fatxada eta futbol zelaia berritzea.
- Ugarteko frontoiko teilatua berritzea.
- Ugarteko aparkaleku arazoei irtenbidea ematea legealdi honetako helburuen artean dagoela esan dute EH Bildutik.
- Ergoienen egin bezala, herriko espaloiak konpontzen jarraitzea proposatu dute.
Lehen sektorea
- Herriko baserritarrek ekoizten dituzten produktuen kontsumoa bultatzeko lantalde bat sortzea proposatu du EH Bilduk. Baserri bideak konpontzen jarraitzeko asmoa ere azaldu dute.
- Arrondo auzorako bideari konponbidea ematea.
- Larrondoko ur sarea eta depositu berria egiteko konpromisoa.
- Larrondoko eta Larraoneko basoetan pinua atera eta pagoa uztea proposatu dute. Mugak digitalizatzeko ideia ere azaldu dute.
- Enirio Aralar Mankomunitatearen barruan egon daitezkeen ikuspuntu desberdinen arteko erdibideak topatzeko apustua egingo dutela esan dute EH Bildutik.
Turismoa
- Pello Zabala Gunean Aralarko Parke Naturalaren Interpretazioan sakontzea, bertako produktuen ekoizpen moduetara gerturatzeko esperientzia gastronomikoak diseinatzea eta Zazpiturriko Uraren Bidea ibilbidea inauguratzea aipatu ditu EH Bilduk atal honetan.
Neurri sozialak
- Esku-hartze soziokomunitarioa, jubilatu elkartea eta familientzat zerbitzuak nabarmentzen dira EH Bilduren programan, neurri sozialei lotuta.
Kultura, euskara, kirola, berdintasuna, eskualdeko ospitale publikoa eta gazteriak ere bere lekua dute EH Bilduren herri programan.