Udaleku irekietan izena emateko epea zabaldu dute

Ataria 2023ko maiatzaren 10a

Maiatzaren 19a bitarteko epea izango dute parte hartzaileek izena emateko; udalekuak ekainaren 26tik uztailaren 21era izango dira.

Amezketako Udalak, aurten ere, udaleku irekiak antolatzea erabaki du ekaineko azken astean eta uztaileko lehen hiru asteetan. Izena eman ahal izango dute 2022-2023 ikasturtean Haur Hezkuntzako 2 urtekoetatik hasi eta Lehen Hezkuntzako 6. maila bitarteko haurrek. Ekainaren 26tik uztailaren 21era izango dira, astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 13:00etara.

Izena eman nahi duenak maiatzaren 19a bitarteko epea izango du, eta udalak adierazi du aurten ez dutela onartuko epez kanpoko inskripziorik. Familia bereko kide bat edo bik izena emanda, 77 euro ordaindu beharko ditu bakoitzak; eta familia bereko hiru kide edo gehiago izanda, bakoitzak 55 euro ordaindu beharko ditu. Izena emateko inskripzio fitxa bete beharko da eta udaletxera eraman edo gazteria@amezketa.eus helbidera bidali.

Ordainketen kasuan, ordainketaren ziurtagiria izen emate fitxarekin batera aurkeztu beharko da. Honakoa da zenbakia: ES71 2095 5020 0610 6002 4469. Edozein zalantza argitzeko, 688 711 675 zenbakira deitu daiteke.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!