Zazpi Iturri XVIII. Berria Pilota Txapelketatik kanpo geratu da

Ataria 2023ko mai. 18a, 17:59

Argazkia: Foku

Amezketako Pilota Elkarteak 3-0 galdu zuen igandean Ultzamako Buruzgain taldearen aurka, Hernanin jokatutako final-zortzirenetako kanporaketan.

Kanporaketa estuagoa espero zen, baina ez zen hala izan. Ibilbide oparoa egin dute gipuzkoarrek aurtengo ekitaldian, pilotari gazte interesgarriak kantxaratu baitituzte, baina koska bat gorago daudela nabarmen erakutsi zuten ultzamarrek.

Jaialdiko lehen partidan, kadeteen artekoan, Aldaz eta Martikorenak 22-8 menderatu zituzten Gorostidi eta Karrera. 8-6kotik aurrera, erritmoari eutsi zioten nafarrek, eta erraz nagusitu ziren.

Jaialdiko neurketarik estuena gazteen artekoa izan zen, eta Buruzgaineko Barberenak eta Garañok 22-20 irabazi zieten Zazpi Iturriko Armaolea eta Mujikari. Hamabosnako berdinketara arte gidoi berbera nagusitu zen. Irekita zegoen lehia, baina nekea agertu zitzaien gipuzkoarrei, eta, horri esker, gorriak 21-15 aurreratu ziren. Bazirudien dena erabakita zegoela, baina tanto bakar batera jarri ziren urdinak. Halere, azkenean bigarren puntua eskuratu zuen Buruzgainek.

Kontuak hala, lanak oso bideratuta zeuzkaten nafarrek azken partidarako, eta ez zen kolorerik izan. Ultzamako Iriartek eta Murillok 22-12 menderatu zituzten Gorostidi eta Plazaola.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!