ELKARRIZKETA

«Autorregulazioaren bitartez etorriko zaigu barruko lasaitasuna»

Imanol Garcia Landa 2022ko ira. 23a, 07:59

Joxe Ramon Mauduit (Amezketa, 1949) ia berrogei urtez aritu da haurdunaldian, erditzean eta hazierako lehen urteetan ehunka familiei laguntzen, Hazi Hazi prebentzio gunearen bitartez. Cristina Aznar emaztearekin batera jarri zuen martxan —orain hiru urte zendu zen Cristina—, eta gunearekin aurrera jarraitzeko asmoz eta gogoz dago, lantalde baten laguntzarekin.

Bizitzaren hasierako prozesu horien inguruan beste ikuspegi bat landu eta lantzen dute, eta lan horretan jarraitzen du, hainbat modutara. Izan ere, bere curriculuma ez da nolanahikoa: psikologoa, Reichiar psikoterapeuta, izaera-analitikoan psikoterapeuta, giza-sistemen ekologian prebentzioan aditua, izaera-analitikoaren psikoterapia laburrean aditua, Ukitu haur-masajean aditua eta formatzailea, eta terapeuta korporala.

Haurtzaroa Amezketan pasa zenuen. Non bizi izan zinen?

Amezketako kale-kalean, Aierbenean, orain kultur etxea dagoen lekuan. Lehen baserria zen, behiak-eta zeuden bertan, taberna ere izan zen, eta orain gauzak asko aldatu dira.

Tarteka joaten zara Amezketara.

Bai, dezentetan joaten naiz, baina batez ere Amezketako festetan. Han egiten dugu afaria, beste herrikoekin elkartuta. Jatekoa eramaten dugu eta gainontzekoa udalak jartzen du: ardoa, ogia eta gazta. Hori urtero egiten dugu.

Hainbat oroitzapen izango dituzu haurtzaro eta gaztarokoak.

Haurtzaroa oso bizia izan zen. Garai hartan, eskolan batez ere, egoera oso berezia zen: harrigarria zen nola maisuak ez zekien euskaraz eta guk ez genekien erdaraz. Perpaus gramatikalak egiteko-eta sekulako estutasunak pasatzen genituen. Bestalde, biltzeko leku onena kalean izaten genuen. Ez da orain bezala, orain jendea leku batean biltzen delako. Gu kale guztian ibiltzen ginen, bai gora, bai behera, alderdi guztietan. Gurasoak ez ziren kezkatzen; erabat gure erara bizi ginen, eta jolasera ateratzen ginenean, ez zekiten nondik genbiltzan, baina sumatzen zuten, nolabait han inguruan bizi ginelako.

Hazi Hezi prebentzio gunea sortu zenuen Cristina Aznar zure emaztearekin batera, 1986an.

Bai, eta gaur egun ere jarraitzen du zentroak. Donostian dago, Portuetxe kalean. Intxaurrondon hasi ginen, Villa Paz etxean, aurretik 20 urtez Txillida bizi izan zen etxean.

Zer esan nahi duzue prebentzio hitzarekin?

