CL@VE sinadura digitala ateratzeko aukera Amezketan

Tolosaldeko Ataria 2023ko urt. 23a, 19:00

Estatuko Administrazio Orokorrak Administrazioa zugandik gertu ekimena jarri du abian. 500-8.000 biztanle bitarteko udalerrietako herritarrei, Amezketan barne, Administrazioaren izapide eta prestazioen kudeaketa errazteko.

Gobernuaren Gipuzkoako Ordezkaritzak, estatuko funtzionarioen unitate bat eratu du eta programaren xede diren udalerrietara eramateko, saio bat antolatuko da interesa duten amezketarrek parte hartu eta CL@VE deritzon sinadura digitala eskuratu dezaten. Zehazki, saio horretan ondorengoak egiteko aukera izango dute bertaratutakoek:

  • Estatuko Administraziora sartzeko moduei buruzko azalpen zabala emango da.
  • Ordenagailu pertsonala eramaten dutenek ziurtagiri edo sinadura digitala bertan lortuko dute.
  • Bertaratutakoek, nahi izanez gero, CL@VE Iraunkorra lortu dezakete.
  • Nahi duenari administrazioaren dokumentu jakin batzuk eskuratzeko laguntza emango zaio.
  • Aholkularitza pertsonalizatua emango da, besteak beste, erabiltzen ikasteko eta tramite zehatzak egiteko.

Cl@ve sinadurak Estatuko Administrazioarekin izapideak egiteko balio du, beraz oso erabilgarria izan daiteke amezketar askorentzat. Cl@veren bitartez modu errazean edo arinagoan lortu daitezke Espainiako Administrazioaren hainbat ziurtagiri. Amezketako udalak esan du amezketar askorentzat, ordenagailuan horrelako tramiteak egiten ohituta daudenentzat edo horretan ikasi nahi dutenentzat, abantaila bat izan daitekeela CL@VE sinadura digitala lortzea Amezketan bertan.

Funtzionarioen unitatearen bisita antolatze eta zehazte aldera,  interesatuek Amezketako Udalean izena eman beharko dute bertaratuta edo 943 653 189 telefonora deituta. Izena emateko epea otsailaren 3 arte izango da, eta orduan zehaztuko da jardunaldia egiteko eguna eta ordua.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!