Jokin Altuna Athleticen enbaxadore izendatu dute

Ataria 2023ko otsailaren 6a

Bilboko futbol taldea 125. urteurrena ospatzen ari da aurten eta hilabetero enbaxadore bat izendatzen du. Urtarrilean Jon Rahm Barrikako golf jokalaria izendatu zuten; otsailean, berriz, pilotari amezketarra. Altuna txikitatik da Athleticen jarraitzailea.

Jokin Altuna pilotari gipuzkoarrak Jon Rahmen lekukoa hartu du Athletic Cluben 125. urteurreneko enbaxadore gisa, eta hala izango da otsaila osoan zehar. «Altunak gure balore guztiak ordezkatzen ditu: umiltasuna, ahalegina eta irabazteko grina», adierazi du futbol taldeak.

Altuna Athleticen jarraitzailea da txikitatik, bere osabak kamiseta zuri-gorria oparitu zionetik. 2009an ikusi zuen zuzen-zuzenean lehen partida, San Mamesen. Altunak Ibaigane bisitatu du, eta bertan Jon Uriarte presidentearekin eta Jose Angel Iribar futbolari ohiarekin egon da, 125. urteurreneko intsignia janzteko. «Ohorea da niretzat, txikitatik izugarri gustatu izan zait Athletic. Ez nuen halakorik espero. Ez da aukeratzen duzun zerbait, sentitzen duzuna baizik. Asko gustatzen zait futbola nola bizi den hemen, taldearen eta afizioaren arteko lotura horrek txunditzen nau», azaldu du pilotari amezketarrak.

2017an, 21 urte zituela, ohorezko sakea egin zuen amezketarrak Athleticen eta Real Madrilen arteko partidan, eta 25 urterekin beste omenaldi bat egin zioten, bere azken garaipen handiaren ondoren.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!