Frontoi berrituaren bueltan bildu da festa

Tolosaldeko Ataria 2022ko urr. 8a, 15:11

Gainontzeko herrietan bezala, bi urteko etenaren ostean, bueltan dira Amezketako Ugarte auzoko Errosarioko Amaren festak. Ospakizunen aurretik udalak frontoia margotu du eta egunotan festa frontoiaren bueltan bildu da; atzokoan, herri afaria izan zen bertsolari eta trikitilariekin; eta, gaurkoan, herriko gaztetxoen pilota partidak eta puzgarriak izan dira.

Ostiral iluntzean, Ugarteko frontoia jendez bete zen prest zegoen herri afarirako. Aurretik, gaztetxoenak buruhandien kolpeetatik ihesi ibili ziren. Eta helduxeagoak ordea, herriko taberna, elkarte eta txosna artean poteo musikatua izan zuten. Bertso lanetan Unai Mendiluze Mendi eta Anjel Mari Peñagarikano aritu ziren, jendartean irribarreak sortuz. Jan-edanak egin ostean, trikitiaren txanda iritsi zen Jon Ostolaza eta Rakel Pujanarekin. Aurretik herriko tabernan ez ziren falta izan horren preziatuak diren bertako mondejuak.

Izarren bisita

Larunbatean, egunari hasiera emateko herri gaztetxoen pilota partidak izan dira. Hiru partida guztira, bikoteka, neska-mutilak lehian. Aurreko asteetan, gaztetxoenek partidak prestatzeko orduan Anttonio Balerdiren laguntza izan dute eta gaur frontoian, jendaurrean erakutsi behar izan dute ikasitakoa.

Lehengo partidan Maddi-Mikel bikoteak 16-9, irabazi die Adur-Ekaitzi. Bigarren partida, orekatua izan da, eta Alaitz-Junek lortu dute txapeldunen kopa Izadi-Mariaren kontra. Nagusiagoenetan, 18ra zehaztu dute lehia, eta Amets-Oihan gailendu zaizkie Alain-Oierri.

Etxera denek oroigarri gisa kopak eraman dituzte. Gainera, herriko txapeldunen eskuetatik jaso dituzte: Joxean Tolosa eta Jokin Altuna aritu baitira sari  banaketa ekitaldian.

Behin pilota partidak amaituta puzgarrien txanda iritsi da, Ugarten bildu diren neska-mutilen gozamenerako.

Igandea bitarte

Festak oraindik arratsaldean eta biharko egunean jarraipena izango du.

Ikusi jarraian egitaraua:

  • URRIAK 8, LARUNBATA
    • Egun osoan, puzgarriak (12:30-14:30 eta 16:00-19:00) eta beste hainbat jolas.
    • Arratsaldean, zaldien ibilalditxoak Ugarten zehar.
    • 16:00. Mus Txapelketa elkartean (Izen ematea 15:30ean. Bikote bakoitzak 10 euro ordainduko ditu eta partaide batek behintzat herritarra izan behar du).
    • 17:30. Txokolatea bizkotxoarekin elkarte aurrean.
    • 21:00. Zahagiardoa.
    • 22:30. Ansorregi eta Larrañaga, Laja Bi eta Alabier trikitilarien erromeria.
    • Goizaldean, sokatira lehiaketa.
    •  
  • URRIAK 9, IGANDEA
    • 11:00. Meza nagusia.
    • Jarraian, txakolin dastaketa eta pintxoak plazan, trikiti doinuz alaiturik, Izer eta Narbaizaren eskutik.
    • 18:00. Herri kirolak. Jon Goenatxo harri-jasotzailea eta aizkoran, Ugaitz Mugerza eta Julen Alberdi 'Txikia'.
    • Ondoren, ingurutxoa.
    • 20:30. Sagardo dastaketa. Festak amaitzeko, Izer eta Narbaiza trikitilariak.

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!