Amezketako Udalak behin-behinekoz onartu ditu 2023rako ordenantza fiskalak

Ataria 2022ko urr. 11a, 07:57

Dokumentua jendaurrean ikusgai jarrita dago udaletxeko iragarki taulan udal eta Amezketa.eus webgunean; 30 egun balioduneko epean egoki ikusten dituzten alegazioak egin ditzakete herritarrek.

Urtero legez, urte sasoi honetan, udalek hurrengo ekitaldiko udal zerga, tasa eta prezio publikoen inguruan zenbait erabaki hartzen dituzte, herritarrengan eragin zuzena izan ohi dutenak; izan ere, udal aurrekontuaren ohiko sarreren % 40 inguru suposatzen dute. Amezketari dagokionez, udalbatzak, joan den irailaren 29an egindako bilkuran, aho batez onartu zituen 2023ko ordenantza fiskalak, behin behinekoz.

Azken urteotan egin izan diren ordenantza fiskaletan orokorrean KPI-aren araberako igoera aplikatu izan da udal zerga eta tasetan. Aurten berriz, Amezketako udal arduradunek, herritarrek prezioen garestitzea nozitzen dutela jabetuta, eta soldatak ez direla horrenbeste igo ikusita, KPI-a (%10) igo beharrean, %1,5eko igoera aplikatuko da. Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga aldiz izoztu egingo da, eta ez du igoerarik izango, udal-arduradunek lagundu nahi baitie herritarrei obrak edota berriztapenak egin ditzaten. Gogorarazi nahi dugu gainera 1980. urtea baino lehenagokoak diren etxe eta baserrietan obra eta berrikuntzak egiteko %50eko hobaria aplikatu zuela udal gobernuak, eta eguzki plakak jartzen dituzten etxeei ere %50eko hobaria aplikatzen zaiela ondasun higiezinen zergan eta instalazio zergan.

Udal zerbitzu publikoetan aplikatzen diren tasak ere orokorrean %1,5 igoko dira, baina badira bi zerga suposatzen duten gastuaren eta tasetan biltzen denaren artean hutsune handiak dituztenak. Zaborren kasuan, zerbitzu honen kostua urtean 48.000 euro ingurukoa da, eta zaborren tasetatik 17.000 euro biltzen ditu udalak. Gastuen eta sarreren arteko diferentzia handiegia da, eta %1,5 bakarrik igotzeak tarte hau handiagotu egingo luke, hurrengo urtean zerbitzuak udalarentzat izango duen kostua ere igo egingo delako. Beraz, tasa honetan KPI-aren araberako igoera aplikatuko da, behintzat gastuen eta sarreren arteko desoreka hau gehiago ez handitzeko.

Udalekuetako zerbitzuaren kasuan ere antzeko zerbait gertatzen da. Haurren familien ekarpena 3.700 eurokoa izan da udara honetan, baina zerbitzuaren kostuak, begiraleen kontratazioa, ibilaldiak eta udalekuetako materialen erosketa, alegia, kopuru hori ia boskoiztu dute, aurtengoan udalekuetako gastu osoa 16.400 euro ingurukoa izan baita.

«Amaitzeko, aipatu udalaren aldetik erabateko prestutasuna dagoela gai honetan udaletxera hurbiltzen den edozein herritarrei behar diren azalpen guztiak emateko», adierazi du udalak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!