Etorkizunari begira gure osasunak oinarriak izatea nahi badugu, oinarri horiek landu behar direla oso garbi ikusten da, eta gero eta garbiago gainera. Prebentzioak aurreikustea ekartzen du. Haurraren hezte prozesuan gurasoek haurrari asentu ona emanez gero, eragina izango du, autoestimua hor hasten baita; ikertzaile guztiek horrela erakutsi dute. Badago esaldi bat dioena haurtzaroa helduaren aberria dela. Honela, gaur egun poliki-poliki garrantzia ematen zaio haurrak bizitzen duen egoerari, bizitzen duen prozesuari. Haurra sistema nerbiosoaren aldetik —programazio neuronala deitzen zaio ondo hornitua baldin badator, behar duen laguntza eta babesa jasotzen badu, oinarriak jarriko dira. Haurrak akonpainamendua behar du, hau da, amaren instintua, eta aitaren babesa, eta bien arteko lanarekin haur horrek jasoko du bere oinarria. Haur horrek baldin badauka gurasoengana hurbiltzeko erraztasuna, hau da, haurrak behar duenean beraiengana joaten bada eta horrek iraungo du lehendabiziko hiru urte edo hiru urte eta erdi inguru arte, gero sortuko da nolabaiteko erreferentzia diferidoa deitzen zaiona: ama inkorporatuta dauka, aita inkorporatuta dauka, eta orduan beraiengana hurbilduko da beharra duenean. Hartu du bere segurtasuna. Eta Hazi Hezin zortea izan dugu, urte guzti hauetan prozesu horiek ikusi ahal izan ditugulako, taldeak izan ditugulako haurdunaldiak hasi eta haurraren lehen urteetaraino.

Hazi Hezitik ehunka familiari lagundu diozue haurdunaldian, jaiotze prozesuan, eta haurraren lehenengo urteetan.

Bai, eta orain ere formazioa antolatuta dugu. Izan ere, ikusten da gurasoak haurdunaldiko ikastaroetara etortzen direnenean, bikotearen artean beraien irizpideak bateratu egiten dituztela, eta jabetzen dira haurraren gaitasunak zeintzuk diren. Jaio eta segituan egoten gara prest edozer gertatuta ere, beraiek hartu dezaten oinarri on bat, haurrarekiko harremana kokatuz eta sendotuz. Eta orduan ikastaroak bihurtzen dira oinarri bat hazierarako.



Guraso izango direla kontuan hartuta, haurdunaldia, erditzea eta haurraren lehen urteak indartsuak izango dira. Nola aurre egin?

Gehienak ilusioz datoz; haurdun geratuta, haurra izateko prest, eta beste munduko espektatibarik gabe. Gurekin dauden bitartean, informazioa emango diegu, eta ez bakarrik informazio mentala, kognitibo hutsa. Praktika ere landuko dugu: beraien artean masajea eman, ikasi masajea nola eman, erditzeko unean zer postura erabili, zer laguntza behar duen bakoitzak... Beste kontu bat ere aztertzen dugu, gaur egun gero eta garrantzia gehiago duena, bikote banaketa kopuruari erreparatuz; haur da, bakoitzak zer-nolako zailtasunak dituen lantzen dugu. Idatzi bat egitea eskatzen diegu, adieraziz zertan nahi duten lagunduak izatea. Umiltasunetik hasten dira, bakoitzak bizi dituelako bere beharrak; inor ez da beste inor baino gehiago, momentu batean edo bestean denok baititugu zailtasunak. Eta zailtasun horiek kontuan izatea eta hor ez gelditzea, horrek ematen die indarra. Hau guztia babes garrantzitsu bat da.

Haurdunalditik hasita, zer garrantzia dauka eta nola landu izan duzue?

Cristinak ikusi zuen zer ezberdintasun zeuden erditzeko unean, Afrikan eta hemen. Afrikatik etorri zenean bera hasi zen erditzeetan laguntzen, etxeetara joanez. Erditzearen aurreko hilabeteetan gurasoekin hitz egiten zuen, lehendabizi bakarka, baina jende gehiago elkartzen hasi zenean, taldeak sortzen hasi zen. Erditzearen ondoren, gurasoek laguntza eskatzen jarraitzen zuten. Orduan Palman (Balearrak) zegoen, eta horren antolakuntzan hasi zen. Palman Wilhelm Reichen lana ezagutu zuen. Gero, Donostiara etorri zen, eta lan horretan hasi zen, eta bera eta ni talde moduan hasi ginen. Haurdunalditik hasi eta jarraipena ematen genion. Gu zenbait kongresutan ibilita geunden, eta motrizitatearen bitartez, zazpi mugimenduko prozesu baten bitartez haurra zutik nola jartzen zen ezagutu genuen. Orduan motrizitateari ere garrantzia ematen hasi ginen, eta gertatzen diren prozesu horiei bere lekua ematen: haurrek nola garatzen zuten bere motrizitatea, nolako harremanak zituzten gurasoekin, nola errazten edo zailtzen ziren... Haurdunalditik hasi ginen, eta gero bizitzaren hasierako beste une eta prozesuak lantzen joan ginen. Gaur egun, horrez gain, gurasoak umerik gabe dauden taldeak izatera iritsi gara; ni beraiekin egoten naiz, eta haurrak psikomotrizista batekin.


