1.668.280 euroko aurrekontua  izango du Amezketak

Ataria 2023ko urt. 10a, 11:59

Pello Zabala guneak laguntza jasoko du.

620.000 euro azpiegitura berriak sortzeko edo daudenak hobetzeko erabiliko dituzte; bidegorri berriaren hasierako lanetara bideratuko dute zatirik handiena.

Amezketako Udalak 2023. urtean 1.668.280 euroko aurrekontua izango du, eta 620.000 euro, guztiaren % 37,16, azpiegitura berriak sortzeko edo daudenak hobetzeko erabiliko dituzte, zehazki eta nagusiki bidegorri berriaren hasierako lanetarako eta saneamenduko lanetarako. Honelaxe onartu berri du udalbatzarrak abenduaren 22an egindako ez ohiko bilkuran, aho batez. 2022ko aurrekontuarekin alderatuz, 2023koa % 20 gutxiago dela.

Udalbatzarrak hasierako onespena eman zion pasa den hilean 2023ko aurrekontuari, eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean onespenaren iragarkia argitaratuta, aurrekontuaren espedientea ikusgai jarri dute udaletxean eta amezketar guztiek aukera eta eskubidea dute udalaren kudeaketa ekonomikoaren nondik norakoak jakiteko, eta baita ere, egoki ikusiz gero, iradokizun eta erreklamazioak egiteko.

2022an baino gutxiago
Udalak esan du 2023an pasan urtekoa baino aurrekontu txikiagoa izatearen arrazoia dela dagoeneko Amezketako saneamenduaren eta bidegorriaren egitasmoaren gauzatzea eta horren egutegia argitu direla. Gipzukoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak joan zen astean egitasmo hori behin betikoz onartu zuen eta aurreikusitako egutegiaren arabera lanak, ondo bidean, irailean hasiko lirateke. Ondorioz, udalari, bere aurrekontuetan jaso behar duen kopurua, 270.000 euro, ez da horren handia; 2024, aldiz, gasturako esfortzu handiena izango da. 


Aurrekontuaren egiturari dagokionez, udalak esan du diru-sarreretan % 45 inguru Gipuzkoako Foru Aldundiko Udal Finantziaziorako Fondotik datozela, %23 inguru beste administrazio publikoetako diru laguntzetatik, eta % 26 udal zergetatik. 2023ko aurrekontuan ez dute mailegu operaziorik aurreikusten.
Gastuaren atalari dagokionez berriz, kapituluka proportzioak honakoak dira: % 27 udal langileen ordainsariei dagokio, ia % 29 ondasun eta zerbitzuei (argindarra, gasa, ura, bulego hornidurak, kontratu desberdinak, udal eraikinen mantenu gastuak, informatika, festa eta kultur ekintzen kontratazioa, eta abar luze bat), % 7 pasatxo diru transferentzia edo diru laguntzak dira, horien artean, Amezketako hainbat kirolari eta elkarteri edota eskualdeko beste hainbat erakunderi emandakoak, adibidez, Tolosaldeko Mankomunitateari zaborrak bildu eta kudeatzeko; eta azkenik inbertsiotara bideratuko dute aurrekontuaren % 37.

Lehen helburua
Amezketako 2023ko aurrekontuak bi helburu nagusi ditu. Lehenengoa, eta azken urteetako ildoari jarraituz, herriko azpiegiturak hobetzen jarraitzea izango da. 2022ko aurrekontuan Amezketako bidegorriaren eta saneamenduaren lanak burutzeko diru kopurua aurreikusi zen, baina Gipuzkoako Foru Aldundiak uste baino denbora gehiago behar izan du gauzatze proiektua eguneratzeko, beraz aurreikuspen horiek ez dira bete. Oraingoan berriz, aldundiak bere 2023ko aurrekontuan behar diren diru-kopuruak jaso ditu eta lanak 2023an hasiko direla agindu diote Amezketako Udalari. Bidegorria burutzea udalaren ardura izanik, udal aurrekontuan 2023an 350 mila euro jaso dituzte eta 2024 urterako 750 mila euroko konpromisoko kreditua onartu dute.

