ELKARRIZKETA

«Jendeak proiektuko datuen berri jakitea nahi nuen»

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko abe. 15a, 07:59

Imanol Artola Arretxe 'felix' amezketarrak Txillardegi-Hausnartu Soziolinguistika Sarietan lortutako bigarren saria jasoko du, gaur, Bilbon 'Tolosaldeko ikasle eusleak' ikerketarengatik.

Txillardegi Hausnartu Soziolinguistika Sarietan bigarren saria eskuratu du Imanol Artola Arretxe Felix-ek, Tolosaldeko ikasle eusleak ikerketa lanarekin. Gaur eguerdian bere lana aurkeztearekin batera jasoko du saria, Bilbon, EHUko Bizkaia Aretoan.

Espero ahal zenuen sarituen artean izatea?

Inondik inora. Lehen saria eskuratu izan dutenak gure euskalgintzako mundutxo honetan izen bat duten jendea izan ohi dira normalean, eta nik bigarren saria eskuratzerik ez nuen espero.

Zergatik ikerketa hori?

2018an egin genuen Alegiako eskolan lehen aldiz ikasle eusle proiektua, eta behar berezi bati erantzuteko egin genuen bere garaian. 2020ko ikasturtean jada Tolosaldeko DBHko bost zentrotan egin genuen. 2021-2022 ikasturtean, Tolosaldeko DBHko zentro guztietan egin genuen. Ekainean ikastetxeei proiektuaren ondorio batzuk aurkeztu nizkien, eta uztailean zehar, jada datuak gehiago gurutzatu eta datuen saltsan hasi nintzenean, orduan jabetu nintzen benetan zein datu interesgarri dauden hor tartean.

Ezagutarazi egin nahi zenituen?

Jendeak proiektuko datuen berri jakitea nahi nuen, ezagutzea. Soziolinguistika Klusterrak antolatzen duenez sariketa, datu hauek ematea erabaki nuen, batez ere, beraiek argitaratzen duten Bat Soziolinguistika aldizkarian gaur edo bihar publikazio txikiren bat egiteko eskatuko balidate edo. Helburu soil hori nuen.

Zer da ikasle eusle bat izatea?

Ikastetxean planteatzen dugun lau asteko egitasmo bat da. Hiru urte badaramatzagu, eta jada Galtzaundi Euskara Taldearen barruan kontsolidatutako proiektua da. Ikasle eusle batek, astebetez, eskola eremura sartzen denetik ateratzen den arte euskaraz egin behar du. Berdin du besteek zein hizkuntzatan egiten dioten, ikasle horrek euskaraz hitz egin behar du. Zortzi ikastetxetan, ehun gela baino gehiagotan egin ditugu aurkezpenak; 2.000 ikasle baino gehiagok hartu dute parte, eta gela bakoitzean lau eusle izan dira. Dimentsio handi bateko proiektu bati buruz ari gara hizketan. 12-16 urte arteko Tolosaldeko kasik pertsona guztiek hartu dute parte.

Eusle izan nahi dute?

Eusle izateko prest dauden edo ez galdetzen zaie, eta eusle izateko prest dauden horien artean bozka gehien jasotzen dituzten lau ikasle aukeratzen dira. Eta astearen amaieran berriz galdetzen zaie beste aste batez jarraitu nahi duten. Amaieran galdetegi luzeago bat bete behar izaten dute. Nik hasieran gelatan aurkezpenak egin, eta gero datuak ustiatu ditut. Irakasleek dute meritua, astero, galdetegia betearazi dietelako ikasleei, eta batez ere Galtzaundiren eta ikastetxeen zubi lana egin duten irakasle horiei esker izan ez balitz, proiektu hau ez zen garatuko.

Irakasleen prestutasuna behar aurrera egiteko.

Hori da. Eta Tolosaldean DBHko zentroak Alegian, Amasa-Villabonan, Anoetan, Ibarran eta Tolosan daude eta bertako udalei ere eskerrak eman beharra dago, proiektu hau beraiek finantzatu dutelako.

Zer lortu nahi da?

Eskolarik erdaldunenetan hasierako euskararen erabilera aitortutik 10 puntu baino gehiagoko igoera izan da. Hori da nire ustez klusterrari ere ziurrenik interesgarri egin zaiona eta horregatik esango dute beste eskoletara ere transportagarria izan daitekeela. Tolosaldean erdararako joera gehien duten eskoletan eragin badu gehien proiektu honek, Tolosaldea baino zonalde erdaldunagoetan ere eragin ote lezake? Ikusi egin beharko da. Hala ere, datu kuantitatiboei baino, ikasleen laurden batek ahaldunduago sentitzen dela esaten baldin badu, ni horrekin oso pozik. Hor jarri behar dugu arreta, eta guri Tolosaldea bezala badagokigu funtzio bat, batez ere, hemendik kanpora ateratzen garenean, eta bi hizkuntzetako elkarrizketetan eroso sentitu behar dugu, eta lehen hitza beti euskaraz izan dadila. Euskaraldiaren ildo beretik doan proiektua da.

Elkarrizketa osorik entzun hemen Pasahitza saioaren amaieran.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!