ERREPORTAJEA

36ko gerran herrian gertatuak oholtzara

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko abe. 16a, 07:59
Amezketarren entsegua herriko kultur etxean. I. TERRADILLOS

Amezketako 31 herritarrek aktore lanak egingo dituzte, bihar, Gerra omen zetorrek! Ederrak egin dizkinagu! antzezlana plazaratuz; sarrera guztiak istant batean amaitu eta gero, bost aldiz egingo dute 36ko Gerrak Amezketan utzitako istorioak kontatuz.

Gerra omen zetorrek! Ederrak egin dizkinagu! antzezlana prestatu dute amezketarrek herritarren aurrean antzezteko. Bihar, egun guztirako lanak hartuak dituzte 31 aktorek eta beste hainbat laguntzailek. Plazatik abiatuko den antzezlanak kultur etxean izango du jarraipena. Amezketako Antzerki Taldeak 36ko Gerrak Amezketan izandako ondorioak jasotzen dituen antzezlana oholtzaratuko du.

11:00etan, 13:00etan, 16:00etan eta 18:00etan izango ziren saioei, 19:30eko saioa gehitu behar izan diete, sarrera guztiak istant batean bukatu eta gero. Arrakasta izan du herritarrek antzezlana prestatzeko egin duten ahaleginak, eta herriak bikain erantzun die.

36ko Gerrako bilketa handi bat egin du Antton Amundarain herritarrak, eta «informazio guzti horrekin liburu bat idatzi du, eta bere ideia izan zen antzerkia egitearena», kontatu du aktore lanetan ariko den Alaitz Labaienek. «Bertako anekdotak-eta aprobetxatuz herritarren artean antzerki bat egitea nahi zuen Anttonek», zehaztu du.

 

Alaitz Labaien: «Adin ezberdinekoak eta mundu ezberdinetan gabiltzan herritarrak elkartu izan gara, lagun izatera iristen gara eta horrek asko balio du»




Herritarrek herritarrentzat antzerkia egiten duten lehen aldia ez dute. «Lehendik ere saltsan ibilitakoak gara antzerki munduan», dio Labaienek, eta «ezezkorik ez genion esan», gaineratu du. Amundarainek bildutako informazio guztiarekin Agustin Amiano altzotarrari eskatu zioten laguntza, eta Amianok prestatu die amezketarrei gidoia. Gidoia esku artean izanda, «guk gurera ekarri dugu, eta entseguetan aritu gara orain artean», azaldu du amezketarrak.

Amezketan 36ko Gerrak utzi zituen zertzelada batzuen inguruko antzerkia izango da. «Interesgarrienak edo antzerkira ondoen egokitzen direnak aukeratu ditu Amianok», argitu du Labaienek. Eta «horien inguruan istorio bat kontatzen da».

Ezezagun direla, edota pertsonalki berak behintzat ez zituela ezagutzen aitortu du: «Izango dira badakizkiten herritarrak edo interesa izan dutenak edo gaia gertuagotik bizitu dutenak».



Azken antzerkia egin zutenetik «uste baino azkarrago» zazpi urte pasa zaizkiela ekarri du gogora Labaienek. Herritarrek herritarrentzat, eta herritarrekin sortzen den taldea izaki, «lagunei komentatu, gezur txiki pare bat esan, eta paper motza izango duela esanda konbentzitu izan ditugu», esan du taldea osatzeaz galdetuta. «Parrandak ere aprobetxatu izan ditugu», kontatu du.

«Ez profesional izate horretan gaitasun handirik ere ez dugula ikusi dugu», dio. «Transmititu nahi dugun hori, pertsonaia gutxirekin, eszenatoki txiki batean... hori transmititzeko beti paper motzekin jokatu izan dugu, ez baikara gai paper luzeak egiteko», argitu du.

Baina aurtengoan ukitu berezia eman nahi izan diotela aurreratu du: «Gaiak duen garrantziagatik edo sakontasunagatik».

