Imanol Artola Arretxek bigarren saria irabazi du Txillardegi-Hausnartu Soziolinguistika Sarietan

Tolosaldeko Ataria 2022ko aza. 29a, 19:58

'Tolosaldeko ikasle eusleak' izeneko ikerketa lanagatik saritu dute amezketarra. Lehen saria Xan Aireren 'Elkarrekintzaren eragina euskararen erabileran (Ipar EH)' lanari eman diote.

Sari banaketa ekitaldia abenduaren 15ean egingo da, Bilbon, EHUko Bizkaia Aretoan. Txillardegi-Hausnartu Soziolinguistika Sarien 2021eko edizioan garaileak bertan izango dira, tartean, amezketarra. Lehen sarirako ez bezala, bigarrengorako bi lan aukeratu dituzte: Imanol Artola Arretxerena eta Iñaki Beristain Agirrerena.

Artolaren lanaren inguruan honakoa ondorioztatu du epaimahaiak: «Ondo egituratutako eta ongi dokumentatutako lana da. Esku hartze aplikatu baten balorazio zientifikoa egiten du, ekintza eta hausnarketa lotuz. Balorazio errealista egiten du. Gazteak esku hartzean inplikatu izana nabarmentzen da. Genero ikuspegia ere kontuan hartu da lanean. Beste testuinguru soziolinguistikoetan erabilgarria izan daiteke».

'Tolosaldeko ikasle eusleak', laburpena:

Tolosaldeko gazteen artean nagusiki euskaraz hitz egiten bada ere, azken urteetan erdalduntzen ari dela-eta dezenteko kezka dago eskola-komunitatean. Hori horrela izanik, Aldahitz Ikerketak lantokietarako prestatutako metodologia moldatu da, eta DBHko ikasgeletan lau asteko proiektu bat jarri da martxan. Oraindik ere euskara nagusi den ikastetxeetan gela bakoitzean launa ikasle hautatu dira eskola eremuan dauden artean euskaraz egin dezaten, eusle izan daitezen. Lau asteko ekimen batek ez du ikastetxeko hizkuntza-erabilera errotik aldatzen, baina  zenbait ikasleren kontzientzietan eragiteko balio ote lezake? Proiektuak non izango du onarpenik handiena, euskararen erabilera altuena duen ikastetxeetan, edo gaztelerarako joera handiagoa duten ikastetxeetan? Onarpenak bermatzen al du eusleak ariketa ongi egitea?  Proiektuak  zein tipologiatako ikastetxetan dauka eraginik handiena?

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!