Zazpigarren urtez jarraian jokatuko du Jokin Altunak (Amezketa, 1996) Lau eta Erdiko Txapelketaren finala. Joseba Ezkurdia izango du aurkaria azaroaren 20an, Bilboko Bizkaia frontoian. Aurretik bi final jokatu dituzte txapelketa horretan, biak Nafarroa Arenan, eta biak Ezkurdiak irabazi zituen.
Beste final bat iritsi da, eta berriko ere kazetariekin elkarrizketak egitea egokitzen zaizu. Nola eramaten duzu?
Gauza polita da eta gustura egiten da. Batzuetan galderak errepikatu egiten dira, eta normala da gainera, baina elkarrizketa hauek pilotak aukeratzerakoan egiten direnak baino gehiago gustatzen zaizkit.
Polita da ere finalaren aurreko elkarrizketa sorta hau errepikatzea, ezta? Horrek esan nahi du, finala joan finala etorri, Jokin Altuna hor dagoela.
Azkenean polita ere horregatik da. Behin baino gehiagotan egin duzunean horrek ere zer pentsatua ematen dizu, zerbait politarengatik dela. Azkenaldian zorteko nabil, gauzak ondo egiten eta kontentu gauzak ondo ateratzen zaizkidalako.
Eta jabetzen zara historia egiten ari zarela?
Historia egiten ari naizela pentsatzea baino sekulako poza ematen dit. Txikitatik gehien gustatu zaidana pilotan ibiltzea da, eta pilotari guztiak bezala, atzean lan handia dago, jende asko dago. Emaitzak lortzen ari naiz, eta horrek sekulako indarra ematen dizu. Momentu oso politak bizitzen ari naiz, pilotari batek bizi ditzakeen politenetakoak, eta oso kontentu nago.
Zazpi final jarraian jokatzea ez du inork aurretik lortu.
Polita da, baina horri bereziki garrantzi handirik ez diot ematen. Uste dut erretiratzen naizenean marka horiei gehiago begiratuko diodala, edo begiratu baino, egin dudanaren kontziente izango naizela. Marka hori egiten duzunean, zuzenean finala dator, eta segituan final horretan zentratzen zara.
Datuei begiratuz, Aimar Olaizola eta Retegi II.a dira hiru txapel segidan irabazi dituztenak. Zuk irabaziz gero, horiekin parean jartzen zara atal horretan.
Orain horri begiratzea ondo egon daiteke, baina datorrenerako horrek behintzat ez dizu ekarpenik egiten. Lanean jarraitu behar duzu berdin-berdin.
Txapelketan zehar nola sentitu zara?
Aurreneko partidan ondo sentitu nintzen. Peñak ikaragarri jokatu zuen, baina ni ere ondo sentitzen nintzen. Partida berdindua zihoan, baina berak min hartu zuen eta uste dut horregatik bukaeran nahiko erraz irabazi nuela. Bigarren partida izan da gaizki sentitu naizen bakarra. Egun txarra izan nuen, baina horrelako momentuei buelta ematen ikasten duzu. Hurrengo partidak balio izan zidan berriro ere konfiantza berreskuratu, ondo aurkitu, eta gero finalerdi eder bat egiteko. Kontentu nago, momentu txarragoetan ere buelta ondo eman diodalako eta sentsazio onak izan ditudalako.
Elordiren aurkako partidan dena ondo joan zen zuretzat, baina ikusi da pauso bat aurrera egin duela, eta hemendik aurrera ere kontuz ibili beharko dela berarekin.
Bai, dudarik gabe. Elordi maila handian ari da orain dela denbora dezente, eta txapelketa honetan lehertu egin dela esan daiteke. Aurrekoan errespetu handiarekin joan nintzen frontoira; esango nuke niri dena atera zitzaidala eta berak ez zuela egun ona izan. Baina iruditzen zait eman duen mailarekin, txapelketa gehiago egingo dituela oso onak. Binakakoa ere badator laster, eta ez dakit zeinek jokatuko duen, baina bera jartzen badute, oso pilotari arriskutsua izango da, edozer gauza egiteko gai izango dena.
Finala Bizkaia frontoian izango da. Pilotaleku ona, ezta?
Bai, pilotaleku ona da, eta bertan jokatzera ohituta gaude. Entrenatzeko inongo arazorik ez dugu, eta nahi dugunean joan gaitezke bi aste hauetan. Gustura nago, eta uste dut Ezkurdiarentzat ere frontoi ona dela. Ez da aitzakiarik izango, eta dena ematera joango gara.
Ezkurdiarekin jokatutako finalen inguruko zer oroitzapen dituzu?
Finalen oroitzapen onik ez, baina horretan ez dut pentsatzen. Azkenean, Ezkurdiaren aurka partida garrantzitsu asko jokatzea tokatu zait, banaka, binaka, lau eta erdian... Nahiz eta finalak ez izan, gero irabazi duenak behin baino gehiagotan txapelketa horretako txapeldun bilakatu da. Azkenaldian elkarren aurka askotan tokatzen zaigu jokatzea, eta Ezkurdia aurkari gogorra da edozein frontoietan.
Elordiren aurkako joko bera erabiliko duzu, aurkaria alde batetik bestera mugitzea?
Nik nire jokoa egin beharra dut, eta uste dut lau eta erdiko honetan batetik bestera sekretu handirik ez dagoela. Denok min egiten dugunean antzeko jokoa egiten dugu, eta horretan saiatu beharra dago.
Finalaz aparteko galdera: ostiralean eskualdeko beste pilotari batek, Martxel Iztueta tolosarrak, debuta egingo du profesionaletan.
Hiru-lau aldiz ikusi dut, gehiagotan ez zaidalako tokatu. Ilusioz gainezka egongo da; gaztea da oso eta pixkana has dadila lasai partidak jokatzen eta ea bere ibilbideaz disfrutatzen duen.