Urtebetean 30.000 kilo hondakin gutxiago sortu dute Amezketan

Irati Saizar Artola 2023ko mar. 8a, 11:58

Hondakinen bilketa sistema berriarekin «zoriontzeko» moduko datuak jaso dituzte 2021ean eta 2022an; hala ere, udalak gogorarazi du badagoela oraindik hobetzeko aukera.

Amezketako Udalak hondakinen bilketarako sistema «eraginkorragoa eta txukunagoa» jartzea erabaki zuen 2020ko uztailean. Azken bi urteetako datuak aztertuta, hondakinak sailkatu, birziklatu eta geroz eta gutxiago sortzeko amezketarrek egindako esfortzua «nabarmena» dela esan du udal gobernuak. Datuek erakusten dute hori, izan ere, 2021ean, denera 229.933 kilo hondakin bildu ziren herrian, eta 2022an, 198.556 kilo.

Bilketa sistema berria jarri ahal izateko, 2020ko udan, konpost guneak kendu zituzten eta landa eremuko edukiontzi txikien ordez hondakinen gaikako bilketarako edukiontzi handiak jarri zituzten udalerriko hainbat puntutan. Horrela, errefusa eta hondakin organikoaren kudeaketarako sarraila elektroniko bidezko sistema jarri zuten. Udaletik herritarren «ahalegina eta konpromisoa» nabarmendu dituzte, «ezinbestekoa baita guztien partaidetza, ahalik eta hondakin gutxien sortu eta sortutakoa ongi bereiztea, ingurumena babesten laguntzeko».

Datuak hobetzen

Amezketako etxeetan sortutako hondakinen %76,5 gaika bildu zen 2022an. Aurreko urtetik datu hori mantendu egin dela diote, eta Tolosaldeko ehunekotik gora jarraitzen duela esan dute. Tolosaldean, batez beste, etxeetan sortutako hondakinen gaikako bilketa %67koa izan zen iazko urtean.

Sortutako hondakin kopuruari dagokionez, Amezketan biztanle bakoitzak, batez beste, 245,92 kilo hondakin sortu zituen 2021ean. Aldiz, 2022an, 210,11 kilo sortu dira biztanleko. Kopuru hauek, hondakin gutxien sortzen duten zenbait herri txikiren gainetik jarraitzen dute, baina batez bestekoaren azpitik 296,02 kilo biztanleko. «Zoriontzekoa da», esan dute.

Hala ere, hondakinak hobeto kudeatzeko aukera oraindik badagoela gogorarazi dute. «Oraindik ere, noizbehinka, amezketar batzuen jokaera desegokiak ikusten dira birziklatzerako orduan». Jarrera desegokiak dituztenei herria txukun mantentzeko saiakera egin dezatela eskatu diete.

Eta bide horretan, udalak herritarrak animatu nahi ditu birziklapenaren bidetik jarraitzeko eta hondakinen kudeaketan gauzak hobetzen joateko. «Maite dugun gure lurraldeak eskertuko digu, bai orain eta baita etorkizunean ere».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!