Zazpi Iturrik Zugarralde kanporatu du Berria Pilota Txapelketan

Ataria 2023ko api. 19a, 19:57

Gorostidi Amezketako Zazpi Iturri klubeko kadete mailako aurrelaria, pilota jotzear, Zugarralderen aurkako kanporaketan. Argazkia: GORKA RUBIO / FOKU

Ostiralean jokatu zuten final-hamaseirenetako kanporaketa Amezketan, eta etxekoek lehen bi partidak ongi irabazita lortu zuten garaipena; Buruzgain taldea izango dute aurkari final-zortzirenetan.

Astebeteko atsedenaldiaren ondoren, joan den asteburuan ekin diote berriz ere lehiari Berria Txapelketan. Burlatako Zugarraldek ezin izan zuen ezer egin Amezketako Zazpi Iturriren kontra, eta eskualdekoak final-zortzirenetan izango dira; Ultzamako (Nafarroa) Buruzgainen kontra jokatuko dute.

Lehen bi partidak ongi irabazita sailkatu ziren amezketarrak. Kadeteetan, Zazpi Iturriko Gorostidik eta Karrerak 22-5 menderatu zituzten Zugarraldeko Gracia eta Eguaras. Partidak ez zuen parekotasunik izan. Lehia handiko tantoak izan ziren, baina fisikoki alde handia egon zen bi bikoteen artean. Gorostidi izan zen onena.

Borroka handiagokoa izan zen gazteen arteko norgehiagoka, emaitzari dagokionez, behintzat. Amezketako Gorostidik eta Plazaolak 22-14 menderatu zituzten Burlatako Rebole eta Urmeneta. Jokoari dagokionez, ordea, bistakoa zen gehiago zirela amezketarrak, eta ez zuten huts egin. Une oro alde polita izan zuten (8-2, 15-6), eta ongi kudeatu zuten bukaerara arte. Bi aurrelarik osatu zuten bikote nafarra, eta hori nabaritu egin zitzaien.

Gauzak hala, guztia erabakita zegoen nagusien partida hasterako, eta horretan ez zen emoziorik izan. Burlatarrek nagusitasunez lortu zuten ohorezko puntua. Elizaldek eta Alduntzinek 22-5 gainditu zituzten Zabala eta Beloki. Erakustaldia eman zuten garaileek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!