Hitzaldia, talo jatea eta feria izango dira Amezketan, asteburuan

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko azaroaren 23a

Amezketako kultur eskaintzaren barruan, etzi, 'Bertako hazi barietateak eta hauen ugalketa' hitzaldia izango da, eta baita talo jatea ere.

Amezketarrak kultur aste bete-betean daude, eta igandean, Amezketako Ferie izango da. Iaz jada berreskuratu ahal izan zuten neurri batzuk hartuta, eta aurten ohiko urteetako ildoari jarraituz antolatu dute. Hogei bat postu dituzte lotuta, eta gehiengoa kanpotik etorriko dela azaldu du Iñaki Arandia zinegotziak.

Bertako barazkiak, gaztak, herriko okindegiak, xaboiak, denetariko eskulanak, erlauntzako produktuak, kosmetikoak, liburu eta komikiak, fruitu lehorrak,... izango dira postu ezberdinetan banatuta. «Olagarroari lotuta postu bat izango da. Berria da, orain artean ez dugu izan honelakorik», esan du Arandiak.

10:00etan emango diote hasiera azokari, eta 14:00ak bitarte edo luzatuko da; «jendea gutxitzen hasten den bitarte». Larrunarri pilotalekuan jarriko dituzte postu guztiak, babesean. Udalak, postua jartzen dutenei eskainiko die hamaiketakoa, baina bisitariei begira ez dute antolatzen. «Orain artean, DBHko ikasleek jarri izan dute postua, baina aurten ez dute momentuz izenik eman», dio.

HITZALDIA ETA TALO JATEA

Bestalde, etzi, Marc Badal gerturatuko da Amezketara Bertako hazi barietateak eta hauen ugalketa hitzaldia eskaintzera. 18:00etan Pello Zabala gunean izango da, eta ondare biokulturalaz, komunitateaz eta agroekologiaz ariko da. Bertako hazi barietateen historia eta gaur egungo garrantzia aipatuko ditu, eta baita baratzeko hazi ugalketari buruzko oinarrizko kontzeptuak ere. DBHko ikasleen eskutik, 20:00etan, Talo jatea izango da Larrunarri pilotalekuan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!