Amezketan herri mailara zabaldu nahi dute abenduaren 24ko kantu jira

Ataria 2022ko abenduaren 14a

Akelok Guraso Elkarteak ohar baten bidez jakinarazi diete asmoa herritarrei; aurten, gainera, bi ibilbide aukeratu dituzte egun horretarako.

«Errealitate bat da urtetik urtera herrian jaiotze tasak nabarmen egin duela behera. Horrek, Eguberriak datozela eta, hausnarketa sakon bat egitera bultzatu gaitu Akelok Guraso Elkartean. Ohitura zahar eta polit hau mantendu nahi dugu eta azken urteotan ikusi dugu gero eta zailagoa egiten zaigula festa jendetsu bat antolatzea», adierazi diete herritarrei ohar baten bidez.

Hori dela eta, aurten, abenduaren 24ko kantu jirarako deialdia herri mailara zabaldu nahi dute, eta egun horretan beraiekin abestera animatu nahi dituzte herritarrak, «denon laguntzarekin politagoa izango baita».

Bestetik, bi ibilbide aukeratu dituzte egun horretarako, ahal den etxe gehienetara iristeko asmoz. Lehen taldea 9:30ean abiatuko da Ugarte auzotik herrirantz, eta bigarrena, 10:30ean elizatik beherantz. Horrela, denak Beartzana-Ametzako biribilgunean elkartuko dira, handik plazarako bidea elkarrekin egiteko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!