Beltzaren plaza berritu du Amezketako Udalak

Irati Saizar Artola 2023ko ots. 2a, 07:59

Kirolarentzat soilik bideratuta zegoen plazak «aukera ezberdinak» eskaintzen ditu orain; herritarrekin egindako parte hartze prozesu baten bidez diseinatu dute.

Amezketako Beltzaren plaza berritu du udalak, eta saskibaloi eta tenis pistak kenduta, gune ezberdinak sortu dituzte, «ahalik eta erabilera gehien» emateko plazari. Horrela, skate parkea, kirol anitzetako pista, egur eta sokazko egitura bat eta ohe elastiko bat jarri dituzte.    

Lehen ideia moduan, kirol anitzetako pista bat jartzea pentsatu zutela kontatu du Mikel Arteaga zinegotziak, baina hausnartzeko tartea hartu zuten ondoren: «Betiko kiroletara begira geundela konturatu ginen, futbola edota eskubaloia erdigunean izango zuena». Ideiaz aldatzea egokiagoa izan zitekeela irudituta, parte hartze prozesu bat jarri zuten martxan herritarrekin. 

Haurrekin eta gurasoekin egin zituzten bilerak, haien ekarpenak jaso eta aztertzen hasteko. Gaztelekuaren bidez egin zuten lehen parte hartze saioa haurrekin, eta ondoren elkartu ziren haien gurasoekin, beste saio bat egiteko. Jarraian, herri mailan bilera egin zuten, ideiak plazaratu eta ekarpenak jasotzeko. 

Ekarpen horietatik diseinatu dute orain egin duten parkea. Beltzaren plaza ondoan parke bat dago, «0-6 urte bitartekoentzat izan daitekeena», eta plaza berria adin horretatik aurrerako haur eta gaztetxoentzat bideratuta behar zuela izan ondorioztatu zutela adierazi du. 

Ekarpenetatik diseinura

Plazak lehendik zituen bi erabilera mantendu nahi izan dituzte: batetik, bertan dagoen tabernaren terraza mantendu dute, gune bat horretarako utziz, eta, bestetik, plaza bera pasabide moduan erabiltzen du jendeak, parketik plaza nagusira joateko, eta pasabide hori mantendu nahi izan dute.

Behin bi erabilera horiek mantenduta, libre geratu zaizkien guneetan kirol anitzetako pista bat jarri dute, «hasieran aurreikusten zena baino txikiagoa», skate gune bat ere jarri dute eta egurrezko eta sokazko egitura bat ere bai, «haurrak gora eta behera ibili daitezen»; egitura horren ondoan,  ohe elastiko bat jarri dute. Horrez gain, lehen zeuden sare eta baranda zaharrak kendu eta baranda berriak jarri dituzte. 

Plazaren azpian garajeak daude eta horrek baldintzatu egin dizkiete lanak, Arteagak azaldu duenez: «Lurra zulatu gabe jarri behar izan ditugu elementu guztiak, urarekin arazo gehiago ez sortzeko». Hori horrela, hormigoizko estruktura batzuk jarri dituzte, bi funtzio dituztenak: batetik, esertzeko balio dute, eta, bestetik, elementu ezberdinak finkatzeko.

Lehiaketara atera zuen udalak proiektua eta Etxaide enpresak egin ditu obra lanak. Arteagak azaldu du enpresak lurzoruarekin arazoak izan dituela tenperaturagatik, eta emaitza ona izan ez denez, udaberrian arazoak konponduko dituztela. 

Plaza horretan, taberna eta ile apaindegi zerbitzuak daude, eta obrak egin behar zituztela aprobetxatuz, irisgarritasuna bermatzeko arrapalak jarri dituzte.

Lau proiektu denera

Hirigintzako lau proiektu batera aurkeztu dituzte diru laguntzetara: Leader programara eta Gipuzkoako Foru Aldundiak kirol ekipamenduetarako dituen diru laguntzetara. 300.000 euro inguruko aurrekontua zuten lau proiektuek eta ia erdia jaso dutela esan du zinegotziak. Beltzaren plazako proiektuaz gain, beste proiektu bat Mota gunean, udaletxe atzean gauzatu zuten iaz: aire libreko kirol gunea jarri zuten, kalisteniako elementuekin, eta mahai bat eta bankuak ere jarri zituzten atseden hartzeko.

Egiteko dituzten lanen artean daude gainerako bi proiektuak. Batetik, Beltzaren plaza ondoan dagoen parkea estali nahi dute, estalki bat jarriz, eta, bestetik, rokodromo bat jarriko dute udalaren almazen berrian. «Almazen berriaren erdia hartuko du rokodromoak». Bi proiektuak lantzen ari dira uneotan, eta urtea amaitzerako egitea aurreikusi dute. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!