Cristina Aznar eta Joxe Ramon Mauduit.


Eta zergatik jotzen zuen zuengana?

Garai hartan ez zegoen haurdunaldia eta erditzea prestatzeko talderik osasun zerbitzuan. Gizarte Segurantzak ematen zuen laguntza, baina sentitzen zuten ez zela nahikoa, eta entzuten zutenean bazegoela prestatzeko leku bat, etortzen hasi ziren. Gero, etortzen zirenak zabaltzen zuten besteengana informazioa eta poliki-poliki etengabe etortzen hasi ziren.

Erditzearen prestaketan zeri ematen diozue garrantzia?

Lehenbizi elkarrizketa egiteari. Badakigu hori oso garrantzitsua dela. Hau da, bikotea osasun aldetik nola dagoen, bere bizitza prozesua nolakoa izan den, nolako erditzea izan duten, bularra zenbat hartu zuten... Jabetu ginen jende askok ez zituela ideia horiek inkorporatuta. Haurdunaldian, bideoak jartzen genituen zenbait lekuetan erditzeak nola ematen ziren erakutsiz, bularra ematearen garrantzia, esneak zer ezaugarri zituen, noiz arte zen ona ematea... Gure zentrotik ateratzen zirenean, bularra emateko arrazoiak oso garbi zituzten. Erditzera ospitalera joaten zirenean, kuriosoa izaten zen, bertako emaginak esaten baitzien: «Aiba! Zuek Cristina eta Ramonen zentrotik zatozte. Biok zaudetelako murgilduta erditzean, elkar babesean zaudete, zuek arduratzen baitzarete zuen prozesua bizitzeaz, ez baituzue bideratzeko beharrik...».

 

«[Erditze ondoko] une horiek oso kontuan hartu beharrekoak dira, eta oraindik une horietan oso atentzio eskasa dago»



Gero, erditu ondoren, gurasoek edozer arazo baldin bazuten haurrarekiko harremanean, laguntza eskaintzen genien. Erditzea zaila izan bazen oso erne egoten ginen. Esaterako, forzepsak edo bentosa erabili behar izan baziren, ama askori zailtasunak sortzen zitzaizkion bizipen horiekin, konfiantza galtzea esaterako. Bagenekien gurasoak, amak batez ere, ez zirela lasai sentitzen eta haurrarekiko harremanean horrek eragina izango zuela. Gainera, haurra forzepsak, espatulak edo bentosarekin jaio bazen, haurrak mina izango zuen. Orduan, lehendabiziko egunetik haurra ukitzen hasten ginen, ikusiz nola adierazten zuen min hori. Hasten ginen poliki-poliki masajea ematen eta antzematen, lehenik, mina sentitzen zuen lekua, gero ukitzea onartuko zuen. Haurdunalditik laguntza eskaintzea onurak ekartzen ditu eta aseguratzen du ama eta haurraren arteko harreman hori segurua izatea.



Eta erditzearen uneak zer garrantzia du haurrarentzako?

