Arantxa Urretabizkaia Amezketako irakurle taldean izan da

Ataria 2023ko otsailaren 1a

20 lagunetik gora bildu ziren atzo Amezketan, 'Azken etxea' liburua aitzakia hartuta egin zuten literatura tertulian.

Arantxa Urretabizkaiak hirugarren aldiz bisitatu du Amezketako irakurle taldea, eta taldeko kideek azaldu dutenez, «lehen unetik konektatu zuen» bertaratu ziren irakurleekin. «Amezketako lehen saioan, buruan iltzatuta geratutako pare bat pasadizo kontatuz hasi zuen saioa». Azken urteetako irakurle gehien bildu ziren atzokoan, 20 lagun inguru: «Batzuk ohiko irakurleak, beste batzuk idazleak berak erakarrita hurbildu zirenak, eta izan zen liburua irakurri gabe azaldu zenik ere».
 
Sarrerako hitzen eta kokapenaren ondoren sartu ziren Urretabizkaiaren azken liburuan, Azken etxea liburuan, eta idazleak liburuari buruzko hainbat xehetasun kontatu zituen, irakurleen galderak abiapuntu hartuta: liburuaren hasierako ideia, narratzaile estiloa, liburuko pertsonaia gakoen ezaugarrien zergatia... eta, horrez gain, irakurleek ere eman zuten beraien iritzia. «Batez ere, zahartzaroak gogoetatzeko balio izan zuen atzoko tertuliak, eta Urretabizkaiak zahartzaro aktiboaren aldeko mezuak eman zituen, baita amona 'ez-entrañablea' izateko eskubidea aldarrikatu ere». Hori guztia, nola ez, beti bezala, jan-edanak lagunduta. Guztira ordu eta laurden inguruko solasaldia egin zuten.
 
Saioan zehaztu ziren 2023ko liburu guztiak. Hilabeteko azken astearteetan elkartuko dira Amezketako irakurzaleak, 19:00etan, Kultur Etxeko lehen solairuan, jubilatuen txokoan. Hurrengo liburua, Maixa Zugasti tolosarraren Atarian izango da, eta idazlearen beraren bisita izango dute otsaileko azken egunean.
 
Egutegia bera ere zehaztu zuten. Lau astez behin izango dira solasaldiak, eta guztietan idazlearen bisita jasoko dute amezketarrek:
  • Maixa Zugasti Muñoa: Atarian, otsailaren 28an.
  • Joseba Sarrionandia Uribelarrea: Munduari bira eman zion ontzia, martxoaren 28an.
  • Kepa Iribar Elizegi: 72 ordu, apirilaren 25ean.
  • Nerea Ibarzabal Salegi: Bar Gloria, maiatzaren 23an.
Amezketako irakurle taldeko kideek gonbidapena luzatu die herritarrei, baita irakurleei eta kuriositatea duten guztiei ere, «ez baita literaturan aditua izan behar bertaratzeko». 
 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!