507 kilo zabor bildu dituzte Arritzagako haranean

Tolosaldeko Ataria 2022ko ira. 27a, 11:32

Enirio-Aralarko Mankomunitateak deituta, larunbatean, 15 lagunek osatutako boluntario taldea bildu zen Arritzagako haranean, ARR19 barrunbea garbitzeko.

Felix Ugarte Elkarteko espeleologoak izan dira garbiketaren gidaritza eraman dutenak, eta parte hartu duten boluntarioen artean, Landarlan Ingurumen elkarteko, Buruntzuzin elkarteko, Aralar Bizirik plataformako eta Otsotarrak Elkarteko kideak izan dira.

«ARR19 meategia, leize itxura duen meategi estu bat da. Karbono-14 teknikarekin egindako datazioen bidez ikusi ahal izan da 2.000 urte baino gehiago joan direla ireki zutenetik, hau da, Brontze Aroko lantegia izan zela, inguru horretan aurkitu diren beste aztarna ugariren pareko», adierazi dute Enirio-Aralarko Mankomunitateko kideek. 

Meategi-leize hori mendeetan artzain txabola izandako baten alboan kokatzen da eta urte askotan bertako zaborren hustuleku izan zen. Hori dela eta, era guztietako materialak metatzen joan ziren. «Bost metroko sakoneran hasi gara lanean, eta ia bederatzi metrotaraino jaistea lortu dugu. Hau da, lau metroko sakonera hartzen zuen zabor bolumena atera dugu barrunbe horretatik. Hemen, kobre-hondarrak topatu ditugu, eta meategiaren azken zatira iritsi bezain pronto amaitu ditugu lanak, handik aurrera egin beharreko lanek, metodo arkeologikoak erabiltzea eskatzen dutelako», azaldu dute.

Lau metroko sakonera horretatik, guztira 507 kilo zabor atera dituzte; horietatik erdia baino gehiago ontzi arinak izan ziren, eta beste zaborren artean, beira, txatarrak eta kutsakorrak diren pilak eta xiringak. Kalkulatu dutenez, hondakinen %60 baino gehiago birziklatuko dute, eta gainerakoa, errefusaren ontzira botako dute. Bolumenari dagokionez, zaku gehienak metal eta plastikozko ontzi eta poltsaz bete dituztela adierazi dute. «Errefusa ere ugari topatu dugu, batez ere oinetakoz eta bereizi ezin daitezkeen hondakinez osatua. Txatarra eta beiraren kasuan, pare bat zaku atera ditugu, eta gainontzekoan pilak, bateriak eta xiringak izan dira».

Hona hemen bertatik atera dituzten hondakinen sailkapena, kiloka:

 

Enirio-Aralarko Mankomunitateak abeltzainen azpiegiturak hobetzeko materiala mendian gora garraiatzeko helikopteroen laguntza izan dute lanak gauzatzeko. «Aurten, batetik Artubi eta Aldaon arteko mailoko amildegian azienda babesteko behar den itxitura eraikiko dugu eta, bestetik, artzain txabola bat berritu dugu eta beste hiru txaboletako eskorta eta jeztokiak berreraikiko ditugu». Hemen ere auzolanean aritu dira abeltzainak, batez ere kargak prestatu, erantsi eta askatzeko lanetan. «Eskerrak eman nahi dizkiegu denei», gaineratu dute Mankomunitatetik.

Azkenik, eskerrak eman dizkiete Aralarko barrunbeen garbiketan parte hartu duten guztiei, eta mankomunitateak urtero Aralarko barrunbe bat garbitzeko helburuarekin jarraituko duela aurreratu dute.

Argazkiak: Enirio-Aralarko Mankomunitatea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!