ELKARRIZKETA

«Nahiko nuke irakurleak liburua atzera eta aurrera erabiltzea»

Jon Miranda Labaien 2022ko aza. 9a, 11:59

Maite Gurrutxaga Otamendik lehen aldia du, hasieratik bukaerara, berak sortutako lan bat argitaratzen duena; «makulurik gabe» aritu dela esan du eta entrega egunera arte detaileak sartuz eta liburua osatuz joan dela aipatu du

Bi urte iraun dituen proiektua izan da eta hustualdiaren ondoren, Maite Gurrutxaga Otamendik (Amezketa, 1983), irakurlearen esku utzi nahi du Klak album ilustratuaren interpretazioa. Kosta egiten zaio bere obrari buruz hitz egitea, baina saiatu da lan hori ulertzeko gako batzuk ematen.

Non du sorburua album ilustratu honek?

Duela urte pare bateko kontua da. Beste lan batzuetan zabiltzanean etortzen zaizkizu horrelako ideiak, sukaldean edo dutxa bat hartzen zabiltzanean. Oso ideia sinplea da bere horretan. Gaia, korri egiteko beharra dela esango nuke. Protagonistak bere burua topatzeko bidea egiten du. Eta pentsatzen dut gauza asko eta askoren eraginez sortutako behar batetik atera zaidan lana dela.

Ihes egiten du protagonista horrek?

Bere betiko gurpil horretan dabil, eguneroko obligazioetara makurtuta. Tren bat hartu behar du, baina momentu batean erabakitzen du tren hori ez hartzea. Bide horretan, konturatu gabe, gauza askorekin egingo du topo. Agertoki horretan detaile asko ageri dira, orri bakoitzean gauza asko kontatzen saiatu naiz.

Badago lehenengo parte horretan gure gaurko bizimoduaren aurkako kritika?

Bai. Arkitektura bera ez da atsegina, badirudi gainera etortzen zaizkizula eraikinak. Zaintza kamerak ere badaude. Leku bat da ulertzea kosta egiten dena eta horrelako espazioetan egiten dugu askotan klak. Irudiekin hori saiatu naiz adierazten.

Kontrako noranzkoan doa protagonista.

Hori ere errepresentatu nahi nuen. Horrek sortu dezakeen itolarria ilustratzen saiatu naiz liburuaren lehen partean.

Naturaren elementuak oso presente daude album osoan. Zergatik?

Bai. Lehenengo partean agertzen den hiri horrekin kontrastea egitearren aukeratu ditut paisaia horiek. Norberak bere interpretazioa egingo du, baina gerora konturatu naiz, ipuin klasiko baten berrirakurketa egin dudala. Hainbeste eta hainbeste protagonistei gertatzen zaiena gertatzen zaio album honetakoari ere. Ipuin klasikoetan baso batera sartu beharrak errepresentatzen du barne bidai baten beharra. Konturatu gabe errekurtso hori erabili dut. Elementu asko sartzen saiatu naiz parte horretan. Kontatu nahi dudana izan da protagonistak bere buruarengana egin duen bidaia bat. Hirian bezala, basoan ere agertzen dira elementu asko. Berak borrokatu behar dituen beldur horien errepresentazioa dira.

Animaliak dira baso horretan hasieran behintzat agertzen direnak?

Bai. Agertzen dira sugeak, beleak, trikuak... Eta gero liburu guztian agertzen da protagonistaren laguna den txakurra. Hasieran ere badago. Nahi nuke liburua irakurleak atzera eta aurrera ibiltzea. Uste dut ez dela nahikoa ikustaldi batekin. Lehenengo edo bigarrengo aldian ikusten diren elementu asko daude barreiatuta liburuan. Istorioa perfilatzen duen detailea izan gabe, hor dagoen elementua da eta horrek badu niretzat esanahi bat. Prozesuan egon naizenean sortzen joan zaizkidan gauzak izan dira.

Album mutua da.

Hori ere prozesuan gertatu da. Ideia batzuk neuzkan zirriborratuta, idatziz. Lagundu izan dit horrek kontatu nahi nuen horri erritmoa ematen. Gero, testu horiek desagertu egin dira ordea. Irudien bitartez kontatzen dut ondoen, hobeto moldatzen naiz ilustrazioekin. Lehen aldia izan da beste idazle baten testu baten makulu gabe aritu naizena.

Mutua izanik onomatopeia bat da izenburua.

Bai. Klak. Lagunekin hitz egin ondoren erabaki nuen. Izan zitekeen klik, baina klak horrek badu hausturarekin zerikusia. Errepresentatu nahi zuen mozketa hori. Barrutik mutua denez, onomatopeia batek iradokitzen du datorrena.

Kolore oinarrizkoak erabili dituzu. Zergatik?

Saiatzen naiz irudietan erabiltzen ditudan koloreak narratiboak izaten. Garrantzia ematen diot horri. Bidai bat denez, hasiera batean ilunagoa eta gero argitzen doana, kontrastea egingo duten koloreak behar nituen. Beti inguru hauetan ibiltzen naiz kolore gama hauetan. Oraingo honetarako hauek iruditu zaizkit egokiak.

Karratua da albuma.

Bai. Album klasiko baten formatua dauka. Apasaituak egin izan ditut, baina gustuko egiten zaizkit karratuak. Kontatzen duzunaren arabera formatu bat edo bestea egokiagoa dela pentsatzen dut.

Adinik jarri diozu zure irakurle potentzialari?

Ez dut publikoaren adinetan pentsatzen nire lanak egiterakoan. Edozeinentzat izan daitekeela uste dut. Zuk erabakitzen duzu zein geruzetan geratu liburu bakoitzarekin. Ikusi ditut haur asko sakonagoko geruzetara iristeko, heldu bat baino gaitasun handiagoarekin. Narrazio bisualarekin txikitan oso ohituta daude. Irudia irakurtzen badakite, testua irakurri aurretik hori egiten baitute, narrazio bat osatu irudi horiek ikusita.

Nola heldu diozu lanari? Nolakoa izan da sortze prozesua?

Nahiz eta duela bi urte sortu zen proiektua, bidean geldialdiak egon dira. Beste enkargu batzuei heldu behar izan diet tarte honetan eta uste dut horrek mesede egin diola liburuari. Bueltatzen zarenean beste begirada berri batekin bueltatzen zara. Beste lan batzuetan aritu arren presente eduki dut liburu hau eta beti egon naiz gogoz album honetara itzultzeko. Eusko Jaurlaritzako beka bat eskuratu nuen eta horrek eman zidan bultzada lana bukatzeko. Lan handia izan da. Garapena da gehien aldatu dena. Hasi nintzeneko bozeto horiekin alderatuz gero bukaerakoak ez du antzik. Amaierara arte bizirik egon den proiektua da.

Lan hau osatzen lagundu dizutenekin akordatu zara eskaintzetan.

Bai. Norberak bere etxean egiten du lan eta gure ofizioa nahikoa bakartia da. Horregatik eskertzen dut kanpo begirada. Lagun batzuengana jo nuen horretarako eta gauza askotan lagundu naute. Oso eskertuta nago.

Hustuta bukatu duzu?

Bai, prozesua luzea izan delako. Bukaerara arte bizirik egon dela sentitu dut, oso prozesu organikoa izan da eta horregatik nekatuta bukatu dut. Bukaerara arte, istoriotxo berriak sortzen zitzaizkidan eta detaileak integratzen joan naiz. Hala ere ederra egin zait lan hau osatzea, tripak utzi ditudala sentitu dut.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!