Herritarren sarea

Azkeneko antzerkian parte hartu zuten bost lagun elkartu ziren lehenik eta behin, biharko antzezlana aurrera bidean jartzeko. «Agustinek eginiko gidoi hori hartu, eta lanketa bat egiten hasi ginen». «Bai herrian pertsonaia bakoitzak zein ekartzen zigun gogora, guk nola egingo genukeen, eszenatokia nola jarriko genukeen,...». Guzti horren arabera hasi ziren lanean, eta gero banaka-banaka herritarrengana gerturatu ziren, eta parte hartzera gonbidatzeaz gain, aktore lanak egitera konbentzitu dituzte. Batzuekin lortu dute, eta beste batzuekin ez: «Azken momentura arte larri ibili gara».



Bost atal edo zati ezberdinetan banatua den antzezlana izango da. «Guztiak daude lotuta, baina batez ere, garai ezberdinetan kokatuta daudenez saiatu gara pertsonaiak gehienetan behintzat ezberdinak izaten». Hogeita hamaika aktore ariko dira oholtza gainean, eta atzetik lanean lau-bost pertsona aritu zaizkie. «Etxeko zerbait da gurea, eta dena denon artean ari gara egiten», zehaztu du Labaienek.

Hiru gela ezberdinetan banatuta egingo dute antzezlana, eta pixka bat ibiltaria ere izango dela azaldu du amezketarrak. Garaian kokatzeko bideo batzuk ere prestatuta dituzte, eta zuzeneko musika ere izango da.

Auzolanean eginiko antzezlana dela esan daiteke, eta egun guztia horretara bideratuko duten boluntario antzerkigile guztiei, otordua Zazpitturri elkarteak prestatuko die egunean. Aldiz, materialaren zati bat Elgetako Intxorta Elkarteak utzi diela azaldu dute antzerki taldetik.

Eguna iristeko gogoz

Azken egunetara gerturatuta, «nire kasuan behintzat, urduritasunak sumatzen hasita nago», aitortu du Labaienek, baina, aldi berean, «oso-oso gogotsu» dagoela adierazi du. Eta taldekideez galdetuta, «halaxe daudela esango nuke, eguna iristeko gogoz».

Sarreren erreserbak aipatuta, «erreserbarako utzi genuen ordua ere lepo bete zaigu!», dio. «Herritarrok egindako antzerkia izanik, espero duzu; hau da, etxekoetatik hasita, erantzun ona izango duela, baina ez genuen espero hainbesterainokoa izango zenik», esan du. «Akaso saioak betetzea gure pentsamenduan bazegoen, ez ordea, egun bakarrean, saio ia guztiak betetzea!». Erantzun horren aurrean, «erantzukizun dezentea jarri du honek gure gain, eta jendeak espero bezalakoa ez ote den izango ere bada nire kezka», kontatu du aktoreak, eta gaineratu du: «Ea denen gustukoa izaten den!».

Azken egunetan herritarren artean elkarrizketa askotan entzun dela antzerkiaren kontua, baina «batez ere, txanda lortzeko zailtasunarengatik» izan dela argitu du. «Egia esan entsegu eta prestakuntza lanak direla medio, ez naiz jendartean gehiegi ibili egun hauetan… baina izen emate arrakastatsua ikusita, seguru ikusmin handia piztu dela», esan du.

2007an lehen antzezlana

Antzerkia aitzaikia hartuta ibilbide bat egina dute Amezketan. Ama begira zazu antzezlana izan zen giltzarri «sekulako arrakasta izan zuen herrian, herritarrak ginelako». Idiazabaldik deia jaso zuten, eta bertara ere joan ziren amezketarrak, baina «han ez zuen hainbesteko arrakastarik izan».

Harrez gero, hiru antzerki eginak dituzte, inongo loturarik izan ez dutenak, eta «herrian oso ondo funtzionatu izan dute», azpimarratu du.

