Erroten eguna ospatu dute Amezketan

Ataria 2023ko mai. 16a, 18:41

II. Gipuzkoako Erroten Eguna ospatu zen igandean, eta Amezketako Ierabizkar errotara bisita egin zuten herritarrek.

Bigarren aldiz ospatu zuten Errotaren Eguna, Amezketan. Ierabizkar errotara hurbildu ziren herritarrak, 30 inguru, bisita egitera. Artoa aletu, tolbara bota eta irina egiten ikusteko aukera izan zuten bisitariek. Bien bitartean, errotaren historia entzuteko aukera ere izan zen. Jarraian, haur bakoitzak bere taloa egin zuen, gurasoen laguntzaz.

Ondoren, zerbait berezia egite aldera, oskolaren bila jolasa egin zuten. Sei oskola bildu behar izan zituzten gaztetxoenek, eta sari modura, arto irina eraman zuten etxera, errotan ikasi moduan, etxean taloak egin ditzaten.

Agurtzane Garmendia antolatzaileak azaldu duenez, festa «polita» atera zen eta datorren urterako «gogotsu» daude, berriro ere, horrelako zerbait antolatzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!