Altuna III VS Ezkurdia _ Lau eta Erdiko Finala 2022

Txanponak gorri erabaki du

Imanol Garcia Landa 2022ko aza. 20a, 20:53

Sari banaketan Jokin Altuna, Joseba Ezkurdia eta Aitor Elordi, azken hau hirugarren sailkatu moduan. Argazkia: Leyre Carrasco

Partida ikusgarria eskaini dute Altuna III.ak eta Ezkurdiak, pilotazaleek luzaroan gogoan izango dutena. Azkenean Ezkurdiak jantzi du txapela, 22-21 irabaziz, baina biek merezi zuten gaurkoan txapeldun izatea.

Adjektibo ugari jarri daitezke gaur Bilboko Bizkaia frontoian jokatu den finalarentzako: ikusgarria, zirraragarria, liluragarria, bikaina... Altuna III.ak zein Ezkurdiak erakutsi dute zergatik diren txapeldunak lau eta erdikoan, erakustaldia emanez, eta azkenean horrelako partida batek izan behar zuen bukaera izan du: 21na egin eta ea zeinek eramaten zuen txapela etxera, partidaren hasieran txanpona botatzen den moduan. Altunak txapara bota du eta Ezkurdiak bere hirugarren txapela jantzi du, amezketarrarekin berdinduz kaiolakoan. Partidaren hasieran txanponak gorri esan du, eta Ezkurdiak hartu du sakea, eta partidaren bukaeran ere txanpona dantzan ibili dela dirudi, eta berriro ere gorriarengana joan da. Edozeinek merezi zuen irabaztea, eta irabazle nagusia pilota izan dela esan daiteke.

 

Partida oso bizi hasi da, sekulako erritmoan. Ezkurdiak gehiago asmatu du errestoarekin, eta Altuna gehiago mugitu du. 6-3 aurreratu da nafarra eta ikusgai zegoen zenbat denbora eutsiko zioten erritmoari. Altunak ez du etsi, eta 6na berdindu ahal izan du. Halere, fisikoki beteagoa ikusten zitzaion amezketarrari eta gerora horrek bere eragina izan du partidan. Tanto ikusgarriak egiten zituzten, akats gutxi, eta pilotakada ugari zenbait tantotan. Berriro alde egin dio Ezkurdiak Altunari eta 9-6 jarri da. Ezkurdiari freskoago ikusten zitzaion, eta Altunak ezin zuen aurkari kantxan zehar mugitu.

 

Bazirudien partida okertzen ari zitzaiola Altunari, baina bere ahalmenak kudeatzen dakien pilotaria da amezketarra, eta aurrera egin du, 9-8 eginez, eta ondoren 11na berdinduz. 12ko atsedenaldira aurretik joan da Ezkurdia, baina gero Altunak erakutsi du pilotari osoa dela. Ezkurdia freskoago zegoen fisikoki, baina ez zuen lortzen markagailuan alde egitea. Are gehiago, Altunak abantaila txiki bat hartu du, 13-15 jarriz. Ez zen sinestekoa Altuna aurretik joatea, eskuinarekin ez zuelako minik egiten, baina eusten zion eta ezkerrarekin Ezkurdia gehiago mugitzen hasi da.

 

Halere, garbi zegoen Ezkurdia partidan oso sartuta zegoela, eta saiatuko zela dena ematen. 15na egin dute, ondoren 16na, eta gero Altunak 19. tantoraino alde egin du. Ikusgarria izaten ari zen Altuna nola ari zen eusten eta ahal zuen guztia ematen txapela janzteko. Ezkurdiari ere nekea nabaritzen zitzaion, baina oraindik amezketarra baino freskoagoa zegoen, eta beste berdinketa batera iritsi dira, 19na eginez. Altunaren magia beste behin ere ikusi da horma biko eder bat eginez, efektu handiarekin, eta aurretik jarri da. Ezkurdiak ez zuen bere azken hitza esan, eta berak ere horma bikoa egin du efektuarekin: 20na. Emozioa pil-pilean, eta ez zegoen batere garbi norentzat izango zen txapela. Aurretik jarri da Ezkurdia, baina gero Altuna gai izan da azken berdinketa lortzeko: 21na. Guztira hamar berdinketa izan dira partidan, eta horrela bukatzeak merezi zuen, bakoitzarentzat txapel bana banatuz. Baina azken tantoa ere jokatu behar zen, eta Altunak ez du lortu txapa gainean jartzen pilota. Besarkada ederra eman diote elkarri bi pilotariek eta elkarri zoriondu. Afizioa sortzen duen finala izan da gaurkoa, bi txapeldunek jokatutakoa.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!