Urteko egutegia osatzeko argazki lehiaketa martxan da

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko aza. 17a, 11:57

Amezketako Udalak aurten ere argazki lehiaketa bidez aukeratuko ditu 2023ko egutegia osatzeko argazkiak; parte hartzeko azken eguna hilaren 25a da.

Amezketako Udalak aurten ere argazki lehiaketa antolatu du 2023ko egutegia egiteko. Urtero ateratzen du egutegia, gero amezketar guztien etxebizitzetan banatzeko, eta lehiaketan duen arrakasta ikusita aurtengoa ere prest dute. Hilak 25 izango da argazkiak aurkezteko epea.

Lehiaketan 14 urtetik gorako edozeinek parte har dezake, eta aukeratu duten gaia Amezketako argazki zaharrak da; hau da, txuri beltzean, eta Amezketako pertsonak edo lekuak erakusten dituztenak. «Argazki zaharrak direla ulertuko da 50 urte baino gehiago dituztenak», adierazi dute udaletik.

Parte hartzaile bakoitzak gehienez ere hiru argazki aurkezteko aukera izango du, formatu digitalean aurkeztuko dira, eta gutxieneko kalitatea izan beharko dute, (300dpi gutxienez). «Argazkiak zaharrak izango direla jakinda, argazki irabazleak baztertu daitezke, egutegiaren inpresiorako ez direlako egokitzen», argitu dute. Argazkiekin batera informazio osagarria ere aurkeztu beharko dute: izen-abizenak, telefonoa edo/eta helbide elektronikoa. Posta elektroniko bidez udala@amezketa.eus helbidera bidali beharko dira informazio osagarriarekin batera.

Hamahiru argazki sarituko dituzte, eta sari bakoitza 50 eurokoa izango da. Argazki sarituekin 2023ko egutegia osatuko da.

Epaimahaia alkateak, zinegotzi batek eta Zumadi Eskolako irakasle batek osatuko dute. Zalantzak dituenak udaletxera joanda edo harremanetan jarrita argitu ditzake.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!