Ierabizkar errotaren urteurrena ospatu dute

Ataria 2023ko apirilaren 24a

Urtebete egin du errotak zabalik, eta ospatzeko tartea hartu zuten atzo goizean; besteak beste, Edurne Barriolak poneyen komunikazioari buruzko tailerra eskaini zuen.

70 urtez itxita izan eta gero, iaz ireki zuten Ierabizkar errota. Urtemuga ospatzeko festan murgildu ziren herritarrak, atzo goizean, errotan bertan, Pello Zabala gunean. Zaldizketako Edurne Barriola herritarra izan zen bertan, Kintze poneyarekin, eta poneyen komunikazioari buruzko tailerra eskaini zuen. Horren ostean, bertaratu zirenek poneya orrazteko, ukitzeko edota berarekin argazkiak ateratzeko aukera izan zuten. Agurtzane Garmendia herritarrak esan duenez, «hitzaldi interesgarria eta polita» eskaini zuen Barriolak. «Asko eskertzen dugu herrian horrelako pertsonak izatea», gehitu du.

Horrez gain, Amezketako lehen sektoreko produktuekin egindako pintxoak dastatzeko aukera izan zuten bertaratu zirenek, eta musika ere lagun izan zuten, bi herritarrek soinua eta panderoa jo baitzuten. «Urte guztian zehar jende asko ibili da Pello Zabala gunea bisitatzen, eta atzo ere hori ikusi ahal izan zen; oso pozik gaude», esan du Garmendiak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!