Arritzagako kultur paisaietara ibilaldi gidatua, igandean

Ataria 2022ko urr. 11a, 07:58

Gipuzkoako Parketxe Sarea fundazioak eta Ataungo Barandiaran Museoak antolatu dute eta 9:00etan abiatuko dira Amezketatik.

Txangoa goizeko 9:00etan abiatuko da Beratzeagako (Amezketako) aparkalekutik eta leku berean amaituko da 13:30ean. Luis Mari Zaldua Etxabe izango da gidaria eta euskaraz emango ditu azalpenak. Parte hartzeko aurrez izena ematea ezinbestekoa da; horretarako, 943 180 335 edo 688 895 069 zenbakira deitu daiteke edota barandiaran@gipuzkoanatura.eus helbidera idatzi. Sei euroko prezioa du irteerak.

Hamalau urtetik gorakoentzat da, zailtasun ertaineko ekintza delako. «Lehendabiziko zatia, Minetako bidea esaten zaiona, ez da bereziki atsegina ibiltzeko, oinentzako esan nahi da. Aurreneko hiru kilometroetan, maldan gora betiere, hauspoa berotu egiten da eta oinazpiak pixka bat minbera daitezke. Alabaina, merezi du; ez izan zalantzarik. Bigarren zatiak (Basaizko harratean hasten denak), ikusmiraren aldetik ez ezik, ez du aurrekoarekin zerikusirik zapaltzen den lurraren aldetik, bidea, harrizkoa izan arren, askoz ere samurragoa delako. Guztiarekin, zola gogorra duten oinetakoak eta makila eramatea ez dago soberan eta, nola ez, ura eta hamaiketakoa ere bai», azaldu dute antolatzaileek.

Irteeraren helburua gozatzea da, ez besterik. Alde horretatik, paisaiak (bakarrik) jardueraren arrakasta bermatzen du. Gidariak begien bistan izango dena hobe ulertzen lagunduko duten azalpenak emango ditu, izan geologiaren arlokoak, izan historiaren nahiz hizkuntzaren sailekoak: bateko morrena, besteko antiforma, zamalekuak, meazuloak, saroiak, hauskorrak, tokien izenak...

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!