Tokiko Energia Komunitatea eratzeko lehen bilera egingo dute Amezketan

Ataria 2023ko ots. 23a, 11:00

Gaur izango da bilera, 19:00etan, kultur etxeko aretoan; energia komunitatea sortzeko 213 eguzki panel jarriko ditu udalak Larrunarri pilotalekuko eta Zumadi eskolako estalkietan.

Amezketako Udalak ingurumenaren aldeko pausoak ematen jarraitzen du. Hurrengo hilabeteetan, Amezketako Larrunarri pilotalekuko eta Zumadi eskolako estalkietan 213 eguzki panel jarriko dituzte, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, Next Generation funtsez baliatuta.

Sortzen den energia berriztagarria Tokiko Energia Komunitatearen bidez kudeatuko da. Horrela, komunitateko bazkide izateko erabakia hartzen duen amezketar bakoitzak 0,5 kWko partaidetza izango du, eta urtean zehar fakturan «dirutxo bat aurreztu» ahal izango duela esan dute udaletik. Bazkide izatea doakoa izango da, eta edozein momentutan utzi daiteke partaidetza.

Europar Batasuneko datuen arabera, 2019an, 1.800 energia komunitate zeuden Alemanian, 700 Danimarkan eta 500 Herbehereetan. Dagoeneko, Gipuzkoako zenbait herritan abian daude energia komunitateak: «Erraztu egiten du auzotar talde batek elektrizitatea sortzen duten tokiko instalazio berberak batera baliatzea; elkartze horrek, energiaren sorrera hobeto aprobetxatzeaz gain, ingurumen eta gizarte onurak dakartza».

Horretaz guztiaz informatzeko, bilera informatzailea egingo dute gaur, 19:00etan, kultur etxeko aretoan. Herritarrek izan ditzaketen zalantzak argitzeko aukera izango da. Dena den, informazio orokorra eskuragarri dago hemen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!