Altuna III VS Elordi _ Buruz Buruko Finala 2023

Jokin Altuna finalean izango da, Ezkurdiari irabazi ondoren

Ataria 2023ko maiatzaren 20a

Amezketarrak buruz buruko hirugarren txapela irabazteko aukera izango du ekainaren 4ean, Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Bere aurkaria zein izango den bihar jakingo da, Dario eta Elordiren arteko finalerdian.

22-12 irabazi dio Altuna III.ak Ezkurdiari, Iruñeko Labrit pilotalekuan. 228 pilotakadako partida jokatu dute Aspeko bi aurrelariek. Finaleko txartela zegoen jokoan, eta beste behin, laugarren aldiz, nafarra aukerarik gabe utzi du amezketarrak.

Altuna III.aren laugarren finala izango da Bilbokoa. Orain arte hiru jokatu eta bi irabazi ditu. Beraz, bi aste barru hirugarren txapela irabazteko ametsa izango du buruan Tolosaldeko aurrelariak.

Labriteko partida ez da ikusgarri horietakoa izan. Sakea urdin suertatu da eta Altuna III.ak tanto bolada egiteko probestu du, Ezkurdiaren hutsen laguntzei esker. 10-2 jarri da amezketarra aurretik, eta hortik aurrera, estutasunik gabe, 22rako bidea egin du tarteak ematen zion konfiantza aprobetxatuz.

Gakoetariko bat galdutako pilotetan egon da. Amezketarrak lau pilota bakarrik galdu ditu, arbizuarrak 12. Egindakoetan antzera ibili dira, lehenak 10 eta bigarrenak 8.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!