Larrondon ganadua larreratu nahi dutenek izena eman beharko dute

Ataria 2022ko abenduaren 14a

Amezketako Udalak Larrondon ganadua larreratzeko izen ematea zabaldu du, eta abenduaren 30 da izena emateko azken eguna. Izen ematea udaletxeko bulegoan egin beharko da.

Larrondoko larrealdirako izena emateko epea ireki da, eta datorren urtean ganadua Larrondora igo nahi dutenek orain izena ematea nahitaezkoa dute. Amezketako Udalak izena emateko azken eguna hilaren 30a dela adierazi du, eta udaletxeko bulegoan egin behar da izen ematea. 

Behiak, ahuntzak eta ardiak 2023ko maiatzaren 1etik 2024ko martxoaren 31ra bitartean larreratu ahal izango dira. Aldiz, behorrak eta zaldiak larreratzeko epea urriaren 12an irekiko da eta martxoaren 31n bukatu. Animalia bakoitzeko ordaindu ere egin behar da, eta ardi eta ahuntz bakoitzeko euro bat, eta behi edo behor bakoitzeko 10 euro ordaindu beharko ditu ganaduzaleak.

Udaletik garbi utzi nahi izan dute, nahiz eta ganadua udazkenean larreratu, urtea bukatu baino lehen udaletxean apuntatzea behar-beharrezkoa dela. "Neurri honi jarraipen zehatza egingo diogu, eta agindu hau betetzen ez bada udalak bere neurriak hartuko ditu", esan dute. Era berean, "abereek derrigorrezko osasun baldintzak bete behar dituzte", gaineratu dute.

Gainera, ohartarazi dute Larrondora ezin dela ganadurik eraman Enirio-Aralarko larreetara igo aurretik, hau da, Enirio-Aralarko larreetara zuzenean eraman behar dela ganadua. 

Bukatzeko, landatutako landare gazteak eta itxiturak errespetatzeko eskatu du Amezketako Udalak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!