Altuna III VS Ezkurdia _ Lau eta Erdiko Finala 2022

Jokin Altuna: «Mina dut, baina harro nago egindakoarekin»

Imanol Garcia Landa 2022ko aza. 20a, 22:05

Burumakur hitz egin du amezketarrak partidaren ondoren, txapela hain gertu izan eta gero: «Bukaerako tantoari buelta asko emango dizkiot».

Triste zegoen Jokin Altuna partida bukatu eta gero, eta oso nekatuta. Hala ere, harro egoteko moduko finala egin duela ere aitortu du amezketarrak ETBko mikrofonoetan. Hasierak pisu handia izan duela esan du Altunak: «Zatika joan da, eta berak asko mugitu du hasiera. 12. tantoko atsedena ondo etorri zait, eta gero min gehiago egin diot». Partidan zehar eskuineko eskua guztiz ondo izan ote duen galdetzean, ez du nahi izan gai horri buruz asko hitz egin: «Bera gehiago izan da, eta merezi izan du irabaztea, eta beste batean izango da».

Ez dela finalera iristeko bidea ahaztu behar gaineratu du: « Gaurko pena ez dit kenduko baino gustura joango naiz afaltzera. Baloratu behar dira momentu hauek. Kirola horrelakoa da, momentu politak eta gogorrak bizitzea tokatzen da. Bihar ere egunak argituko du». Ezkurdia eta bera lehiakide handiak direla nabarmendu du: «Beti izan dugu harreman ona. Pilotari ikaragarri da eta beti ikasten dut bere kontra».

Zazpigarren finala jokatu du jarraian Altunak lau eta erdikoan, horietatik hiru Ezkurdiaren aurka eta hirurak galdu ditu. Hasierako finalekin alderatuz, «gauzak erlatibizatzen» ikasi duela esan du: «Badakit berriro saiatuta izango dudala nire aukerak txapelaren lehian izateko».

Ezkurdiak Bidaniako osabari eskaini dio txapela

 

Hirugarren txapela jantzi du gaurkoan Joseba Ezkurdiak lau eta erdikoan. Gurasoak eta arreba izan ditu gogoan txapela eskaintzerakoan, eta bereziki Gastesi lehengusuari eta zendutako Bidaniako osabari, Patxi Galarragari, eskaini die. Partida «erritmo handian» jokatu dela esan du arbizuarrak, eta normala izan dela akats batzuk egitea. Bere partida onena izan dela aitortu du eta Altunak ere «oso ondo» jokatu duela.

Partidaren bukaeran bere buruarekin konfiantza izan duela esan du: «16-19koarekin gauzak gaizki jarri dizkit, baina segi egin dut. Nekatuta, baina fisikoki ondo nengoen. Bi txapa izan dira bukaeran, lehenengoa nire kontra eta bigarrena nire alde, eta oso pozik txapelarekin».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!