ELKARRIZKETA

«Haute Couture-ari digitalizazioa gehituta salto handia egin dut»

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko aza. 3a, 07:57

Ez da geldirik egotekoa Amagoia Etxeberria amezketar diseinatzailea, eta 'Adorea' izeneko bilduman hamalau jantzi aurkeztu zituen, Donostiako San Telmo museoan eginiko San Sebastian Moda Festival desfilean. Eskuz egiten du lana, baina teknologia berriak ere erabiltzen ditu bere diseinuak egiteko. «Hunkituta» dago desfilearekin, eta oso lan isila izan dela aitortu du, «jende askok ez zekien prestatzen ari nintzenik».

Gustura geratu zinen desfilearekin?

Oso hunkigarria izan zen, izugarria. Ekitaldia bera zoragarria da, toki aparta da San Telmo museoko eliza hori Sert margolariaren sabaiko margoekin. Horrek ere asko laguntzen du. Oso pozik nago eta poztasun handia daukat helburuak bete ditudalako.

'Adorea' izena jarri diozu aurkeztu zenuen bildumari.

Adorea gaitasun edo nolakotasun bat da, eta bizitzan momentu batzuetan berarekin janzten gara. Izugarrizko gaitasuna da nire ustez, arriskatzeko, aurrera egiteko... Pertsona batek hori janzten duenean, gauzak aurrera ateratzen ditu. Balore handiko gaitasuntzat dut; egoera horretan jartzen garenean pausoak emateko balio du. Titulu aparta iruditzen zait, eta apustu handiak egiten hasi nintzela irudikatzen du. Adorearekin lortu nuen saltoa ematea.

Bi urteko lana eta hamalau jantzi.

Bi mundu ikusi ziren. Nik diseinatzen dut eta nik margotzen dut teknika artistiko ezberdinekin. Adorea bilduman azken teknologiekin fusionatu dut. Haute Couture egiten dut, hau da, eskuzko lana egiten dut. Josteko modu ezberdinak daude, eta hori mundu digitalera eraman dut. Hartu ditut marrazkiak, estanpatuak, koadroak, ilustrazioak, nire bidaien eta bizipenen collage batzuk,... dena eskaneatu eta ordenagailura pasa ditut. Konposizio batzuk egin ditut, eta estanpatu bakoitza bakarra da, soineko jakin batentzako egina. Aldiz, beste linea, hau da, dena zuria ikusi zena, Haute Couture da, josteko modua bera da, baina kasu honetan, aurreko desfileekin, bai Balentziagan egin nuenarekin edo Cook&Fashion-en egin nuenarekin konparatuta, gehiketa bat dago. Goi mailako joskintzako brodatuak sartu ditut. Zilarrezko hariak daude, kristala, lentejuelak, perlak,... guztia brodatuta.

Teknologia berriak ere sartu dituzu, beraz.

Haute Couture-ari digitalizazioa gehituta salto handia egin dut. Mundu digitalak izugarrizko aurrerapenak ekartzen ditu. Artea iraultzeko ordenagailua erabiltzen hasten zarenean, aldaketak egiteko moduan erreminta oso indartsuak edo eraginkorrak daude gaur egun. Gainera, oso jasangarria da. Koadro bat egiten duzu, autentikoa da eta betirako da, baina horri askatasun gehiago ematen diozu teknologia sartuz gero. Aukerak biderkatzen dira. Artea eta teknologia oso ondo ezkontzen dira, eta jasangarriago bihurtzen da.

Jantzi baten atzean zenbat denborako lana dago?

Asko dago. Bilduma bat egiten ari zarenean, ez zaude hori bakarrik egiten. Bizitzako gauza pertsonaletatik hasi eta diseinatzaile batek dituen beste egin behar guztiak daude. Ordu asko dira, eta batzuetan ordu gehiago eta beste batzuetan gutxiago sartuko dituzu. Zifra bat esatea ezinezkoa da. Azken bi hilabeteak oso beteak izan dira, jai eta aste lanean aritu naiz. Sorkuntzak orduak eskatzen ditu. Orduak pasa ahala bide gehiago ikusten dituzu, eta prozesuan aldaketak egiten zoaz. Edota zerbait egiten ari zinen, baina agian hartutako bidea ez eta beste batetik bideratzen duzu hobea delako. Horrek guztiak denbora eskatzen du.

Desfilean zuritik hasi eta koloreak sartuz joan zinen. Guztia pentsatu behar da?

Hori oso pentsatua zegoen. Ehun guztiak zuriak dira. Zu lanean hasten zarenean aurrean duzuna ehun zuria da; paper zuri bat. Eta ni margolari pentsamendutik ari naiz hizketan. Hainbeste dago egiteko, ehun horretan hasten da, eta edozein gauza egin behar duzula hori beti jaiotza da. Orduan, zuriarekin hasi nintzen, brodatuta. Gero, pixkana-pixkana zuri hori igotzen joan nintzen eta brodatu gehiago sartu nituen, eta gero jada arlo digitala sartu nuen.

Estanpatuak?

Hori da. Estanpatu horiek, hasierakoak, suabeagoak dira, hau da, zuri gehiago daukate. Igotzen eta igotzen joaten dira, eta bukaeran ilunagoak daude.

Norengana iritsi nahi duzu bilduma honekin?

Ematen du andregai batek modu jakin batean joan beharra daukala bere ezkontzara. Horrela behar duela eta beste era batera ezin dela. Nire ustez pertsona bakoitzak aukeratu behar du nola joan nahi duen; protokoloak apurtzeko daude. Pertsona batek nire estanpatu batekin joan nahiko balu ezkontzara, bejondeiola. Genero aldetik ere berdin pentsatzen dut, eta hor dago adorea bera. Askatasun horretara goaz. Eta, esaterako, estanpatuen bilduma oso emakume indartsu batentzat pentsatua dago.

Familia gogoan izan zenuen?

Nire familia bertan zen. Aita eta amak etxean geratu behar izan zuten, baina niretzat giltzarri izan dira. Eta nire senarra Garikoitz azken urteetan oso inportantea izan da. Nik desfileei ez nien hainbesterainoko garrantzirik ematen, eta beti esaten zuen etxean diamante bat zuela, eta azaldu egin behar zela. Eta Donostiako San Telmon eginiko desfilea beraren bultzadarekin egina izan da. Nire lana erakusteko egin beharra zegoela, alegia. Funtsezkoa da, eta asko babesten nau.

Euskalduna ausartzen da jantzi horiek janztera?

Gero eta gehiago. Euskalduna aldatzen ari da. Beti klasikoagoa izan da, baina, orain, kalitate handia exijitzen du euskaldunak eta badaki horrek balore handia duela, eta baita esklusibotasuna ere. Berrikuntza eta esklusibotasuna lotuta doaz, eta hori maite dute. Asko baloratzen dira kalitatea eta esklusibotasuna. Bezero oso fidela da.

ARGAZKIAK: SSMF. FILTRO CREATIVO

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!