«Euskal mitologiako pertsonaiak irudikatuz egin zen hurrengoa, ibiltaria izan zen. Ondoren, Fernando Amezketarraren esketx ezberdinak irudikatu genituen, eta hura ere antzerki ibiltaria eginez», kontatu du. 2017an, aldiz, «Aiora Etxeberriak aspalditik zerabilkien buruan antzerki bat nola egingo zukeen, eta berak sortu zuen gidoia», esan du amezketarrak, eta «sekulako muntaia egin genuen herriko frontoian».


2017ko antzezlaneko irudia. N.R.A.


Entseguei begirada bat botaz garbi du: «Presiopean askoz ere hobeto egiten dugu lan, eta ez dakit gehiegi ez ote garen fidatu oraingo honetan».

«Zati bakoitzean pertsonaia ezberdinak izate horrek, talde txikitan biltzeko aukera eman digu, eta bakoitzaren ahalmenen arabera egun batean edo bestean elkartu gara», dio Labaienek. «Astean behin elkartzen aritu gara». Baina entsegu orokorrak ere finkatu zituzten talde guztia elkartu ahal izateko; hau da, aktore lanak egingo dituztenez gain, laguntzaile lanetan ariko direnak ere elkartzeko. «Bakoitzak beretik atera behar izan du denbora», nabarmendu du.

«Emozionatuta» eta beti «gogotsu» ikusi du bere burua Labaienek, eta taldean baxu zeudenei edo ezkorrenei beti, «azken momentuan bada ere aterako dugu esanez» ibili dela aitortu du. Aurretik, antzezle bila aritu zirenean, edota egin eta lortu nahi izan duten hori azaltzean: «Beraiek ikustea nola emozionatzen ziren, edo zer-nolako gogoa pizten zitzaien, horrek asko animatzen zaitu».

Harrapatu du antzerkiak Labaien: «Antzerkia egin dugun aldiro pentsatu izan dut, hurrengoan ez dut egingo, baina beti egitera itzultzen naiz».

Herri antzerkiaz galdetuta, «oso aberasgarritzat» du amezketarrak: «Adin ezberdineko herritarrak elkartu izan gara, eta mundu ezberdinetan gabiltzan jendea gara, baina lagun izatera iristen gara eta horrek asko balio du».

Aurtengorako gazte dezente animatu zaizkiela aipatu du, eta «horiek horretan jarraitzea gustatuko litzaidake», dio, eta azpimarra ere jarri du: «Eta ez antzerkian bakarrik, baizik eta herri partaidetzan».

 

ANTZEZLANA

AMEZKETA

Abenduak 17, larunbata

Gerra omen zetorrek! Ederrak egin dizkinagu! antzezlana egingo dute herritarrek, plazatik hasita: 11:00, 13:00, 16:00, 18:00 eta 19:30ean.

 

PARTE HARTZAILEAK

Aktoreak: Imanol Artola Felix, Euken Fernandez, Gaizka Jauregi, Ainitze Labaien, Maria Victoria Gorostidi Ttiri, Aitor Galartza, Ander Balerdi, Aitzol Etxeberria, Izarne Otamendi, Izaskun Lazkano, Alaitz Labaien, Naiara Beloki, Alain Etxeberria, Iban Eraso, Joseba Larreta Latu, Eneko Goitia, Iñaki Arandia, Jokin Artola, Mikel Goñi, Mikel Arteaga, Ainitze Telletxea, Zuhara Telletxea,  Maitane Aiestaran, Antton Amondarain, Joseba Altuna Mendiko, Ibai Beloki, Aiora Etxeberria, Oibar Olano, Julen Otamendi Txino, Gorka Zubillaga eta Xabier Perez.

Gidoia: Agustin Amiano.

Bertsoak: Bixente Gorostidi.

Teknikariak: Aintzane Aiastui eta Eire Vila.

Grabaketan: Daniel Sagastume eta Antton Iztueta.

Akomodatzaileak: Nerea Unsain eta Irlanda Fragoso.

Laguntzaileak: Idoia Gereñu eta Beñat Iturriotz.

Makillatzailea eta ile-apaintzailea: Agurtzane Garmendia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!