Haurra izan eta zuzenean amarekin jartzeak onurak dakartza; garbi erakusten dute horren inguruan egin diren hainbat ikerketek. Amak prozesu horretan haurrarekiko harremana sendotzeak, ukimen zuzena izateak, berarekin egoteak, horrek sortzen dizkion sentsazioak sentitzeak haurrarekiko lotura erraztuko du. Honela, Ikerketa pila bat eginda daude, eta garbi ikus daiteke erditzeko momentu horiek askoz gehiago errespetatu behar direla. Gaur egun gaiaz asko hitz egiten da, mobilizazio handiak sortu dira, baina halere, inertziak harrapatuta, ospitale askotan jarraibide horiek ahaztu egiten dira, ez zaie behar besteko garrantzirik ematen. Emozioen ikuspegitik oraindik ere ez da batere kontuan hartzen. Bada, konexio horri indar gehiago eman behar zaio, amaren eta haurraren arteko konexio hori askoz egoera hobean bizitu dezaten.



Zuek ere laguntzen zenuten etxeetako erditzetan?

Bai, eta oso polita izaten zen. Aztertzen genuen etxeko egoera nolakoa zen, arazoak ote zeuden ama eta haurraren artean. Horretan Cristina oso tematia izaten zen, ez baitzen joaten etxetik ama eta haurra lasai zeudela ikusi arte. Egoera batzuk estres handikoak bihurtzen zirenean, amaren konfiantza lantzen genuen, eta haurrak masajeen bidez kontaktuan sakonduz, biak lasai geratu arte ez ginen joaten. Guretzako lehendabiziko une horiek oso kontuan hartu beharrekoak dira, eta oraindik une horietan oso atentzio eskasa dago. Lotura sortzearen inguruan, haurdunalditik hasi eta jarraipena emanez, oraindik oso lan gutxi egiten da eta honek indarra hartu behar du etorkizunean.

Haurrari, erditzean, komeni zaio amaren gorputzetik bere kabuz bidea egitea, laguntza artifizialik gabe?

Ondo egoteko lehendabiziko modua bakoitza bere gorputzean ondo egotea da, dio esaldi batek. Haurrak hasten baldin badira hasieratik estresa bizituz, beraien esperientzian kokatuta geratuko da estres hori. Berak ez daki estresa duela, baina estres horrek eragina du, eta horretaz ez bagara konturatzen eta ez badugu zuzentzen, haurrarengan zenbait prozesu alteratu inkorporatuta geratuko dira. Horregatik sendotzen ditugu amarekin, aitarekin, eta haurrarekin lehendabiziko egunetako harremanak. Haur horrek har dezan bere lekua, eroso sentitu dadin, adieraz dezan mina duenean, adieraz dezan beharra duenean, eta elkarrekikotasun enpatikoa esaten zaion hori bidean jarri dadin. Hori bidean jartzen denean, orduan badakigu ama eta haur horren artean konfiantza dagoela, eta konfiantza hori lantzen doa hasiera batetik. Autoestimua badago munduan, horrelako prozesuak errespetatzen direlako, aurrera jarraitzeko oinarriak ondo ezartzen direlako.



Lehen hilabeteak etorriko dira ondoren. Edoskitzea, haurrarekin batera lo egitea, soinean eramatea... Hau da, kontaktuari eta konexioari jarraipena ematea, besteak beste.

Hor bada aipatu beharreko kontu bat: gizonaren egitekoa. Zer egiten du gizonak? Gure taldeetan bikotea da heziketaren prozesuaren arduradun; biak dira arduradun, ez bata bestea baino gehiago. Bakoitzak nahi du haurra osasuntsu egotea. Amari begiratzeaz gain aita kontuan hartzea eskatzen dugu, aitak ere bere osasuna zaindu behar du eta biak egon behar dira osasunez ondo. Hori esan eta gero, gaur egun beste gaitasun bat ari da gauzatzen: aitaren kolaborazioa. Aitak nahi badu bere haurra osasuntsu izatea, ez du beste erremediorik amarekiko harremanean bien arteko babesa bilatzea baino. Eta hor gizonaren lekua askoz ere garbiago kokatu da. Lehen gizona kanpoan geratzen zen askotan, baina gaur egun hori dena aldatu egin da.

