Amezketatik Ugartera bidegorria egiteko proiektua onartu du udalak

Irati Saizar Artola 2023ko mai. 3a, 11:58

Bidegorriarekin batera, ur saneamendua, Ugartera gasa sartzea eta edateko ur hornidura berritzea, eta Bartolome Deuna kaleko zorua berritzea bildu dituzte proiektuan.

Amezketako Udalak apirilaren 20an egindako plenoan eman zion onespena urte luzez herrian lantzen aritu diren proiektuari. Proiektu horren baitan sartzen dira ur saneamendua, Amezketatik Ugartera bidegorria egitea, Ugartera gasa eramatea eta ur hornidura berria jartzea, eta Bartolome Deuna kaleko zorua berritzea.

Udalarekin batera, Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak, Gipuzkoako Uren Kontsortzioak eta Ekonomia Sustapena, Turismo eta Landa Inguruneko Departamentuak hartu dute parte proiektuan eta lankidetza hitzarmena adostu dute.

Aspaldiko eskakizuna

Mikel Arteaga zinegotziak gogorarazi duenez, Amezketako Udalak 2008an luzatu zion aldundiari bidegorria egiteko eskaera. «Aldundiak ur saneamendua egin behar zuen, eta hortik etorri zen ideia; hodiak sartzeko zuloak egin behar ziren, eta gainean bidegorria egiteko aukera ikusi zen».

Krisi ekonomikoak proiektua alde batera uztea ekarri zuela esan du Arteagak. 2018an, Bidegorriaren Aldeko Plataforma eratu zen herrian, eta 500 sinadura inguru bildu zituzten bidegorria eskatzeko. Izan ere, errepide nagusiak soilik lotzen ditu Ugarte eta Amezketa. «Errepide horretan elkarbizitzen dira oinezkoak, bizikletak, kotxeak, kamioiak... arrisku handiko gunea da eta bidegorriarekin segurtasuna irabaziko da», dio zinegotziak.

Aldundiarekin jarri zen berriro harremanetan udala, eta lege aldaketagatik, aurreko proiektuari aldaketak egin behar izan dizkiote: «2008ko proiektuan erreka ondotik zihoan bidegorria, baina aukera hori bideragarria ez denez, errepide ertzetik egin beharra daukagu». Proiektua aldatzen aritu dira 2020ra arte eta uda horretan jaso zuen udalak proiektu eguneratua.

Lur jabeekin negoziaketan aritu da udala, eta beraien eskaera pertsonalak egin dituztela kontatu du zinegotziak, eta eskaera orokor bat ere egin dutela: hasiera batean, bidegorriaren zabalera hiru metro eta erdikoa egitea aurreikusten zen, eta lur jabeek hiru metrokoa izan dadila eskatu dute. Udalak eskaera horiek guztiak aldundiari helarazi dizkio.

Proiektu berean doaz, beraz, hainbat lan ezberdin. Ur saneamenduari dagokionean, bi fase daude aurreikusita: batetik, Amezketako San Bartolome auzotik Ugarteraino, eta bestetik, Ugartetik Alegiaraino. Lehenengo fasea soilik sartu dute hitzarmenean. «Ur zikinak errekara isurtzen dira oraindik Amezketan, eta saneamenduarekin, hodi bidez iritsiko dira Alegiara, hango kolektore orokorrarekin lotu eta Adunako araztegira joango lirateke».

Lan horiek egingo direla kontuan izanda, Bartolome Deuna kaleko zorua berritzeko aprobetxatu nahi du udalak, baita Ugartera gasa sartzeko ere. Bere aldetik, Gipuzkoako Ur Kontsortzioak ere lan horiek aprobetxatu nahi ditu Ugartera doazen ur hornidurako hodiak berritzeko.

Beraz, bidegorriaren azpian, saneamendu kolektorea, edateko ura hornitzeko hodia eta gas kanalizazioa joango dira Amezketatik Ugartera bidean; baita bidea argitzeko behar den linea elektrikoa ere.

Finantzaziorako akordioa

Proiektuak 4.347.672 euroko aurrekontua du. Arteagak dio udalak ezin duela zifra hori bere gain hartu, eta negoziaketan aritu direla aldundiarekin. Hori horrela, honela lotu dute betebehar ekonomikoen banaketa: Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak ur saneamenduaren kostuaren %50 hartuko du bere gain; Gipuzkoako Uren Kontsortzioak ur saneamenduaren %50 eta edateko ura hornitzeko sarearen %100; Ekonomia Sustapena, Turismo eta Landa Inguruneko Departamentuak bidegorriaren %55; eta, Amezketako Udalak, bidegorriaren %45 eta gas sare berriaren %100.

Amezketako Udalak, beraz, 1.107.400 euro ordaindu beharko ditu, proiektu guztiaren %25. «Lur jabeekin eta aldundiarekin negoziaketan aritu garenean, proiekturako dirua jartzen aritu gara, 460.000 euro jarrita dauzkagu, beraz, 650.000 euro inguru falta zaigu». Zifra hori «ahalik eta baxuena» izateko diru laguntzak eskatuko dituzte orain.

Proiektua eta hitzarmen ekonomikoa parte hartu duten lau erakundeetatik pasako dute orain, eta behin sinatuta, esleipena martxan jarriko du aldundiak. Hemezortzi hilabeteko lanak izatea aurreikusi dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!