Herriko beste azpiegituren hobetzeari dagokionez, udalak herriko pilotalekuak txukuntzeko aurreikusitako 40 mila euroak nabarmendu ditu. Beste horrenbeste bideratuko dute rokodromo bat egiteko, 2022an ezin izan zelako egin. Bestalde, udalak baserri bideak konpontzeko politikarekin jarraituko du (70 mila euro), eta aldundiarekin elkarlanean, onura publikoko mendian hobekuntzak egiten jarraituko du, Goilarre programaren bidez (10 mila). 
Azkenik, Zumadi Eskola txukuntzen jarraituko dute; 2022an eguzki plakak eta gasaren azpiegitura jarri zituzten eta 2023an beste zenbait txukunketa egingo dituzte, 8 mila euro bideratuz.

Bigarren helburua
Bigarren helburua da udalak herritarrei eskaintzen dizkien zerbitzuen kalitatea mantentzea. Udalaren eskumena da zabor bilketa egitea edo Gaztelekua zein jubilatuen txokoa bezalako zerbitzuak aurrera eramatea eta bakoitzari dagokion gastu kopuruaren bitartez zerbitzu horiek bermatzen jarraituko du, udal eraikinen mantenuaren bitartez edo ekintzak antolatuz.

Beste udal zerbitzu batzuk
Beste zenbait udal zerbitzuren kostuen aurreikuspena egin du era berean, udalak. Hirugarren adinekoen zerbitzuen atalean, helduentzako etxez etxeko laguntza zerbitzuak 30.000 euroko kostua du, 2022ko bikoitza. Gazteleku, gazteri eta udako ludotekaren zerbitzuek aldiz 58.000 euroko kostua dute, 2022an baino 8 mila euro gehiago. Urtean zehar Amezketan antolatzen diren festa eta ekitaldi kultural guztientzako 55.000 euro bideratu ditu udalak, 2022an baino 13 mila euro gehiago, «herriko kultur-eskaintza indartzeko asmoz». Azkenik udalak euskararen erabilera, kirolaren sustapena eta Akelok Guraso Elkartearen jarduerak bultzatzen jarraituko du eta horietarako, ekimen eta diru laguntza desberdinen artean 44.000 euro inguru daude.

Era berean, Pello Zabala Gunearen erabilera sustatzeko 15.000 euro inguru jaso dituzte. Horrela, Amezketako natur eta kultura ondarea jasotzen dituen gunea bisitatzeko aukera urte guztira zabaldu dute eta edozeinek (herritarrak, bisitariak, eskoletako ikasleak, elkarteak…) aukera izango dutelarik hitzordua adostu eta bertaratzeko.

Komunitate energetikoa
Azkenik, udalak argitu nahi izan du 2022ko aurrekontuaren berri ematerakoan aldundiaren eskutik zetorren ekimen baten berri eman zela Amezketan komunitate energetikoak eratzeko: «Egitasmo hori forma hartzen joan da urte honetan zehar eta 2023ra begira behingoz udaletxean eta Zumadi Eskolan teilatuak erabiliko dira eguzki plakak jartzeko. 

Horrela, urtarrilean deialdi bat egingo zaie herritarrei azaltzeko eta interesa dutenek izena emateko aipatu komunitate energetiko horietan parte hartu ahal izateko, norbanakoen fakturan aurrezpen txiki bat lortzeko helburuarekin».

Amaitzeko esan dute udala prest dagoela diru publikoa zertan erabiltzen den herritarrei azaltzeko, «herritarren diruaren kudeaketa gardena izan behar baita. Edozein amezketarri gonbita egiten diogu udaletik, jakin-mina izanez gero, udaletxera gerturatzeko eta behar dituen azalpen guztiak jaso ahal izateko».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!