Terapeuta korporala zaren heinean, haurraren hazieran motrizitateak duen rolari ere bereziki erreparatzen diozu.

Oraindik ere, medikuntza ofizialean, arazoren bat badago haurrak neonatologiara eramango dira. Haurrak umetokian postura fetala izaten du, baina jaio eta gero haurrak erabat atzeraka egiten zuela konturatu nintzen. Garbi ikusten da ibilbide hori bere gorputzaren malgutasunean kokatua dagoela. Ahotik ipurdiraino ditugu konduktuak, eta horko ibilbide horretan badira eztarriko minak, hiatoko hernia..., zenbait gaixotasun agertzen dira. Haurrari ematen bazaio aukera bere gorputzari biraketak egiteko, bere gaitasun hedagarri guztia bideratzeko eta bere artikulazio guztiak zaintzeko, haurrak esperimentatuko du bere gorputzak mugimenduak bai barrura eta bai kanpora asetzen dituela. Orduan, mugimendu peristaltiko horiek modu sendoan emango dira, eta bere funtzioa beteko dute. Hortik hasiko gara aztertzen lehendabizi haur baten hezte prozesuan bere gorputzaren beharrak nola asetzen dituen, nola azaltzen dituen minak eta molestiak... eta horrenbestez erabakiko dugu nola eragin horretan. Hasieratik konturatzen bagara haurraren gaitasunak nola adierazten diren, jakingo dugu zertan lagundu behar zaion. Eta hori da, nire ustez, gaurko egunean oraindik ere ez dagoena medikuntza ofizialean bideratuta. Oraindik ere gauza asko daude egiteko, eta guk izan dugu aukera haurrarekiko harremanean horiek denak ikusteko. Pertsona heldu batekin bezala, haurrarekin ere hori planteatzean, deskubritzen joan naiz zenbat gauzetan lagundu daitekeen, haur hori hasieratik ekartzeko osasunaren bidera.

 

«Gauza asko praktikara eraman genituen, eta orain, egindako lan guztia akademikoki jasotzen ari naiz»



Urte guzti hauetan ikusi izan duzue proposatuko prozesu eta bide horiek zer eragin izan dituzten haurrengan. Zer da azpimarratzekoa?

Bi gauza daude azpimarratzekoak. Alde batetik, motrizitateari dagokionez, haurrak bere berezko prozesuak gauzatzean, motrizitatea ondo erabiltzen duen behatu behar da. Haurrak egiten duen prozesuan, mugimenduak aztertu eta zertan lagundu behar zaion kontuan hartu behar da. Motrizitatearen aldetik, garapenaren aldetik, zenbait gauza bideratu behar dira, eta lagundu behar zaie gurasoei ikusten haur horrek egiten dituen mugimenduak bere bizitzaren prozesuaren parte direla edo zailtasunen bat antzeman daitekeen.

Gero, edoskitzearen aldetik, batzuek esango dute haurrak eskatzen duen arte luzatu behar dela; eta beste batzuek Munduko Osasun Erakundeari egingo diote erreferentzia, bi urte arteko epea hartuz; beste batzuek, amak lana egin behar badu, bularra eman beharrean kentzea erabakiko dute. Horrelakoetan ikusten da jendeak ez duela ezagutzarik bularraren garrantzia norainokoa den. Bularra ez da soilik jaten ematen duena; bularrak balio du haurraren barrena asetzeko, bere kokapena, bere geldiunea emateko eta bere burmuinaren osatzean laguntzeko. Hiru urte edo hiru urte eta erdira arte luzatuko genuke bularrarekin jarraitzea; adin horretan gertatzen da haurra hasten dela beste gauzak erabiltzen, eta erabilera modu horiek aberasten doazen heinean, bularra uzten joaten da. Ama batzuk ez dute bularra emateari utzi nahi, ohitu da bularra ematera eta hor jarraitzen du. Horrelakoetan ama horri laguntzen diogu ulertzen haur horri beste gaitasun batzuk garatzeko eta bularra uzteko gai dela. Haurra kontuan hartu behar da eta lagundu behar da pauso hori ondo ematen. Bigarren haur bat jaio bada, zaharrenak erregresio bat egin dezake. Erregresio hori egitean, ama prest badago eta laguntzen badio haurrari bularrera etortzen, haurra berriro denboratxo bat eta gero bularra uzten hasiko da. Ahal den guztia egin behar da ulertzeko haurraren hezte prozesuan eta gaitasun prozesuan, egokitzapen horiek nola egiten diren. Prozesu hori ondo ematen bada, haurrak bere segurtasuna ziurtatuko du.

Autorregulazioaren kontzeptua nabarmendu izan duzue; hau da, haurrak oinarri bat izatea zailtasunei aurre egiteko.



Autorregulazioaren kontzeptua Wilhelm Reichek egindako lanetik hartu dugu. Cristinak eta biok terapia reichiarra jaso eta gero, ikasketak ere egin genituen eta bere teoriak aplikatzen joan gara prozesuetan. Autorregulazioarekin etorkizunera begira erronka izugarria dugu. Autorregulazioaren bitartez etorriko zaigu barruko lasaitasuna, eta horrek ekarriko du menpekotasun egoerarik nahi ez izatea, ezta beste inori okerrik egiteko asmorik ez izatea ere. Eskoletan izaten dira akolitoak eta liderrak. Hauek askotan izaten dira bere buruarengan segurtasunik ez dutenak, eta bere joera izaten da burla egingo dioten norbait bilatzea. Autorregulazioan hezi diren haurrek ez dute horretan sartu nahi, badakite horrelako dinamiketan sartzen badira beraiei eragingo diela, eta horrek menpekotasuna eskatzen duela, sufrimendua, eta ez dute nahi horrelako hartu-emanik izan.

Hazi Hezik prebentzio gune bezala jarraitzen du, eta zuk, horretaz aparte, kontsulta eskaintzen duzu, psikoterapeuta edota gorputz terapeuta bezala, ikuspegi ezberdinetatik...

Ikuspegi zabal bat landu dudanez, pertsona bakoitzaren beharrak zeintzuk diren ikusten ditut, eta lehendabizi begiratzen dut zer indartu behar duen eta hori lantzen dugu. Prebentzioko lanetan ere jarraitzen dut, taldeak gidatuz. Cristina orain hiru urte eta erdi zendu zen, eta hil aurretik pentsatu nuen, osatuz gero edo hilez gero ere, hasiko nintzela egindako lan guztia akademikoki jasotzen. Ez genuen lan hori aurretik egin. Gauza asko praktikara eraman genituen, eta orain, beraz, egindako lan hori guztia akademikoki jasotzen ari naiz.



Epe motzean erretiroa hartzeko asmorik baduzu?

Eginkizunak ditut bukatzeke, eta horiek egiteko arrazoiak asko motibatzen nau. Lan egiteko modua atsegin zaidanez, hor jarraitzen dut. Etorkizunari begira, eta bizitzen ari garen egoera kontuan izanik, oso garbi ikusten dut bizitzaren hasieran landutako oinarri on batek ekarriko duela gizartea orekatzea eta zentzu bat ematea. Une honetan zentzua galduta dago: ikasketek-eta ez dituzte pertsonak bideratzen bere beharrak asetzera, ikasketak memorizatzera bideratuta daude. Teknologikoki sekulako emaitzak lortu ditugu, industrializazioak ekarri zuen egituratze modu bat, eta modu horrek lan mekanikoa sortu du, baina orain bideratu behar dugu zentzumenen bizimodua; konturatuz zer munduan bizi garen, eta bakoitzak bere ardurak dituela eta egiten dugun horrek bere ondorioak dituela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!